euskaraespañol

Zerk eragiten dio ikasleen errendimenduari?

«Eredu emozionalek eta kognitiboek azaltzen dute ondoen ikasleen errendimendua», nabarmendu du Sandra Cidek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/22

Irudia
Sandra Cid. Argazkia: UPV/EHU

Sandra Cid UPV/EHUko doktoreak Gaitasun kognitiboen eta emozionalen eragina derrigorrezko bigarren hezkuntzako eta oinarrizko lanbide heziketako ikasleen errendimendu akademikoan izeneko tesia egin du, galdera honi erantzuten saiatzeko: zerk baldintzatzen du ikasleen errendimendua?

Azterlanaren helburu nagusia da ikasleen gaitasun kognitiboak ebaluatzea, arretan, memorian eta plangintzan oinarrituta, eta gaitasun emozionalak, adimen emozional indibiduala eta taldekoa eta autoestimua nabarmenduta. Eta, horrela, ikasleen errendimenduari nola eragiten dioten azaldu ahal izatea.

Tesi honek belaunaldien arteko arrakala gainditu nahi du, ikasleen profil berriari dagokionez. LOMCE legearen arabera, neurogarapena barne hartzen duen eredu pedagogikoa behar da, hezkuntzan bazterkeriarik ez egoteko eta eskola-porrotaren atzean egon daitezkeen arrazoiak azaltzeko. Horretarako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako eta ikastetxe pribatu eta hitzartuetako ikasleek parte hartu dute; hain zuzen ere, 14 eta 19 urte arteko 336 ikaslek (138 emakumek eta 198 gizonek).

Ikerketa honekin zehaztu ahal izan da, kognizioari dagokionez, DBHko ikasleek oinarrizko lanbide heziketako (OLH) ikasleek baino plangintza handiagoa daukatela. Halaber, memoria eta arreta hobea dute, eta argitzen du neskek gainerako ikasleek baino memoria hobea daukatela.

Emozioei dagokienez, DBHko ikasleek, oro har, OLHko ikasleek baino autoestimu orokor, pertsonal, akademiko eta familiar handiagoa daukate, baita adimen emozional handiagoa ere. Gainera, arlo horretan, mutilek daukate emakumeek baino autoestimu-maila orokor eta pertsonal handiagoa.

Laburbilduz, «aldagai kognitiboak eta emozionalak ikasteko gaitasunaren eta joeraren oinarrian egon daitezke. Azterlan honek erakusten du eredu emozionalek eta kognitiboek ezin hobeto azaltzen dutela ikasleen errendimendua; hau da, aldagai kognitiboen eta emozionalen arteko elkarreraginak ikasleen errendimendu akademikoa azaltzen du, eta autoestimua funtsezko elementu emozionala izan da aurkikuntza hau azaltzeko. Horregatik, elementu horiek indartuz gero, beharbada, amaiera emango litzaioke eskola-porrotaren arazoari», ondorioztatu du Sandra Cid UPV/EHUko doktoreak.