Zientzia eta Teknologia Fakultateko hormako taula periodikoa inauguratu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/14

Taula periodikoa. Argazkia: UPV/EHU.

2019a Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea da (1869an, orain dela 150 urte, Dimitri Mendeleev zientzialari errusiarrak sistema periodikoa aurkitu zuen). Bestalde, orain 50 urte Zientzia eta Teknologia Fakultatea sortu zen. Urteurren horiek direla eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko hall-ean hiru dimentsioko hormako taula periodiko bat inauguratu da.

Bost metroko zabalera eta bi metroko altuera duen hormako taula periodiko horrek 118 beira-arasa ditu, eta horietako bakoitzean erakutsiko dira dagokion elementu naturala, eta elementu horrekin osatuta dagoen minerala eta produktu manufakturatua.

Taula periodikoa Juan M. Gutiérrez-Zorrilla eta Jose Luis Vilas Zientzia eta Teknologia Fakultateko kimika irakasleek diseinatu dute; eta Pedro Pérez eta Iñigo Llarena UPV/EHUko Arkitektura eta Obra Zerbitzuko kideak arduratu dira eraikuntzaz eta muntaiaz. Halaber, Real Sociedad Española de Química, Bizkaiko Campusa eta Zientzia eta Teknologia Fakultatearen babesa izan dute.

“Taula honekin Kimikaren irakaskuntza bermatu nahi da fakultatea konprometituta dagoen esparru desberdinetan, hala nola irakaskuntzan, ikerketan eta bokazio zientifikoen sustapenean”, adierazi du José Luis Vilas UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika irakasleak eta hormako taula periodikoaren egileetako batek.

Gainera, elementu kimikoen itxura eta natura zuzenean behatzeko aukera izango dute fakultateko ikasleek proiektuari esker. “Taula periodikoaren egiazko irudi bat proportzionatu nahi zaie ikasleei, orain arte sinbolo eta zenbaki horien irudikapen eskematiko bat eta harreman birtual bat baino ez baitute izan”, azpimarratu du Juan M. Gutiérrez-Zorrilla UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika irakasleak eta hormako taula periodikoaren egileetako batek.

App berri bat, laster

Laster, momentu honetan eraikuntza lanetan ari den app baten bidez taula periodikoaren elementu bakoitzari buruzko argibidera eta elementu horren aurkitzailearen informaziora sartu ahal izango da.

Eguerdian egin den inaugurazioan parte hartu dute: Fernando Plazaola Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak; Patxi Juaristi Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, eta José Luis Vilas Vilela eta Juan Manuel Gutiérrez Zorrilla Kimika irakasleak eta taula periodiko horren diseinatzaileak.