euskaraespañol

Robot batek dantzan ipini du Belodromoa, eskolako haurrentzako saioen inaugurazioan

2.200 haur inguruk parte hartu dute Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioan, non UPV/EHUko robotikako RSAIT ikerketa-taldeak ‘Terra Willy: planeta ezezaguna’ aurkeztuko baitu egunero, Pepper robot sozialaren lankidetza bereziarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/16

Irudia
Pepper robota eta Elena Lazkano UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea | Argazkia: Zinemaldia

Sei eta hamaika urte bitarteko 2.200 ikasle inguru izan dira 'Ikastetxeak Belodromoan' ekimenaren lehen saioan. Bertan, Pepper robot soziala izan da protagonista, eta ikus-entzule guztiak dantzan ere ipini ditu, 'Terra Willy: planeta ezezaguna' filma proiektatu baino lehen.

Donostia, zinema hiria, zientzia hiria leloarekin, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute ekimen hau 2019tik, eta haren helburua da, batetik, zientziari buruzko irudi erakargarria transmititzea, eta, bestetik, Donostiak ikerketa zientifikoarekin duen lotura sendoa bistaratzea.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, ekimen hau handikiro itzuli da ikastetxeetatik Belodromora, eta bere benetako jai-espiritua berreskuratzen duen proposamen bat ekarri du. Aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoak (RSAIT) ikerketa-taldearen lankidetza eta inplikazioa izan dira. Elena Lazkano da talde horren burua, eta Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikariak eta ikertzaileak ere izan dira. Hala, Belodromoan elkartutako ikus-entzuleei bertatik bertara azaldu diete zer ikerketa ari diren egiten Donostian robotika sozialaren alorrean.

Ikerketa-taldeak Pepper robot sozialarekin lan egiten du eta agertokira agertu denean, harri eta zur utzi ditu Belodromora joan diren haurrak. Hala, aurrez aurre egiaztatu dituzte Pepperren trebetasun guztiak, eta ikusi dute gizaki bat bezalaxe mintzatzen eta mugitzen dela, eta badakiela pil-pilean dauden abestiekin dantza egiten ere. Pepperrek autografo bat ere oparitu die Belodromoko ikus-entzuleei agur esatean, zinema-izar peto-petoa balitz bezala.

Robotika-taldearekin batera, inaugurazio-saioan izan dira DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiño, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernández eta Donostia Zinemaldiko zuzendariordea Lucía Olaciregui.

Datorren astean, astelehenetik ostiralera (hilaren 19tik 23ra), Belodromora joaten diren eskola-umeek bertatik bertara ezagutuko dute Pepper, eta, horretaz gainera, euskarara bikoiztutako 'Terra Willy: Planeta ezezaguna' filma ikusiko dute. Eric Tostik zuzendutako animaziozko film horrek haur baten kontakizuna egiten du: istripu espazial bat izan ostean, planeta ezezagun batean iraun beharko du, eta, horretarako, robot baten eta estralurtar baten laguntza izango ditu.

Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehenbiziko saio honek baieztatu du gogo handiz hartu dutela Belodromoko pantaila erraldoia; izan ere, hiru egun pasatxoren buruan bete dira ikastetxeentzat antolaturiko sei saioetarako plaza guztiak. Orotara, Gipuzkoa osoko 92 ikastetxetako 13.200 haurrek parte hartzea espero da. Eta, gaur goizean Belodromoan izan direnen aurpegi zoriontsuak ikusita, mereziko du bisitak. Bai horixe!