euskaraespañol

Zuriñe Padilla Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradututa eta goi mailako kirolaria

«Taekwondoak nahi duzun horretan konstantea izaten erakutsi dit»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/22

Irudia
Zuriñe Padilla. Argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU

Zuriñe Padillak (Basauri, 1997) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua amaitu berri du UPV/EHUn, eta gainera, ikasketak goi mailako kirolarekin uztartu ditu. Zortzi urte zituela hasi zen taekwondo egiten The Master gimnasioan. Han “familian” bezala sentitzen dela esan digu, eta 13 urte hauetan, Espainiako senior txapelduna izatea lortu duen Euskadiko gazteena izan da, eta 21 urtez azpiko Espainiako txapelketetan lau domina (zilar bat eta hiru brontze) irabazi dituen euskal kirolari bakarra. Orain, Europako Unibertsitate Txapelketa du jomugan, eta urrea lortzen saiatuko da, 2017an lortutako zilarra hobetzeko; horrez gainera, bi urre eta bi zilar irabazi ditu Espainiako unibertsitate txapelketan.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Nire ahizpari galdetu zioten ea diziplina hura probatu nahi zuen, betidanik kirol asko egin izan dituelako. Zaharrena zenez, eskuarki, hura hasten zen, eta gero nik jarraitzen nion. Aldi hartan, ordea, hark ezetz esan zuen, eta nik, baietz, eta hori da orain arte egin dudan gauzarik onena.

Taekwondon bi modalitate daude: poomsae eta konbatea. Zergatik hautatu zenuen konbatea?

Poomsaen zuk dagoeneko koordinatuta dauden mugimendu batzuk egiten dituzu, eta txapelketetan, zuk zurea egiten duzu, gero beste lehiakide batzuek egiten dute, eta azkenean bakoitzari puntuazio bat eman, eta ongien egin duenak irabazten du.

Ostera, konbatean, bata bestearen kontra lehiatzen da; kanporaketak gainditu behar dituzu, eta lehia handiagoa da. Niri gehiago gustatzen zait, poomsaen baino gauza desberdin gehiago entrenatzen direlako eta dinamikoagoa delako.

Planteatu duzu inoiz beste modalitate batean lehiatzea edo beste arte martzial batzuk egitea?

Ez, oraingoz konbatearekin geratzen naiz. Beste arte martzial batzuk egiteak ez dit inoiz erakarri. Hamahiru urte daramatzat taekwondo egiten eta oso gustura nago. Beharbada, errugbiak kuriositatea sortu dit beti.

Aldatzen ez bazara, zerbaitengatik izango da. Zer duzu gustukoen kirol honetan?

Diziplina handia ematen dizu; txikitatik sartzen dizute eta nahi duzun horretan konstantea izaten erakusten dizu. Are gehiago, denbora honetan, kirol honi esker jende asko ezagutu dut, eta gimnasio honetan guztiok familia bat osatzen dugu. Hori ez duzu edonon aurkitzen.

Zein izan zen lortu zenuen lehen sari garrantzitsua?

Espainiako lehenengo domina esango nuke, 2012. urtean. Dena den, 2014an klubetako Espainiako senior txapelduna izan nintzen, eta hor zerbait desberdina hasi zen. Oroitzapen polit bat daukat hartaz guztiaz, baina esan behar dut ere hura lortzeko lehendik lan handia egin behar izan nuela. Esan behar dut lehen konbatea giltzarria dela; nire kasuan, lehen konbatean ongi banago; hau da, kontzentratuta, besoak ongi sartzen eta gauzak ongi egiten, bada, azkenean txapelketa ongi joaten da.

Orain arte lesio gutxi izan dituzu, baina behin benetan izutu zinen, 2015ean, nazional absolutua hasteko bi aste falta zirela. Nola gogoratzen duzu hura? Nola bizi zenuen, pentsatu zenuen agian ezingo zenukeela lehiatu?

Kolpe bat izan zen saihetsean, entrenatzen ari nintzela, kide batek bermatu, biratu eta saihetsean jo ninduen. Nabaritu nuen arnasa hartzean min hartzen nuela eta handitzen ari zitzaidala, sentsazioa aski desatsegina zen. Pentsatu nuen ezingo nuela lehiatu; une horretan aski frustratuta nintzen. Azkenean, saio batzuk egin nituen fisioterapeutarekin, eta lehiatu nintzen, baina goitik behera bendatuta.

Zenbat denbora eskaintzen diozu Taekwondori?

Arlo taktikori eta teknikoari ordu eta erdi eskaintzen diot astelehen, asteazken eta ostiraletan. Eta gero gimnasiora ere joaten naiz giharrak indartzea, kardioa egitea eta alderdi fisikoa lantzea batez ere; han bi ordu inguru pasatzen ditut astearte, ostegun eta larunbatetan.

Nondik ateratzen duzu kirola eta ikasketak uztartzeko denbora?

Gaueko 9ak aldera entrenatzen du; hortaz, nahikoa denbora izaten dut unibertsitateko gauzak eta beste betebehar batzuk egiteko; maniobratzeko nahikoa tartea badut. Dena den, asteburuaren zati handi bat atseden hartzen igarotzen dut. Gakoa antolatzea da, egiten ez baduzu, azkenean ez duzu egiten, ez gauza bat, ez bestea.

Unibertsitateak kirol federatu bat egiteagatik ematen dituen erraztasunek lagundu dizute?

Bai, kredituak eman dizkidate. Kirolagatik lor daitezkeen seiak eskuratu ditut. Era berean, tutoreak ere gauzak dezente errazten dizkit; izan ere, azterketa edo praktikaren bat eta lehiaketa bat batera ematen direnean, datak aldatzen dizkit, eta hori eskertzekoa da. Horrez gainera, lehen mailan eskolak arratsaldez nituen, eta goizera aldatu zizkidaten.

Zergatik hautatu zenuen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta ez kirolari lotutako karreraren bat?

Uste dut enpresaburu sen apur bat izan dudala beti. Nire aitona-amonek negozioak zituzten, eta odolean daramat nolabait.

Ez duzu bakarrik modu federatuan lehiatzen, unibertsitate txapelketetan ere parte hartzen duzu; orain dela gutxi, Espainiako Unibertsitate Txapelketan parte hartu duzu, eta oso emaitza onak lortu dituzu.

Bai, egia esateko, nahiko ongi. Bi urre eta bi zilar irabazi nituen. Eta aurten, gainera, kategoria aldatu dut eta oraindik probatu gabe nuen kategoria berria Espainian; erronka berri bat zen.

UPV/EHUrekin modu aktiboan parte hartzea atsegin duzu?

Bai, gustukoa dut unibertsitatea ordezkatzea. Unibertsitatean lagundu behar izan den aldiro, hala egin dut, eta are gehiago nire kirolari lotuta bada.

Europako unibertsitate txapelketetan bi zilar irabazi dituzu, bat 2016an eta bestea 2017an. Orain, zer espero duzu?

Urrearen bila noa, hori da helburua, gero ikusiko dugu.

21 urte edukita, non dago Zuriñe Padillaren sabaia?

Egia esateko, ez dut planteatu ere egin. Orain arte guztia primeran joan da, eta espero dut horrela jarraitzea. Gorputzak eman bitartean, lehiatzen jarraitzeko asmoa dut.

Etorkizunean, nola uste duzu gogoratuko dituzula unibertsitatea eta txapelketak?

Unibertsitatean igarotako denbora modu positiboan oroituko dudala uste dut. Egia esateko, orain pena ematen dit, etapa hau amaitzear delako. Oso momentu onak izan dira; txarrak ere tartean, baina gutxiago.

Uste duzu Taekwondo inoiz zure lanbidea izan daitekeela denbora osoz?

Ez, ez delako futbol bezalako kirol bat, ezin zara horretaz bizi. Eskolak eman ditzakezu, zure dojoa eduki; dena den, oraingoz ez dut horrelakorik planteatu.