Nire alabak ingeniaria izan nahi du

Otsailak 11, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/11

(Beste leiho bat zabalduko du)
Argazkia: Stephen Tierney at Alike Creative

UNESCOk, 2017an, Cracking the Code: Girls’ and women’s education in science, technology, engineering and mathematics (STEM) txostena aurkeztu zuen; bertan, emakumeek zientzia eta teknologia diziplinetan parte hartzea eta lorpenak eta bilakaera izatea eragozten edo errazten duten faktoreak aztertzen dira, bai eta neskek ikasketa horietan duten interesa susta dezaketen neurriak ere.

Txostenak dakarrenaren arabera, neska askok ikasketa horiek ez egiteko hartzen duten erabakia beren gizarteko egoeren ondorioz egiten den autohautaketarako joeraren ondorioa da. Karrera hautatzeko orduan, neskatoei kontzienteki edo inkontzienteki transmititutako estereotipoek izan dezakete eragina, nagusiki familia ingurunean transmititutakoek, baina baita gizarte testuinguru zabalagoetan transmititutakoek ere.

Eskola eremuko ezaugarriak ere, antza denez, garrantzitsuak dira; izan ere, neskek zientzia eta teknologia eremuko gero eta karrera gehiago hautatzen dituzte, irakasgai horietako irakasleen artean gero eta emakume gehiago dagoelako. Izan ere, emakumezko irakasleak –irakasle onak, batez ere– erreferentziazko ereduak dira, eta neskek ikasketa horiek hautatzea sustatzen dute.

Aurreko batean esan genuenez, UPV/EHUko Zientzia Kulturako Katedraren eginkizuna ez da mugatzen herritarren arteko zientzia ezagutza sustatzera, eginkizun hori hutsean garatu eta berez justifikatuko balitz bezala. Eginkizun hori du beste interes nagusiago bategatik, zientzia kultura gehiago zabaltzeak herritar libreagoak eta beren destinoan eta beren gizartearen etorkizunean eragina izateko gaitasun handiagoa duten herritarrak egotea dakarrelako. Hori horrela, zientzia eremuan gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeak gizon eta emakumeek askatasun eremu berak eta erabakitzeko gaitasun bera izateko bide ematen du.

Testuinguru horretan oinarritzen da emakumeak zientzia eta teknologia arloetako kultura eta lanbide inguruneetan sartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko dugun interesa. Helburu horrekin argitaratzen dugu Mujeres con Ciencia eta Zientzia Kaieran "Emakumeak Zientzian" atala, besteak beste, horren bidez, emakumeek zientzia eta teknologia eremuetan egiten duten lana ezagutzera eman nahi dugu eta, horrela, emakumezko gazte ikasleen, beren familien eta, oro har, publikoaren esku jarri nahi ditugu erreferentziazkoak izan daitezkeen ereduak. Horretan datza gure eguneroko eginkizuna.

Eta, motibo beragatik, otsailaren 11 guztietan bat egiten dugu Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunarekin. 2017an, horretarako, etorkizuneko emakume zientzialarietan zentratu ginen; 2018an, merezi duten aintzatespena izan ez duten emakumeak ekarri genituen gogora. Eta, aurten, ingeniaritzako karreretara jotzeko orduan mutil eta nesken artean dagoen alde handian zentratu nahi izan dugu, bai eta arrail horretan estereotipoek duten eraginean ere.

Datuak biribilak dira: UPV/EHUn -ingeniaritzetan gehienbat- ikasketa teknologikoetan matrikulatzen direnen % 25 baino ez da emakumea. Aldiz, osasun zientzietan matrikulatzen direnen ehunekoa oso bestelakoa da (% 75). Eta, halaber, letra eta arte ikasketetan (% 60), gizarte eta lege zientzietan (% 57) eta saiakuntza eta natura zientzietan (% 50) matrikulatzen den ehunekoaren bestelakoa da, baina ez neurri beretan. Nahiz eta ehuneko horiek eta Espainiako beste unibertsitate batzuetakoak edo mendebaldeko beste herrialde batzuetakoak desberdinak izan, ziurrenik guztietan egongo dira mota horretako eta antzeko neurriko desberdintasunak. Izan ere, deskribatzen duen fenomenoa oso orokorra da.

Aurreko urteetan bezala, “Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna” ospatuko dugu eta, horretarako, “Nire alabak ingeniaria izan nahi du” bideo laburra argitaratuko dugu. Iberdrolaren laguntza izan duen bideoa, K2000k ekoitzi du eta Aitor Gutiérrezek zuzendu, José A. Pérez Ledoren gidoi batean oinarrituta.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.