Historia

Arabako Campusa hiriko zenbait hezkuntza zentro bateratzeko prozesu baten ondorioz sortu zen. Ondoren, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea martxan jarritakoan, beste ikastegi batzuk ere gehitu zitzaizkion.

Hastapena

Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (Hezkuntza) (egungo eraikina 1958an egin zen) eta Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolari (1959an jarri zen martxan) Arabako Unibertsitate Ikastetxea gehitu zitzaien, egungo Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (Kirola) barne hartzen duen eraikinean kokatua. Bertan, 1971tik aurrera, hainbat lizentziaturari zegozkion ikasketak eskaintzen ziren: Medikuntza; Kimika, Fisika eta Matematika Zientziak; eta Filosofia eta Letrak.

Beranduago, 1978an, Filosofia eta Letren Fakultatea, dagoeneko UPV/EHUren parte zela, Apaizgaitegi Nagusiaren eraikinean instalatu zen, filologiaren atal desberdinetako ikasketa planak eskainiz: filologia klasikoa, filologia erromanikoa, ingeles filologia, frantses filologia eta euskal filologia; baita geografia eta historiako lizentziatura ere. 1987ko abenduan mugitu zuten Letren Fakultatea Unibertsitateko ibilbideko egungo eraikinera.

Antzeko zerbait gertatu zen Farmazia Fakultatearekin; izan ere, 1994an garai bateko Arabako Unibertsitate Ikastetxearen eraikina utzi eta egungo eraikinera lekualdatu zen.

Flandes kuarteleko pabiloiak

Garai bateko Flandes kuarteleko pabiloi militarrak berritu eta erabilera zibilerako gaitu ziren. Hala, 1997tik aurrera, erabilera hauek eman zitzaizkien: Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea, Letren Fakultatearen beste zati bat (laborategiak eta beste zerbitzu batzuk), Campuseko Errektoreordetzaren egoitza eta Unibertsitate Pabiloia (jantokia, kafetegia, erabilera anitzeko aretoa, erakusketetarako aretoa, liburutegia, etab..).

Antzinako eraikinak hiriarentzat, eta bereziki Unibertsitatearentzat, berreskuratzeko prozesu horretan, Las Nieves babes etxea bi fasetan berritu ondoren, Arabako Campuseko Liburutegi Nagusiaren eta Ikasgelategiaren egoitza nagusi bihurtu zen 2002an.

Hilabete batzuk geroago, 2003ko otsailean, lehengo Ospitale Militarreko birgaitze lanak amaitutakoan, eraikin hori Ekonomia eta Enpresa Fakultatea bihurtu zen.

Arabako Campusaren ikuspegi orokor honetan, ezin dugu Medikuntzako Ikasgunea ahaztu. 1980an sortu zen eta, 1981erako, bere eraikina zuen Txagorritxu Ospitalearen ondoan. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ordezkaritza unitate horretan Medikuntzako 2. zikloa ematen da.

Beste unibertsitate zerbitzu osagarri batzuei dagokienez, Unibertsitate Egoitza 2001eko irailean jarri zen martxan.

Garapen berriak: ikerguneak

UPV/EHUk '2006-2010 inbertsioetarako urte anitzeko planaren' bidez ekin zien ikerketa eraikinaren lanei; batetik, Arabako Campusa I+G azpiegitura espezifikoez hornitzeko, eta bestetik, bikaintasunezko irakaskuntza eta ikerketa bermatzeko eta sustatzeko, eta ezagutza herrialdeko produkzio sarera zabaltzeko.

Lascaray Ikergunea Zientzia eta Teknologia Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek eta biozientzien eta bizi kalitatearen arloko bikaintasunezko ikerketa taldeek gero eta espazio gehiago erabiltzeko duten beharrari erantzuteko prestatuta dago.

Ondoren, 2017ko apirilean, Micaela Portilla ikergunea inauguratu zen. Bertan Giza Zientziak eta Humanitateak ikergai dituzten bikaintasunezko taldeek dihardute. Horrez gain, ikergunean daude halaber Master eta Doktoregoko Eskolaren egoitza eta Ikerketaren Arloko Errektoreordetzaren zuzendaritza bat.