Biogipuzkoa Ikerketa Institutuko Osasun Publikoko eta Ingurumen Epidemiologiako taldeak ikerketa bat koordinatu du, eta, bertan, gune berdeen eta haur eta nerabeen lan-memoriaren arteko erlazioa aztertu dute. Environmental Research nazioarteko zientzia-aldizkarian argitaratu da ikerketa, eta bertan parte hartu dute Mikel Subiza-Perez, Ane Arregi, Nerea Lertxundi eta Aitana Lertxundi lankideek.
Ez galdu honako artikulua... "Badago loturarik berdeguneen eta haur eta nerabeen lan-memoriaren artean?"
Lehenengo argitaratze data: 2025/04/01
Lan-memoria oroimena eta arreta konbinatzen dituen funtzio kognitiboa da, eta informazioa denbora laburrez gordetzeko aukera ematen du, zeregin espezifikoak egiten ditugun bitartean. Funtzio hori erabiltzen da, adibidez, hitz egiten dugunean, ikasten dugunean, arrazoitzen dugunean eta problemak ebazten ditugunean. Hainbat ikerketa epidemiologikok adierazi dutenez, bizitegi-ingurune berdeenek, hau da, zuhaitz, landaretza eta berdegune gehiago dituztenek, haurren neurogarapen hobean lagun lezakete. Ikerketa horietan, ingurune berdeagoetan bizi ziren haurrek eta nerabeek puntu gehiago lortzen zituzten adimen-probetan, lan-oroimenean eta beste funtzio exekutibo batzuetan, hain berdeak ez ziren eremuetan bizi zirenek baino. Hala ere, azken berrikuspen sistematikoek erakusten dute emaitza horiek artikuluen erdietan baino gutxiagotan baieztatu ahal izan direla.
Lan honen helburua, beraz, ebidentzia zientifiko gehiago sortzea zen, gai hau argitzen laguntzeko. Horretarako, ikerketa-taldeak LifeCycle partzuergoaren azpiegitura baliatu du, kohorte-azterketen Europako partzuergo bat, non INMA-Gipuzkoa kohortea kide den. Zehazki, bizitegi-berdetasun handiagoa 6 eta 12 urte bitarteko haur eta nerabeek lan-oroimeneko probetan lortutako puntuazioekin positiboki lotzen ote zen aztertu zen Europako hiru kohorteetan: INMA, Born in Bradford (BiB) eta Avon Longitudinal Study on Parents and Children (ALSPAC). Guztira, memoria probak egin zituzten 6.000 parte-hartzaile baino gehiagoren datuak aztertu zituzten ordenagailu bidez.
Ikerketa taldeak baieztatu ahal izan zuen ingurune berdeago baten eta INMA kohorteko parte-hartzaileentzako lan-memoria proben arteko erlazioa 6 eta 8 urte bitartean zituztenean, eta BiB kohortekoentzat 7 eta 10 urte bitartean zituztenean. Hala ere, ez zuten erlazio hori aurkitu INMAko parte-hartzaileentzat, ezta ALSPACekoentzat ere, 10 eta 12 urte bitartean zituztenean. Emaitza horiek bat datoz aurretik egindako azterketetan aurkitutakoarekin, hau da, berdeguneen eta hiriko landarediaren onura kognitiboen arteko harremana ez dela sendo. Beraz, ezin da argi eta garbi esan onuragarriak direnik haurtzaroko eta nerabezaroko garapen kognitiborako, eta horrek zuhurtzia gomendatzen du horri buruzko ebidentzia zientifikoa interpretatzean.
Izan ere, gaur egun, albiste asko ikusten dira, berdeguneek eta naturak pertsonen osasunaren alderdi askotarako dituzten onurei buruzko ikerketen berri ematen dutenak. Besteak beste, osasun mentalarekin eta neurogarapenarekin, arnas osasunarekin, jaiotzean duten pisuarekin eta beste osasun aldagai askorekin lotzen dituzten lanak daude. Hala ere, baieztapen horien atzean dagoen ebidentzia zientifikoa ez da beti nahi bezain sendoa eta unibokoa. Dagokigun kasuan, eta biztanleriaren eta osasun publikoaren ikuspegitik, ezin da segurtasunez esan berdeguneek eta hiriko landarediak garapen neuropsikologikoari eta jarduera kognitiboari ekarpen positiboa egiten dietenik.
Lanaren egileek nabarmendu dutenez, “Oso pozik gaude egindako lanagatik, Europako hainbat kohorteren datuak aprobetxatu ahal izan ditugulako, eta, beraz, nazioartean garrantzia duen lan bat argitaratu ahal izan dugulako”. Eta espero dute “emaitzek balio izatea ezagutza zientifikoan aurrera egiteko.” Gaineratu dutenez, “eskerrak eman nahi dizkiegu urtez urte ikerketan aurrera egin ahal izateko parte hartzen duten INMA familia guztiei, egindako ahaleginagatik eta parte-hartzeagatik. Kasu honetan ere eskerrak eman nahi dizkiegu Erresuma Batuko Bradford eta Bristoleko familiei, parte hartzeagatik”.
Familia boluntarioez gain, LifeCycle partzuergoa ezarri eta martxan jarraitzea ahalbidetu duten ikertzaile eta erakunde askoren lan eskergari esker eta horretarako jasotako Europako finantziazioari esker egin ahal izan da lan hau.