Edukiak

Manuel Laborde sarietan 25. urteurreneko sari berezia jaso du gure taldeak aurkeztu duen ZuBizi proiektuak

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/28

Hevea3D ekimenak eta Interphase Technologiesek irabazi dituzte 2025eko Manuel Laborde sariak

ZuBizik 25. urteurreneko sari berezia jaso du

Hevea3D ekimena eta Interphase Technologies master amaierako lana aitortu dituzte Manuel Laborde Werlinden sarien XXV. edizioan. Bi proiektuek ezaugarri komun hauek dituzte: sendotasun zientifikoa, orientazio teknologikoa eta ideia benetako heldutasun fasera eramateko taldeek erakutsitako ahalmena. Bestalde, ZuBizi ekimenak 25. urteurreneko sari berezia jaso du genero berdintasunari eta ingurumeneko osasunari egindako ekarpena dela eta.

Hevea3D ekimenak, Ekimen Berritzaile Berriaren Saria irabazi duenak, argiarekin inprima daitezkeen material elastomeriko errealen fabrikazioan egindako aurrerapenagatik jaso du aitortza. Proiektuak latex naturalarekin edo sintetikoarekin lan egiten du uretan, argi bidezko inprimaketa erabiliz kautxu bulkanizatuaren antzeko ezaugarriak dituzten pieza elastikoak lortzeko, moldeak erabili beharrik izan gabe. Ibilbide zientifiko, tekniko eta industrial handiko taldeak elkarrekin eta POLYMATekin eta Arizona State University (ASU) unibertsitatearekin elkarlanean egindako lanari esker sortu zen. Sortzaileak Xabier López de Pariza, Jon Ayestarán, Ainara Tejero eta Timothy E. Long dira, eta Haritz Sardon irakaslearen aholkularitza jaso dute. Haien ezagutza zientifikoei, esperientzia industrialari eta nazioarteko ikuspegiari esker, proiektuak balio bereizgarria du.

Sariak 7.000 euro eta egitasmoaren garapena bultzatzeko BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza jasotzen ditu.

Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak kategorian saritutako Interphase Technologies master amaierako lanak elektronika malgu eta aurreraturako material polimeriko funtzionalak optimizatzera bideratutako gainazalen eta interfazeen ingeniaritzan espezializatutako zerbitzua proposatzen du. Proiektua Andrés Mosquerak garatu du Polymers and Soft Matter talde barruan Materialen Fisikako Zentroan (CFM), Jon Maiz Sancho eta Alberto Álvarez Fernándezen zuzendaritzapean.

Kategoria horrek 3.000 euroko laguntza eta egitasmoa aurrera eramateko BIC Gipuzkoaren laguntza jasotzen ditu.

Sari berezia

25. urteurreneko sari berezia, 3.000 eurokoa, ZuBizi proiektuari eman diote. Proiektu horrek ikerketa zientifikoa eta gizartea lotzen ditu One Health ikuspegitik, eta ingurumena, osasuna eta desberdintasunak ardatz hartuta. Izaera berritzailea eta diziplinaz gaindikoa du, eta, horri esker, osasun publikoa hobetu, ingurumen desberdintasunak murriztu eta herritarren kontzientzia susta daiteke, eta ingurumen osasunean eta herritarren zientzian erreferente gisa finkatu da.