Edukiak

Zarataren aurreko erantzuna Europako hainbat herrialdetako haurretan aztertu du Biogipuzkoako ikertzaile-talde batek

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/07

Ingurumen-zarataren eta haurren kortisol-mailaren arteko harremana aztertu duen Europa mailako ikerketa bat koordinatu dute Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Osasun Publikoa eta Ingurumen-epidemiologia taldeko ikertzaileek. Ane Arregi, Gonzalo Garcia-Baquero, Aitana Lertxundi, Mikel Subiza-Pérez, Oscar Vegas eta Nerea Lertxundi ikertzaileek parte hartu dute lan honetan eta emaitzak Environmental Research nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.

Zaratarekiko erreakzio-ereduaren arabera, zaratak estres-erantzun bat sortzen du. Zehazki, zaratak ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala eta nerbio-sistema sinpatikoa aktibatzen ditu. Sistema horiek aktibatzen direnean, estresaren hormonak askatzen dira gorputzean, adibidez kortisola edo adrenalina. Gorputzak hainbat mekanismo ditu estres-erantzun horretatik hasierako egoerara itzultzeko, baina estresatzailearen presentzia denboran luzatu eta kroniko bihurtzen bada, gorputzak errekuperatzeko gaitasuna galtzen du. Fenomeno hori gainkarga alostatiko izenez ezagutzen da. Frogatu da estres kroniko horrek hantura kronikoa eragiten duela, immunitate-sistema eta sistema metabolikoa kaltetzen dituela, hesteetako mikrobiomari eta egun-gau zikloaren erregulazioari eragiten diola eta arazo kardiobaskularrak sor ditzakeela.

Ingurumen-zaratak estresean nola eragin dezakeen ikusteko, kortisol-mailan duen eragina aztertu izan da, hainbat lagin biologikotan neurtuta. Alde batetik, odol-, listu- eta gernu-laginetan neurtutako kortisol-mailak estres akutuaren indikatzaile dira. Beste batetik, estres kronikoari dagokionez, azken urteotan nabarmenki handitu da ilean neurturiko kortisol-maila erabiltzeko joera, estres kronikoaren eta ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenalaren aktibitatearen indikatzaile bezala.

Estres akutuari dagokionez, askotariko emaitzak lortu dira: zenbait ikerketek ondorioztatu dute kortisol-maila handiagoa zutela zarata altuenpean bizi diren parte-hartzaileek. Beste ikerketa batzuek, ordea, ez dute halako emaitzarik lortu. Estres kronikoari dagokionez, ikerketa honen aurretik bi dira aldagai hauek aztertu dituzten lanak: batean ez zen erlaziorik aurkitu 14-15 urteko nerabeetan; eta bestean, INMA-Gipuzkoako haurrekin egindakoa, ingurumen-zaratarekiko esposizio handiagoa kortisol-maila txikiagoekin zegoen erlazionatuta.

Ondorioz, emaitza argien faltak bultzatuta, lan honen helburua izan zen ingurumen-zaratak haurren kortisol-mailan zuen eragina aztertzea. Horretarako, ATHLETE (Giza bizitzaren lehen urteetako exposomaren ikerketa eta itzulpenerako aurrerapen-tresnak – Advancing Tools for Human Early Lifecourse Exposome Research and Translation  ingelesezko hitzetatik) proiektu europearraren datuak erabili dira. Proiektu hau kezka batetik sortu zen: bizitzaren lehen urteetako zaurgarritasuna ingurumen-faktoreekiko eta esposizio horren ezagutza garatzeko dagoen lanabes falta. Horrela, proiektu hau eratu zen dagoeneko osatuta zuden hemezortzi  kohorteekin, besteak beste, proiektu honen parte da ikerketa talde honek urte luzeez landu duen INMA kohortea.

18 kohorte hauetatik 8 kohortek zuten kortisolaren informazioa. Seietan, HELIX izeneko proiektuaren baitan daudenetan, hau da,  BiB (Erresuma Batua), EDEN (Frantzia), KANK (Lituania), MoBa (Norvegia), Rhea (Grezia) eta INMA-Sabadell kohorteetan gernuko kortisol-mailak zeuden eskuragarri; eta Generation R (Herbehereak) eta INMA proiektuko Gipuzkoako eta Sabadelleko kohorteetan, aldiz, ileko kortisol-mailak. Esan bezala, gernuko kortisola estres akutuaren indikatzailea da, eta ileko kortisola, ordea, estres kronikoarena. Beraz, analisiak paraleloki egin ziren bi datu-multzoekin.

Emaitza nagusia izan zen ez zegoela erlazio esanguratsurik ingurumen-zarataren eta ileko kortisol-mailaren artean. Gernuan neurturiko kortisolari dagokionez ere, emaitzak antzekoak izan ziren: ez zen ikusi ingurumen-zarataren eta kortisol-mailaren arteko erlaziorik.

Ikertzaile-taldeak azaltzen du lortutako emaitzek ez dutela zertan adierazi nahi aztertutako aldagaien arteko loturarik ez dagoenik. Hainbat izan daitezke emaitza honen arrazoiak: Alde batetik, ingurumen-zarataren estimazio ez zehatz batek azal lezake emaitza hau. Izan ere, ingurumen-zarata parte hartzaileen etxebizitzetako fatxadan estimatu zen, eta zarata-maila horrek ez du zertan haurraren zaratarekiko egiazko esposizioaren adierazle izan behar, ez baita kontuan hartu beste kontestu batzuetan jasandako esposizioa. Horrez gain, zaratarekiko norbanakoaren pertzepzioa faktore garrantzitsua da ingurumen-zaratarekiko esposizioak kortisol-mailan duen eragina aztertzeko.

Ingurumen-zaratak osasunean zein eragin duen ondo ulertzeko, estres kronikoaren biomarkatzaileetan nola eragin dezakeen aztertzea garrantzitsua da. Ikertzaile-taldeak proposatzen du ilean neurturiko kortisola ingurumen-estresatzaileen eta kortisol metatuaren mailen arteko erlazioa ikertzeko tresna baliagarria dela. Hala ere, etorkizuneko ikerketek estresaren eta hantura kronikoaren biomarkatzaile gehiago gehitzea ere garrantzitsua da, hala nola beste estres-hormona batzuk edo immunitate-sistemaren biomarkatzaileak. Ikuspuntu honetatik, interesgarria da karga alostatikoaren puntuazio osoa. Indikatzaile honek biomarkatzaile neuroendokrinoak, immuneak, metabolikoak eta kardiobaskularrak biltzen ditu. Estres kronikoaren adierazle osatu bat erabiltzeak, informazio baliotsua eman lezake.

Amaitzeko, aipatzekoa da oso garrantzitsu dela ingurumen-zaratak osasunean zein eragin duen aztertzen jarraitzea, izan ere, zarata etengabe presente dago gaur egun. Izatez, osasunean eragiten duen bigarren ingurumen-faktore garrantzitsuena denez, aire-kutsaduraren eragina ikertzea, garrantzitsua da. Osasunaren Mundu Erakundearen eta egin diren ikerketen arabera, zarata-maila altuen eraginpean egoteak, zarata-narritadura, lo-arazoak, garapen kognitiboaren narriadura, diabetesa bezalako gaixotasun metabolikoak eta arazo kardiobaskularrak eragiten ditu. Gainera, haur eta nerabeak zaratarekiko zaurgarriak egiten dituien bizi-etapa batean daude. Hau da, talde zaurgarri egiten ditu hazkuntzarako eta garapen kognitiborako etapa sentikorrean ingurumen-zarataren eraginpean egoteak. Gainera, ez dituzte helduek bezain garatuta zaratari aurre egiteko estrategiak eta ondorioz, zarataren gaineko kontrol gutxiago dute. Horregatik da garrantzitsua da ingurumen-zaratak haurren osasunean duen eraginaren inguruan ikertzea eta emaitzak hauek gizarteratzea. Izan ere, ingurumen-zaratarekiko jakintza zabaltzeak guztien onurarako izango diren praktikak sustatu ditzake jendartean.

Ikertzaileen esanetan “Izugarrizko aukera izan da ATHLETE bezalako proiektu europar baten baitan ikertu ahal izatea, izan ere, horri esker, ikerketa-lagina asko handitzen da. Hala ere, hain lagin handiarekin lan egiteak lan gehiago ere eskatzen du.” Ane Arregi doktoreak, ikerketako lehen egileak, aitortzen du “Pertsonalki, asko disfrutatu dudan ikerketa bat izan da, izan ere, interes berezia dut ingurumen-zaratak osasunean eragiten duen mekanismoa ulertzeko”.

Lan hau posible izan da aztertu diren kohorteetan parte hartzen duten haur eta gurasoei esker; eta kohorte horiek kudeatzen dituzten ikertzaileen lanari esker. Gainera, lan honek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren diru-laguntza izan du (PRE_2020_1_0182).