Eduki publikatzailea

Emakume zientzialariak

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Bibliotekako erakusketa (Eibar): 2026ko otsaila – apirila

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/27

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko abenduaren 22ko ebazpen baten bidez Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze osoa eta bidezkoa izan dezaten sustatzeko eta genero-berdintasuna lortzeko STEMen (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika).

Aurten, 2016ko otsailaren 11n lehenengoz ospatu zenetik 10 urte betetzen direnean, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalean, Berdintasun batzordea eta Bibliotekako lankideek, batera elkarlanean, erakusketa hau prestatu nahi izan dugu. Bertan, historian zehar emakumeek izan duten ekarpen batzuk argitara ekarri nahi izan ditugu liburuen eskutik.

Ekarpen hauek hiru atal nagusitan banatu ditugu: lehenengo atalean, modu orokorrago batean, emakumeek talde bezala izan duten eraginari buruzko lanak aurki daitezke. Bigarrenean, bereziki nabarmendu diren emakume indibidual batzuei buruzko lanak ditugu eta, azkenik, hirugarren atalean, zientzia, teknologia eta ingeniaritzan irakaskuntzara bideratutako emakumeek idatzitako testu-liburu batzuk dauzkagu ikusgai.

Espero dugu erakusketara hurbiltzen zareten guztiok zerbait berria ikasi edo ikusteko aukera izango duzuela, edo beste barik, zientzian lan egiten dugunon guztion ekarpenak prisma edo ikuspegi berri batetik begiratzeko aukera izatea.

Erakusketa honetarako materiala biltzeko orduan lagungarri izan zaigu Bizkaiko Campuseko Bibliotekan 2019an egin zuten erakusketaren materiala, eskerrak hemendik lankideei.