Eduki publikatzailea

José López Zanón. In memoriam

Erakusketa Gipuzkoako Campuseko Liburutegian

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/06

2025eko azaroaren 17an hil zen José López Zanón arkitektoa, 99 urte zituela. 1926an Ferrolen jaioa, arkitektura funtzional, argi eta zorrotzarekin konprometitu zen. Bere lanak eragin germaniar nabarmena zuen, herrialde hartan egindako egonaldiagatik une hartako korronte berritzaileenekin harremanetan jarri baitzen, bereziki Bauhausekin lotutakoekin. Madrilgo Arkitektura Eskolan titulatu zen 1954an. Eskola horretan bi urte geroago sartu zen irakasle, eta 1968an Hirigintza katedra lortu zuen; bi hamarkada baino gehiagoz jardun zuen horretan.


50eko eta 60ko hamarkadetan, izaera publikoko hainbat proiektutan parte hartu zuen, eta hezkuntza-erabilerako multzo handien antolaketa "mailakatua" edo modularra mugarri bat izan zen. Proiektu horietako asko Luis Laorgarekin lankidetzan egin zituen: beraienak dira Portugaleteko Nautika eta Itsasontzi Makinen Eskola Ofiziala (gaur egun EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan integratuta) eta Pasaiako Itsas Arrantzako Institutua, Trintxerpen. Azken hau brutalismoaren adibide nabarmena da.


Gipuzkoako Campuseko Liburutegiko Arkitektura Sailak José López Zanóni eskainitako erakusketa bibliografiko txiki bat antolatu du. Erakusketa hau 2026ko otsailaren amaierara arte dago eskuragarri Ikaskuntza Aretoan.