euskaraespañol

Redes sociales campusa

Euskadin izandako tortura kasuen ikerketak 3.587 salaketa erregistratu ditu 1960 eta 2013 artean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/06

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2013 artean Euskadin izandako tortura kasuen ikerketa egitea agindu zion 2014ko martxoan Francisco Etxeberria auzitegi-mediku eta UPV/EHUko irakasleari eta berak gidatzen duen UPV/EHUko Kriminologiako Euskal Institutuko taldeari.

Fenomeno horrek 50 urte hauetan Euskadin izan duen benetako eraginaren berri ematea da ikerketaren helburua, eta errekonozimendu, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea. Bake eta Bizikidetza Planaren 6. ekimena da ikerketa hau, Planak zehaztutako hiru konpromiso handietako lehenaren barruan: iragana argitzea.

Ikerlana 2016ko irailean osatzea espero da. Ordura arte, lanak hiru fasetan egingo dira, bost azterlan osagarri barne hartuz:

Fasea Helburua Azterlanak
1. fasea

6-8 hilabete artean

Salaketak zenbatestea 1. Tratu txarren eta torturen prebalentziari buruzko informazio-agiri erabilgarrien azterlanaren txostena.

2.  Hainbat iturriko informazioa aztertzea, errolda osatzeko.

2. fasea

9-12 hilabete artean

Egiaztapena 3.  200 kasu adierazgarri ikertzea.

4.  40 kasu enblematikoren azterketa kualitatibo, narratibo eta berariazkoa.

3. fasea

3-5 hilabete artean

Ondorioak eta gomendioak 5. Amaierako txostena osatzea, ondorioak eta gomendioak adierazita.

Paco Etxeberriak eta bere taldeak gaur eman dio Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariari ikerketaren lehen zatiari dagokion txostena, 2014ko martxoaren eta abenduaren artean egindakoa.

Lan horien emaitza zehatza banako datu-basea edo errolda osatu ahal izatea da, salaketak zenbatzeko balio du eta. Horien egiazkotasuna egiaztatzeari ekin ez zaionez, ezin dira behin betiko datutzat hartu. Honako hauek dira datuak:

  • 3.587 kasu salatu dira.
  • 2.820 kasu aztertu dira orain arte. Horietatik:
    • 2.394 gizonei dagozkie. 426 emakumeei.
    • 1.319 Polizia Nazionalaren aurka; 1.174 Guardia Zibilaren aurka; 271 Ertzaintzaren aurka.
    • 914, 1980ko hamarkadan; 687, 1990ekoan; 540, 2000koan; eta 474, 1970ekoan.
  • Kasu horietan guztietan, oraingoz, 1.183 kaltetuk berretsi dute torturen edo tratu txarren ondoriozko salaketa.

Ikerketaren fase honetan lan hauek egin dira:

  • Informazio erabilgarria bildu eta aztertzea.
    • 140 txosten (bertako eta atzerriko erakundeen txostenak): Amnistia Internazionalaren txostenak, Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzordearenak, NBEko Errelatoreen txostenak, NBEren Torturaren aurkako Batzordearenak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiarenak, Arartekoarenak, Eusko Jaurlaritzarenak).
    • 20 epai irmo (31 biktima eta 49 kondenatu).
  • Hainbat iturri kontsultatu eta egiaztatu dira.
    • Herritarren elkarteei (giza eskubideen arlokoak, memoria historikokoak, etab.), abokatuei, fiskaltzari, medikuei, polizia-arloari eta arlo judizialari egin zaizkio kontsultak.
  • Salatutako kasuak kaltetuekin berresteko prozesuari eta lekukotza zuzenak jasotzeko prozesuari ekin zaie.
  • Kasuen fidagarritasuna ikertzeko Peritu Protokoloa ezarri da.

Ikerlan honekin, giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeek torturaren inguruan egin izan dituzten agindu eta gomendiak betetzera dator Eusko Jaurlaritza. Giza eskubide guztiekin duen konpromiso etiko eta demokratiko tinkoa ere betetzen du. Eta Bake eta Bizikidetza Planaren oinarrizko ardatzetako batekin bat dator: iragana argitzea.

Helburu horrekin agindu zion 2014ko martxoan Eusko Jaurlaritzak hizpide dugun ikerketa Francisco Etxeberriak koordinatutako talde profesionalari. Benito Morentín (doktorea Medikuntzan, espezialista lege- eta auzitegi-medikuntzan, auzitegi-mediku titularra), Carlos Martín Beristain (doktorea Medikuntza, espezialista Osasunaren Psikologian) eta Laura Pego (Zuzenbide lizentziaduna, espezialista Kriminologian eta KEIko ikertzailea) dira talde horretako kideak.

Ekainaren 28an aurkeztu zen Ikerketa-proiektuaren diseinua eta metodologia, eta Eusko Legebiltzarrera bidali zen, baita Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordera ere (CPT). Lehen zatiaren ondoriook ere Legebiltzarrera eta CPT-ra bidali dira.