EHUren Plentziako Itsas Estazioak katxalote nanoaren presentzia berretsi du Euskal kostaldean lehenengo aldiz
Hegoalderagoko distribuzioa duen espezie hau gurean lehorreratzea ezohikoa da; gertaera honek maila globalean ozeanoetan ematen ari diren aldaketei buruzko galderak piztu ditu, nahiz eta oraindik goiz den ondorio zientifikoak ateratzeko.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/01/27
2025eko abenduaren 21ean, goizeko lehen orduan, abisua jaso zuen Euskadiko lehorreratze sareak (SAREUS): zetazeo bat agertu zela hilda Zierbenako Arena hondartzan. Plentziako Itsas Estazioan (PiE-EHU) egindako nekropsiaren ondoren, ikertzaileek baieztatu dute katxalote nano bat dela (Kogia sima). Mugarri zientifikoa da, gure kostaldean espezie honen presentzia erregistratzen den lehen aldia baita.
Katxalote nanoa (Kogia sima) ez da gure kostaldeko ohiko biztanlea; berez, hegoalderagoko uretan bizi ohi da eta hau da Euskadin animalia honen berri dugun lehen aldia, Iberiar penintsulako iparraldean aurretik erregistratutako kasu bakarra 2019ean Galizian izan baitzen. Zierbenako Arena hondartzan hilda agertu zen katxalote nanoa (Kogia sima) 2025ean gure kostaldeetara iritsitako Kogia generoko hirugarrena da. Animalia honen aurretik beste bi katxalote pigmeo (Kogia breviceps) lehorreratu ziren 2025ean, Zarauzko eta Sopelako Atxabiribil hondartzetan.
EHUren PiE-Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroak egindako nekropsia ezinbestekoa izan da animaliaren espeziea identifikatzeko; izan ere, zaila izan daiteke katxalote nanoa (Kogia sima) eta pigmeoa (Kogia breviceps) desberdintzea. SAREUS lehorreratze sarearen koordinatzailea eta PiEko ikertzailea den Denis Benitok azaldu duenez:” Abisua jaso eta argazkiak ikusterakoan Kogia generoko animalia zela ikusi genuen, eta bertara iristean Kogia sima edo kaxalote/zeroi nanoa izan zitekeela sumatu genuen. Bi espezie horietan desberdinak diren hortz kopurua eta buruaren eta hegats dortsalaren forma eta kokapena aztertuz, nekropsian, Kogia sima zela ondorioztatu dugu”. Zierbenan lehorreratutako animaliak luzeran 2,25 metro zituen. Ar heldu bat zen eta gaixotasun ahultzaile ezezagun baten ondorioz hil zen.
SAREUSek 31 kasu artatu ditu 2025ean
2025ean, EHUren PiE Plentziako Itsas Estazioa kudeatzen duen SAREUS Euskadiko lehorreratze-sarearen taldeak 31 jarduera egin ditu zetazeoei, fokei, itsas dortokei eta hondartutako marrazoei buruzko abisuak jaso ondoren. Izurdeak izan dira gehien iritsi diren animaliak, itsas txakurrak izanik gure kostaldera iritsi diren bigarren animalia mota ugariena. Aurten abisu gehienak Zarautzetik jaso dira. 2025 urte berezia izan da Kogia generoko 3 banako lehorreratu direlako urria-abendua bitartean: 2 kaxalote pigmeo (Kogia breviceps) Zarautzen urrian eta Sopelan abendu hasieran, eta kaxalote nano (Kogia sima) banako bat Zierbenan, abendu amaieran. Historikoki (1993tik) lehorreratze gehien Donostian (> 80), Zumaian eta Zarautzen (> 40) eta Getxon, Sopelan, Bermeon eta Getarian (> 30) izan dira.
SAREUS sarearen protokoloa
Lehorreratzeen intzidentzia handiena otsailean eta martxoan erregistratzen da. Denis Benitoren esanetan, “animalia bat bizirik lehorreratuta ikusiz gero, ezinbestekoa da distantzia mantentzea, zaratarik ez ateratzea eta ez ukitzea, ez da manipulatu behar; horren ordez, zuzenean 112ra deitu behar da dagokion protokoloa aktiba dezaten, eta SAREUSeko langileen argibideei itxaron behar da”.
Lehorreratzei aurre egiteko protokoloa aktibatzen da SOS Deiak zerbitzuan abisua jasotzen dutenean, animalia bat lehorreratu dela jakinarazten. Hortik SAREUSeko larrialdietarako telefonora deitzen dute. Sareko langileak bertan dauden pertsonen informazioa biltzen hasten dira. Irudi bidezko baieztapena jaso ondoren, SAREUSek erantzun koordinatua kudeatzen du hainbat erakunderekin elkarlanean.
Bizirik dauden lehorreratutako animaliekin, kasu bakoitzari dagokion kontrola egiten da, foru-aldundietako albaitari-taldeekin lankidetzan. Lehorreratu daitezkeela susmatzen den animaliei dagokienez (adibidez, portu batean igerian dagoen izurde bat, harkaitz batean pausatzen den foka bat, edo kostaldera “gehiegi” hurbiltzen den balea), SAREUSeko langileek haren eboluzioaren jarraipena egiten dute, animaliak itsasora itzultzea lortzen duen arte.
Lehorreratutako animalia hilen kasuan, SAREUSek dagokien erakunde publikoekin koordinatzen du eman beharreko erantzuna. SAREUSeko lantaldeak garraiatu ezin dituen gorpuak badira, hondartzetako garbiketa zerbitzuetara jotzen du. Beharrezkoa denean, Gurutze Gorriari, udaltzaingoari, Ertzaintzari, suhiltzaileei… laguntza logistikoa eskatzeko aukera aztertzen da. Helburua da gorpua berreskuratzea, ahal den kasuetan, eta, hala, osasun publikorako arriskuak saihestea. Egoera onean dauden gorpuak PiEra eramaten dituzte nekropsia ofizialak egiteko TRAGSATEC enpresako albaitariekin koordinatuta. Lagin guztiak Plentziako Itsas Estazioko Ingurumen Espezimenen Biobankuan artxibatu eta katalogatzen dira, EHUko edo nazioarteko etorkizuneko ikerketak ahalbidetzeko.
Esku-hartzea amaitzeko, SOS Deiak zerbitzuari jarduketaren emaitzaren berri ematen zaio, osasun publikoa, animalien ongizatea eta lehorreratzeari buruzko informazio zientifikoa bermatu ondoren.
Euskadiko lehorreratze-sareak (SAREUS) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) Biodiversidad Fundazioaren finantzaketa du, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan, Europar Batasunak –NextGenerationEU– eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak finantzatuta.
