euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk 2026-2027rako eskaintza handituko du Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako gradu berriarekin

108 gradu nahiz 100dik gora graduondoko aurkeztuko ditu Unibertsitate Orientaziorako EHUazokan, urtarrilaren 31n Donostian, otsailaren 7an Gasteizen eta otsailaren 14an Bilbon

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/22

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) graduko ikasketen eskaintza zabaltzen eta modernizatzen jarraitzen du, prestakuntza espezializatuaren eta kalitatezkoaren eskaera sozialari erantzuteko helburuarekin. Datorren ikasturtean 108 graduko nahiz 100dik graduondokoz osatutako eskaintza akademikoa jarriko du ikasleen eskura ezagutza esparru guztietakoak. Eskaintza osoa ezagutzeko lehenengo EHUazoka unibertsitate orientaziorako azokak egingo dira urtarrilaren 31tik aurrera, elkarren segidako hiru larunbatetan.

2026-2027 ikasturterako berrikuntza Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako gradua izango da. Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakatsiko da gradua ikasleek, besteak beste, komunikazioen, telematikaren, automatizazio industrialaren, adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arloko ezagutzak eskuratuko dituzte. Gainera, Prestakuntza Dualeko aipamena dakar graduak eta horri esker, azken ikasturtean osatu ahal izango du ikasleak bere prestakuntza, Teknologia Digitalen eta Zibersegurtasunaren sektoreko enpresa batean egonaldia eginez. Ez da, ordea, berritasun bakarra. Izan ere, Itsasketako Graduaren izena eta plana aldatu eta berritu dira eta aurreantzean Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanerako Gradu izango da. Gradua Bilboko Ingeniaritza Eskolak eskaintzen du, Portugaleteko egoitzan.

Era berean, eta gizartearen erronkei erantzuteko graduen eguneraketa egin da eta beste hiru gradu berritu dira: Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua (Bilboko Ingeniaritza Eskola), Nautika eta Itsas Garraioko Gradua (Bilboko Ingeniaritza Eskola) eta Enpresa Kudeaketa eta Marketina (Bilboko Ganberako Unibertsitate Eskola, Ikastegi atxikia).

Graduondoko eskaintzari dagokionez, EHUk alor eta gai zerrenda zabalari erantzuten dioten 108 unibertsitate-master, etengabeko prestakuntzako 35 master, unibertsitate-espezializazioko 10 titulazio, eta 67 doktorego-programa ditu. Gainera, unibertsitate mikrokredentzialak indartu ditu, iraupen laburreko formazio espezializatuak, enpresa eta profesionalentzat, eta Europako aitorpena dutenak. Aurten 70 mikrokredentzial eskainiko dira, eta dagoeneko 500 pertsonak lortu dute beren agiria europarra.

EHUazoka: Unibertsitate Orientazioko Azokak

2026-2027 ikasturterako Euskal Herriko Unibertsitatearen gradu nahiz graduondoko eskaintza xehetasun handiagoz ezagutzeko EHUazoka Unibertsitate Orientazioko Azoka antolatu du EHUk. Helburua da unibertsitate aurreko ikasleek EHU eta gradu zein graduondoko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzea, baita etorkizunean unibertsitatean egin ahalko dituzten ikasketei buruz dituzten zalantza guztiak argitzea ere. Horretarako informazio saioak emango dituzte Ikastegi eta eskoletako irakasleek, 3 egunez antolatu diren 3 saioetan: urtarrilaren 31n Gipuzkoako Campusean, otsailaren 7an Arabakoan eta otsailaren 14an Bizkaikoan.

Aurten, gainera, graduondoko stand espezifikoa jarriko da, prestakuntza-eskaintza osoari buruzko informazioa ezagutzera emateko. Masterrei eta EHUren etengabeko prestakuntza-eskaintzari buruzko informazio-saio orokorra ere egingo da edizio bakoitzean.

Izen-ematea

EHUAzokako erakus-mahaietara sarbidea librea da, baina derrigorrezkoa da izena ematea informazio-saioetara joateko. Hauek izena emateko epeak: Gipuzkoan, urtarrilaren 26tik 30era bitartean izango da; Araban, otsailaren 2tik 6ra;  Bizkaian, otsailaren 9tik 13ra. Plazak agortu arte egongo da zabalik informazio-saio bakoitzeko izen-ematea, hurrengo orrialdean (astelehenean, urtarrilaren 26an, aktibatuko da Donostiako EHUazokarako).

 

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/orientazio-programa/azokak