-

Ikerlari aipatuenen zerrendan hazi egin da EHUkoen kopurua
-

Miren Garbiñe de Diego: «Palarekin bi egunez aritu ondoren jakin nuen hura izango zela nire GrALa»
-

“Aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”
-

Karrantzan, denbora artilez ehuntzen da
-

Beharren diagnosia eginda EHUk 607 milioi euroko aurrekontu-premia duela adierazi die alderdiei
Beharrezkoa da gizarte osoa inplikatuko duen edoskitze naturaleko politika bat
UPV/EHUko tesi batek aztergai ditu hazkuntza modu horren prebalentzian eragiten duten alderdi fisiologikoak, soziologikoak eta sanitarioak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/22

Amagandiko edoskitzea osasunean gehien eragiten duten prebentzio jardueretako bat da: ekitatea sortzen du osasunean, eta ingurumena babesten du, ez baitu eragiten bularreko esnearen ordezkoak ekoitzi, garraiatu eta erabiltzeagatik sortzen den kutsadurarik. Alabaina, oso informazio urria dago amagandiko edoskitzearen prebalentzia tasen inguruan. UPV/EHUko doktore Gloria Gutiérrez de Terán Morenok hutsune hori bete du, eta gizarte osoa inplikatuko duen edoskitze naturaleko politika bat landu behar dela gomendatu.
Amagandiko edoskitzea jaioberriak eta haur txikiak elikatzeko modu natural eta fisiologikoa da; eboluzioak, zientzia ebidentziak eta adituek berresten dute hori. "Amatasun, erditze eta hazkuntza prozesuaren zatitzat hartu behar da. Gure inguruan, ama batek bere umeari bularra ematea ez da soilik gertaera biologiko bat; horretarako, erabakiak hartu behar dira, informazio eskuratu, ikasi, haurrarekin harreman emozionala landu, eta denbora, babesa eta konpromisoa eduki. Familiatik harago doa, eta gizartea bera zein botere politikoak inplikatzen ditu", azaldu du Gloria Gutiérrez de Terán doktoreak.
Nahiz eta amagandiko edoskitzea nagusi izan, ez dago prebalentzia tasei buruzko informazio fidagarri eta eguneraturik edoskitze naturalaren aldeko jarduketak planteatu ahal izateko. Hori ikusirik, Gloria Gutiérrez de Teránek helburu hauxe izan du ikerketan: edoskitze naturalak jaiotzetik 12 hilabetera arte duen prebalentzia zein den jakitea, eta edoskitze naturalaren eta amen faktore fisiologiko eta soziologikoen arteko harremana aztertzea, aintzat hartuta emakumeek haurdunaldian, erditzean eta puerperioan egiten dituzten osasun praktika ohikoenen inpaktua eta Bilboko amen eta haurtxoen arteko diadak.
Horretarako, Bilbo inguruko lehen mailako arretako zentroetako emaginek artaturiko 401 haurdunen lagin bat aztertu zuen. Emakume horiek guztiek erabakia edo pentsatua zuten bularra ematea, eta adinez nagusiak ziren. Gainera, kontuan hartu ziren alderdi hauek ere: fetu bakarreko haurdunaldiak izatea, eta emakumeek gaztelania jakitea eta haurdunaldian eta haurraren lehen urtean jarraipena egiteko prest egotea.
Emaitza hobeak
Emaitzen artean, nabarmentzekoa da edoskitzean emaitza hobeak izan zituztela honako hauek: bizi ohitura osasungarriak eta azterturiko osasun adierazleetan emaitza hobeak dituzten amek, bularra emateko erabakia haurdunaldiaren aurretik hartu zutenek, informazio maila handiena zutela adierazi zutenek, aurretik seme-alabak izandakoek, beren esperientzia propioa informazio iturri nagusitzat jotzen dutenek, eta beren buruarekin konfiantza handiena zutela eta ingurukoen babesa gutxiago behar zutela esan zutenek. Horrez gain, amek zein haien bikotekideek unibertsitate ikasketak amaituak izatea ere amagandiko edoskitzearen arrakastarekin lotu zen. Edoskitzaroko lan jarduerari dagokionez, nahiz eta emakumeek lanera bueltatzea jotzen duten edoskitzea uzteko bigarren arrazoitzat, edoskitzaroan lan egin zuten emakumeek proportzio handiagoan eman zuten soilik bularra 4 hilabetera arte, eta lehen urtean beranduago kendu zuten titia, etxetik kanpo lan egin ez zutenek baino.
Bestalde, egiaztatu ahal izan zen jarduera asistentzialarekin eta erditzearekin lotutako parametroek ere zerikusia zutela edoskitzearen prebalentziarekin eta esklusibotasunarekin. Horien artean daude interbentzio gutxiago behar izan dituzten eta horren medikalizatuta egon ez diren erditzeak, Apgar testean puntu gehien lortu zuten haurtxoak eta azalez azaleko kontaktua luzaroago izan zutenak. Bestalde, edoskitzean inpaktu negatibo handiena zuten alderdietako bat formula gehigarriak ematea izan zen. Gainera, gehigarri horiek amak edo familiak eskatuta eman ziren kasuetan, hau da, osasun langileek agindu gabekoetan, inpaktu negatiboa are handiagoa izan zen. Halaber, adieraztekoa da lehen hilabetean txupeteak eta tetinak erabili zituzten amek oro har lehenago utzi ziotela bularra emateari.
Azkenik, hainbat azterlanek erakutsi dute guraso eta haurrek batera lo egiteak lotura duela edoskitze naturalaren arrakastarekin. "Gure laneko ama eta haurren diadetan sarri lo egin zuten guraso eta haurrek batera, eta ikusi zen horrek eragin positiboa zuela edoskitzearen arrakastan; izan ere, batera lo gehienetan egiten zutenek jarraitu zuten urtebeteren ondoren bularra ematen", adierazi du ikertzaileak.
"Azterlan honetan lortutako emaitzetan oinarrituz, zenbait jarduketa diseinatu ahal izango dira gure inguruan amarengandiko edoskitzearen prebalentzia handitzeko", gehitu du Gloria Gutiérrez de Teránek. Jarduketa horiek familiak eduki behar dituzte jomugan, eta helburu izan behar dute edoskitze naturalaren inguruko informazioa zabaltzea eta emakumeei horretarako gai direla sinestaraztea. Ildo horretatik, arreta berezia jarri beharko litzaieke ikasketa maila apalagoak dituzten emakumeei, bai eta lehenerdiei eta obesitatea duten emakumeei ere. "Amatasunari laguntzeko prozesuan, bereziki sustatu behar da fisiologiarekiko errespetua, frogatua baitago hori giltzarria dela edoskitzea arrakastatsua izan dadin", azpimarratu du.
"Behar-beharrezkoa da jendeari jakinaraztea amagandiko edoskitzea jaioberrien eta haurtxoen elikaduraren urre patroia dela; hori ez soilik da osasunaren arloan landu behar, baita hezkuntzan eta komunikabideetan ere. Gainera, politikariek, enpresariek eta gizarte osoak ere lan horretan inplikatu eta konprometitu behar dute", esan du, amaitzeko.
Egileari buruz
Gloria Gutiérrez de Teránek Erizaintzako diploma lortu zuen UNEDen (emagina), Filosofia eta Letretako lizentzia Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta doktoregoa UPV/EHUn. Fátima Ruiz Litago eta Begoña Sanz Echevarría irakasleek zuzendu dute haren tesia, Factores fisiológicos y sociales que influyen en el éxito de la lactancia materna; Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko irakasle agregatuak dira biak. Gaur egun, Gutiérrez de Teránek lehen mailako arretako emagin jarduten du Bilboko Abusuko osasun zentroan, eta Euskadiko Emaginen Elkarteko irakaslea da 1993an sortu zenez geroztik.
Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.


