euskaraespañol

Redes sociales campusa

Javier Taks, antropologoa eta Uruguaiko Errepublikako Unibertsitateko irakaslea

«Ura ezinbestekoa izan daiteke ‘gu' bat eta haren mugak definitzeko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/16

Javier Taks, Getxoko Punta Begoña Galerietan.

Javier Taks antropologoa eta Errepublikako Unibertsitateko (Uruguai) irakasle eta ikertzailea da. 2013tik koordinatzen du Ur eta Kulturaren Unesco Katedra. Ingurumenari buruzkoak dira bere ikerketa lerroak, eta bereziki uraren antropologia aztertzen du. Taks da ‘Lurralde antolamendua eta globalizazioa: gure nortasunari eutsi al diezaiokegu?' izeneko jardunaldian parte hartzen duten adituetako bat. Jardunaldia gaur da Punta Begoña Galerietan (Getxo), Jakiundek eta UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (GPAC) antolatua, Donostia 2016 programaren barruan.

Has gaitezen definizio batekin.  Zer da zehatz-mehatz ura? Zein da bere papera gizartean?
"Ura da harekin egiten duguna", esan du Jamie Linton geografo kanadarrak. Uraren nozio modernotik --homogeneoa, pertsona eta ekosistemetatik bereizi ahal dena eta objektu moduan ulertzen dena--, haratago doa definizioa, zeren eta uren esanahiak, ohiko eta sedimentatutako esanahiak, ezberdinak dira, batzuetan likido, batzuetan solidoa, batzuetan gasa den gauza horri ematen zaizkion erabileren araberakoak. Urei buruz abestea, pentsatzea, antzeztea ere giza praktikak dira. Arrantzale batentzat arrantza egiten duen ingurua da; umea bataiatuko duen familia batentzat likido sakratua da, kimikari batentzat ordenagailuan irudikatzen den molekula bat, eta ingeniari hidrauliko batentzat lurraldeko punta batetik bestera eraman behar duen elementu bat. Urak gizartean duen papera arlo ezberdinak lotzea da: hiria eta landa, hiriko auzoak, herrialdeen arteko mugak. Ivan Ilich-en ustez, geure sentimendurik sakonenak adierazteko balio duen metafora bat da, eta hizkuntza guztietan daude urari buruzko adierazpenak, jendeaz, gizarteaz, bizitza ulertzeko moduez hitz egiteko beharrezkoak direnak.

Nola laguntzen du uraren kulturak nortasunaren sorreran eta lurraldearen ikuspegian?
Ura giza esperientzia osoaren tartean dagoenez, uraren kultura ezberdinak daude. Pertsona guztiek laguntzen dute uraren kulturaren baten produkzio eta erreprodukzioan, beren praktiken bidez edo ura erabiltzeko edo kudeatzeko irakasten dutenaren bidez. Zenbaitetan kultura horien praktika, irudipen eta balore batzuk azaleratzen dira eta nortasunaren adierazletzat proposatzen dira, kontzientzia handiagoz edo txikiagoz. Hau da, ‘gu' bat eta haren mugak definitzeko ura ezinbestekoa izan daiteke. Mesoamerikako kultura aztekak uraren jainkoa sortu eta harengan sinetsi zuen. Tlaloc izeneko Jainko hori munduaren indar sortzailea izan zen. Holandarrek duela mende askotatik uren erabileraren bidez sortu dute beren talde-nortasuna. Halaber, gu bat, hau da, talde-nortasuna, uren erabilera txarragatik definitu ahal da, batez ere, uneotan, uren kutsadurak edo zarrastelkeriak gero eta gehiago kezkatzen gaituenean: "kostaldea zikintzen dugu", "ibaiari bizkar emanda bizi gara" edo "ez dakigu itsasoa aprobetxatzen"..

Nola lortu dugu uraren balioa ondare, paisaia eta kulturaren baliabide bezala ulertzea?
Ura historian zehar aztertzen denean, ura baloratzeko, ulertzeko eta erlazionatzeko paradigmak edo erak bilakatu direla ikusten da, eta forma horiek gainjartzen dira. Ideien borrokak daude, gailendu nahi duten balorazioak: ura sakratutzat jotzea, ura garbitasunerako medioa, ura baliabide ekonomiko moduan. Uraren diru-balioespena oso berria da, baina nabarmendu da nazioartean dagoen ur eskasia dela eta. Balio ekonomiko hori tirabiran bizi da ura guztion ondasuna delako ideiarekin, baita ura funtsezko giza eskubidea delako ideiarekin.

«Azkarragoa da gure ibaien  osasunaren ataria ez gainditzea»

Ura ondaretzat hartzen duen ideia aurkako hiru norabide hauetara higitu ahal da: Ustiatu ahal den baliabidea, adibidez, ura salduz edo ontziratuz? Gozatu ahal den ondarea, adibidez, hondartza publiko batean? Edo babestu behar den ondare naturala, adibidez, zientzialaria ez bazara, sartu ezin zaren haitzulo baten barruko lakua?

Bestalde, ura paisaia-baliabide bezala ulertzeak zerikusirik dauka bere muga-izaerarekin. Hau da, kultura eta naturaren arteko dikotomia gainditzen laguntzen digun fluidoa, zeren eta momenturen batean gailendu den ideia urek zibilizazioak zehazten dituztela izan bada ere, gaur egun ulertzen dugu zibilizazioek urak dialektikoki zehazten dituztela. Horregatik, batzuek proposatzen dute ziklo soziohidrologikoaren ideia erabiltzea, pertsonen arteko erlazioak giltzarri bihurtu baitira planetako uren zirkulazioan.

Hiritarren mobilizazioa oinarrizkoa izan da zure herrialdean, Uruguain, ura izateko oinarrizko giza eskubidea aldarrikatzeko, baita munduko beste leku batzuetan ere.Ur justiziaren aldeko giza mugimendua mundu osoan gertatzen da. Mugimendua garatzen da kapitalismo berankorrean neoliberalek urak salerosteko eta edateko urak banatzeko zerbitzuak, saneamendua eta zerbitzu ekosistemikoak pribatizatzeko egiten duten proposamen filosofiko eta praktikoaren aurrean. Uruguain mugimendu horretan bildu ziren ur enpresa publikoko langileak, ekologistak, intelektualak eta esperientzia pribatizatzaileen ondorio latzak jasan zituztenak (tarifen gorakada, iturrien kutsatzea, zerbitzu txarrak edo informazio eza. Koalizio horrek plebiszitua bultzatu zuen pribatizazioa mugatzeko hiru puntutan: Errepublikaren Konstituzioan ura oinarrizko eskubide bezala aitortuz, edateko ura eta saneamendu zerbitzuak estatuko enpresa publikoek soilik emango zituztela, eta hiritarren parte hartzea ezinbestekoa zela urak kudeatu eta monitorizatzeko, lurraldea arroen arabera sortutako erregioetatik abiatuta.

Plebiszitua irabazi zuten ezbairik gabe (botoen % 64) eta gure herrialdea edateko uraren kudeaketa publiko edo pribatua eta saneamenduren gaineko eztabaidan botoen bidez erabaki zuen lehena izan zen. Ondoren beste mugimendu batzuk egon dira hainbat hiri, herrialde edo erregiotan, adibidez, Europako Batasunean. Mugimendua Uruguain suspertu zen, eta horregatik gure herrialdeak eta geuk hiritarrok konpromiso handia daukagu: errealitate bihurtu behar ditugu ura izateko giza eskubidearen, kudeaketa publiko eta parte hartzailearen eta jasangarritasunaren printzipioak. Dena den, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak batzen dituen Agenda 2030 martxan jartzeak nazioarteko markoa ematen dio gure tokiko konpromisoari.

Bilboko itsasadarraren birsorkuntza ezagutzen duzu?
2015ean egon nintzen estreinakoz Bilbon eta Getxon. Birsortze prozesua hauteman nuen ibaiaren ondoan oinez ibiliz, jendearen harrotasuna sentituz eta Euskal Herriko Unibertsitateko kideei nola mantendu eta jarraitu behar zen prozesua alde kultural, biologiko, hidrauliko eta hiritarretan entzunez. Lehenengo ikasgai bat da hiri espazio narriatuak edo hain emankorrak ez diren ekosistemak berreskuratzeko eta bertara sartzea demokratizatzeko tresna zientifikoak eta politika publikoak daudela. Bigarren ikasgaia, beharbada garrantzitsuagoa dena, azkarragoa dela gure ibaien garbiketa eta osasunaren ataria ez gainditzea, hobekuntzarik txikiena ere lortzea oso garestia eta neketsua delako, baina, batez ere, ez dakigulako beti posible izango den.