euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

'Alfabetatze zientifikoa' erakusketa Iberoamerikako V. Bienalerako hautatu dute

UPV/EHUko Letraz taldearen diseinu grafikoko proiektua 2014ko Zientzia Asterako sortu zen, eta atzera ikusgai egongo da datorren Zientzia Astean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/30

UPV/EHUko Letraz diseinu grafikoko eta tipografiako ikertaldeak 'Alfabetatze zientifikoa / Alfabetización científica' erakusketa sortu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia Astearen 2014. ediziorako. Bada, erakusketa hori bera hautatu dute, beste zortzi proiekturekin batera, Diseinuari buruzko Iberoamerikako 5. Bienalerako, Espainian azken urteetan egin den diseinu grafikoaren ordezkari gisa.

"Gu hautatu izanak esan nahi du gure proiektua diseinu lanaren egungo ereduetako baten moduan aurkeztuko dela mundu osoan", azaldu du Eduardo Herrera Diseinuko irakasleak. Letraz taldea, hain zuzen ere, Herrerak berak, Leire Fernández irakasleak eta María Pérez doktoregaiak osatzen dute.

Alfabetatze zientifikoa / Alfabetización científica  erakusketak berrogeita hamar pieza tipografiko handi biltzen ditu, eta piezek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko pertsona esanguratsuek esandako aipuak daramatzate. Horrela, ikusizko ibilbide horretan, gogoetagai izango da zientziaren funtsa bera: jakin-mina piztea, galderak egitea, ikusten dugun horren kausak bilatzea, kontu korapilatsuak argitzea eta ezagutzak sortzea. "Zientziaren balioari buruzko kontzientzia piztu nahi genuen gizartean", gehitu du Herrerak.

Diseinuari buruzko Iberoamerikako 5. Bienala (BID_16) DIMAD Madrilgo Fundazio Diseinuak antolatzen du, bi urtean behin, Madrilgo Mataderoko Diseinu Zentralean, eta Iberoamerikako diseinu garaikidearen inguruko ekitaldirik garrantzitsuena da. Aurtengo Bienaleko erakusketa nagusia azaroaren 21etik 25era ikusi ahal izango da Mataderon, eta ikusgai egongo dira Iberoamerika osatzen duten 23 herrialdeetako azken urteetako diseinu adierazpenik onenak: Argentinakoak, Boliviakoak, Brasilgoak, Txilekoak, Kolonbiakoak, Costa Ricakoak, Kubakoak, Ekuadorkoak, El Salvadorrekoak, Espainiakoak, Guatemalakoak, Haitikoak, Honduraskoak, Mexikokoak, Nikaraguakoak, Panamakoak, Paraguaykoak, Perukoak, Portugalgoak, Puerto Ricokoak, Dominikar Errepublikakoak, Uruguaykoak eta Venezuelakoak.

Aurtengo BID_16 bienalak diseinuan oinarriturik gizarteaz pentsatzeko eta bertan bizitzeko moduei buruz hausnartu eta eztabaidatu nahi du, kolektiboen borondatea abiapuntu hartuta. Besteak beste, honako gai edo ardatz hauek sakondu nahi ditu: berrikuntza, esperimentazioa, ekintzailetza, iraunkortasuna, sormena, garpena, herritarren parte hartzea, ikerkuntza teknologikoa, gizarteratzea eta lankidetza. Horretarako, nazioarteko epaimahaiak bereziki nabarmendu ditu berrikuntzari bidea ematen dioten eremuetan ikertzeko eta esperimentatzeko arriskua hartzen duten lanak, "Guztiontzako diseinua" kontzeptuaren barruan sartzen diren diseinu proiektuen aurrerapenak kontsolidatzeko.

Non ikus daiteke ‘Alfabetatze zientifikoa'?

BID_16ko erakusketa nagusia (haren barruan dago Alfabetatze zientifikoa), Mataderon egon ostean, Bienalean parte hartzen duten hogei bat herrialdetan ikusi ahal izango da, eta BID_16ren katalogoaren parte izango da. "Erakusketa hauek diseinuak gure gizartean duen funtzioari eta eraginkortasunari buruz hausnartzeko eta pentsatzeko topalekua dira, eta, era berean, profesionalen artean nahiz sektoreko enpresekin harremanak egiteko balio dute", azaldu du UPV/EHUko irakasleak. Gainera, Letraz ikertaldeak bere komunikazioetan BID_16® zigilua erabili ahalko du, hau da, Diseinu Iberoamerikarraren kalitatea bermatzen duen marka erregistratua.

Alfabetatze zientifikoa osatzen duten karteletako batzuk Zientzia Astearen egoitza guztietan ere egongo dira ikusgai: Bilbon (Bizkaia Aretoa), Barakaldon (Gurutzetako Auzo Etxea), Donostian (Kursaala) eta Vitoria-Gasteizen (Bibat Museoa). UPV/EHUko 2016ko Zientzia Astea azaroaren 2tik 6ra egingo da.

 

Argazkiak: Laura López (UPV/EHU).