Duela gutxi, Ipar Hegoa Fundazioak argitaratutako Ikusmira berriak, Hego Euskal Herriko langileen lan-baldintzen eta bizi-baldintzen datuetan oinarrituta, panorama ekonomiko kezkagarria marraztu du: soldatapekoen zati esanguratsu bat prekarietate estrukturalean bizi da. 1,1 milioi soldatapekotik gora, %21,55ek (239.535 pertsonak) hilean 1.500 euro gordin baino gutxiago jasotzen du. Ez gaude hondar-egoera edo hondar-fenomeno marjinal baten aurrean, baizik eta lan-merkatuaren segmentu zabal baten aurrean.
Jon Las Heras, Ainhoa Ozaeta, Eki Etxebarria, Joseba Permach, Andrea de Vicente eta Nagore Embeita Euskal Herriko Ekonomia Politikoa Ikertaldeko kideak
Guztion onerako, LGS propioa
Nonbait izan behar du abiapuntua Langileen nazioarteko elkartasunak; eta zergatik ez, lantokian bertan!
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/26
Ikerketak azpimarratzen du, gainera, pobrezia ekonomikoak emakumeen eta pertsona arrazializatuen aurpegia duela, diskurtso xenofobo eta misoginoen zarata gero eta handiagoa izan arren. Datuak argiak dira: 1.500 euro gordin baino gutxiago kobratzen duten soldatapekoen artean, %66,91 emakumeak dira eta %49,67 lurraldetik kanpo jaiotakoak. Eta ‘gazteen arazoa’ topikoaren aurka, beste datu esanguratsu bat: 1.500 eurotik behera kobratzen dutenen %25,84 “baino” ez dira 30 urtetik beherakoak. Gazte askok prekarietatea pairatzen badute ere, soldata-pobrezia ez da lan-merkatuan sartzeko aldi baterako “trantsizio-egoera” hutsa, edo ‘bultzadatxo’ hutsa; sektore batzuentzat, bizi-ibilbide osoa baldintzatzen duen errealitatea da.
Hemen, erabilgarria da Guy Standingen ‘prekariatuaren’ kontzeptua, modako etiketa gisa ez, baizik eta ohartarazpen politiko gisa. Prekarietatea ez da diru-sarreren eskasia edo gabezia soil bat, bizi-baldintza jakin bat da: erabakitzeko autonomia txikiagoa, segurtasun eskasagoa, eta parte-hartze publiko errealerako gaitasun txikiagoa. Hilabete amaierara nekez iristen denak ez du gutxiago kontsumitzen bakarrik, komunitatean modu aktiboan parte hartzeko denbora eta energia gutxiago ere baditu. Gutxiago eztabaidatzen du, gutxiago antolatzen da, eta arrisku handiagoa hartzen du publikoki hitz egitean. Prekarietate gehiago, norberaren bizitza gobernatzeko baliabide gutxiago eta, ondorioz, bizitza komunaren inguruan erabakitzeko botere gutxiago.
Ez da harritzekoa, beraz, diskurtso xenofobo eta arrazistak gutxien dutenen artean hedatzea: arazo konplexuei irtenbide errazak/sinplifikatuak eskaintzen dizkiete, eta etsaitzat aurkezten dute zuzenean lehiatzen zaren pertsona, ez harreman horretatik etekina ateratzen duen hirugarren bat.
Testuinguru honetan, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEILAS, Etxalde, Hiru) eskaera bikoitza egin du: gaur egungo Lanbide arteko gutxieneko soldata, LGS, (1.221 euro hilean, 14 ordainsaritan) 1.500 eurora igotzea, eta zenbatekoa hemen bertan erabakitzea, lurraldean ordezkaritza handiena duten eragileen bidez. Eztabaida ekonomikoa da, bai, baina politikoa ere bada. Horregatik komeni da maiz mantra gisa errepikatzen diren bi kritika nagusi aztertzea.
‘LGSa igotzeak enplegua suntsituko du eta B-n kobratzea sustatuko du’
Argudio estandarra ezaguna da, klasikoa da: gutxieneko soldata igotzeak lan-kostuak handitzen ditu, enplegua murrizten du, eta jardueraren zati bat edo desagertu egiten da edo ekonomia informalera bultzatzen du. Abstraktuan sinesgarria dirudi, baina bi elementu erabakigarri ezkutatzen ditu, bere baitan: lan-merkatuaren egitura eta arauak betearazteko Estatuak duen gaitasuna eta askotan, borondatea.
Etxeko lanetan, ostalaritzan, zaintzan edo lanbide atomizatu batzuetan, arazoa ez da soilik LGSaren maila. Arazoa kontratuaren betearazteko ahulezia da, kontratu idatzia existitzen denean ere. Baldintzak, sarritan, enplegatzailearen borondatearen edo ikuskaritza eraginkor baten menpe daude. Eta moraltasun indibiduala ezin da herrialde baten lan-politikaren ardatz izan: ez da eskalagarria, ez da egiaztagarria eta ez du babesten negoziazio-ahalmenik ez duen langilea.
Ikuskaritza eskasa bada, LGS altuagoak tentsioak sor ditzake (adibidez, diru-sarreren zati handi bat ez deklaratzea). Baina ondorio logikoa ez da ‘hobe ez igotzea’, baizik eta arazoaren muina aitortzea: kontrol-gaitasunik gabe, edozein lan-arau desioaren eta literaturaren erdibidean, hots, paperean geratzeko arriskuan dago.
Edonor deseroso jarriko duen datu bat badago, batez ere, Zuzenbideko Estatu Soziala aintzat hartzen duen edonorrentzat: Euskal Autonomia Erkidegoan 700.000 herritarretik gorako lan-merkaturako, bere menpeko lan ikuskarien kopurua 50 inguru izateak argi erakusten du baliabide-eskasia; are gehiago zerbitzuaren zeregin teknikoak gero eta zabalagoak direnean. Konponbidea erraza ez bada ere, horrelako baldintzetan, ez-betetzea egongo da 1.221eko LGSarekin zein 1.500ekoarekin. Aldea politikoa da: LGS baxuarekin, ez-betetzea normalizatu egiten da; LGS altuagoarekin, gatazka bistaratzen da eta arauak benetan betearazteko gaitasun instituzionalaz hitz egitera behartzen gaitu.
Erromantizismorik gabe esanda: ‘gutxi araututako’ merkatu bat ez da merkatu askea; ‘indartsuenaren legea’ nagusitzen den eremua da, eta horrek Lan Zuzenbidearen zentzua eta helburu bera ukatzea suposatzen du: aldeen arteko negoziazio-botere desorekatuan esku hartzea, alderdi zaurgarriena -langilegoa- babestuz. Eta orduan, LGSaren inguruko eztabaida bihurtzen da: ikuskatzeko, zigortzeko eta babesteko ahalmenaren ingurukoa, eta doikuntzaren kostua soldatetatik bestelako marjinetara eramateko gaitasunaren ingurukoa.
Ebidentzia ekonomikoa: katastrofismo automatikoa ez da zientzia
Gutxieneko soldataren igoera orok enplegua suntsitzen duela esatea, baieztatzea lelo sinplifikatua da, ez ondorio zientifikoa. Azken hamarkadetako ebidentzia enpirikoak, besteak beste, ez oso erradikala den Banco de España instituzioaren azterlanek, eragin heterogeneoak erakusten dituzte: askotan enpleguan eragin txikia edo nulua, eta beste batzuetan, sektore-baldintzen, ziklo ekonomikoaren eta inplementazioaren araberakoa.
Ez dago lege naturalik soldata duinaren eta enpleguaren artean aukeratzera behartzen gaituenik. Are gehiago, kontrakoa iradokitzen duten bi joera edo dinamika aipatu ohi dira:
Eskari-efektua (keynesiarra). Diru-sarreren proportzioan gehien gastatzen dutenen diru-sarrerak igotzen badira, hau da, populazio edo kolektibo prekarioenak, kontsumoa proportzionalki gehiago handitzen da. Gainera, gastu-ahalmen gehigarri hori hurbileko ondasun eta zerbitzuetara bideratzen da: elikadura, ostalaritza, zaintza, merkataritza, edo garraioa. Nazioarteko lehia mugatua duten sektoreetan, horrek tokiko enpresen salmentak eta, ondorioz, inbertsioa eta enplegua handitu ditzake. Gakoa bistakoa da: gutxieneko soldata ez da enpresarentzat kostu hutsa; gizartearentzat diru-sarrera ere bada. Eta jende asko mugan bizi den ekonomietan, soldata-zoruak igotzeak barne-merkatuaren eguneroko itomena eta kanpo-merkatuen mendekotasuna murriztu ditzake, turismoa eta kontrolik gabeko gentrifikazioa, adibide.
Eskaintza-efektua (diziplina produktiboa). Soldatapeko lana oso merkea izateari uzten dionean, enpresek lan-prozesuak berrantolatzera, prestakuntzan inbertitzera, rotazioa murriztera eta produktibitatea hobetzera bultzatuak izan daitezke errentagarritasuna mantendu nahi badute. Ez da enpresa-filantropia; presio edo pizgarri estrukturala baizik. Eta bertute bat du, prekarizaziotik kanpoko bideetatik lehiatzera behartzen du. Ironia apur batekin, baina zorroztasunez: soldata igotzeak besteren esfortzuarekin aberastu nahi duenari asmatsuago izatera behartzen dio. Negozio-eredu batek bizirik irauteko soldata duina ezinezko egiten duten soldatak behar baditu, agian arazoa ez da gutxieneko soldata, negozio-eredua bera baizik.
Negozio-eredu batek soldata duina ordaintzeko ezintasuna badu bere biziraupenerako baldintza gisa, agian arazoa ez da LGSaren maila, baizik eta negozio-eredu horren jasangarritasuna bera.
Horrela ikusita, LGS altuagoa ez da neurri ‘sozial’ hutsa, politika ekonomikoko tresna ere bada: barne-eskaria indartu dezake eta soldata baxuak askotan blokeatzen duten modernizazio produktiboa bultzatu. Soldata merkea, sarritan, berrikuntzaren aurkako anestesia da: berdin jarraitzea ahalbidetzen du.
Nork erabaki?
Zenbatekoaz harago, auziak dimentsio instituzional eta demokratikoa du. LGSa ezartzea ez da prezio bat finkatzea bakarrik, lurralde batean bizitza materialaren oinarria nork definitzen duen erabakitzea ere bada. Eta hor, eztabaidak teknikoa izateari utzi eta politikoa bihurtzen da.
Euskal LGSak ez luke beste lurraldeek beren gutxienekoa hobetzea eragotziko; aitzitik, erakutsiko luke arauak ez direla naturalak eta aldaezinak, baizik eta gehiengo sozialaren interesen arabera molda daitezkeela; eta are gehiago, lan zuzenbidearen eta Zuzenbideko Estatu Sozialaren ikuspegitik moldaketa hori betebehar gisa har daitekeela. Hortaz, neurri korporatibo hutsa baino gehiago, erreferente izan liteke: bertako langileentzat, bereziki emakume, gazte eta pertsona arrazializatuentzat, baldintza materialak berehala hobetuko lituzkeelako; euskal markotik kanpo daudenentzat, soldata duinago baten alde borrokatzea posible dela erakutsiko lukeelako; eta lan harremanetatik kanpo dauden beste sektore prekarizatuentzat – langile informalak, autonomo prekarioak edo pentsionistak, adibidez, erreferente ekonomiko argiago bat izango luketelako.
Nazioarteko elkartasuna, Maiatzaren Leheneko eslogan hutsa izan ez dadin, egunerokoan eraiki behar da eta gorantz behar du. Gure arteko lehia baino, soldaten zorua altxatzea eta eskubideak zabaltzea behar du izan gure zerumuga.
Behetik berdintzen gaituzten negoziazio-markoek ez gaituzte asetzen, are gehiago jada gutxi duenari antolatzeko eta bizitza komunaren gainean eragiteko gaitasuna murrizten badiote. Batasunak narriadura izozteko balio badu, ez da benetako batasuna, gobernantza-eredu zaharkitu eta anakroniko baten menpekotasuna baizik. Eta horretaz, aski dugu!