euskaraespañol

Redes sociales campusa

Berdintasunaren aurrerapenean lagundu duten bost irakasle

M8ko ekitaldian Maite Muñoz, Leire Imaz, Cristina Penas, Jone Miren Hernández eta Begoña García Ramiro omenduko ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/05

Ezkerretik eskuinera: Begoña García Ramiro, Cristina Penas Lago, Jone Miren Hernández García, Leire Imaz Zubiaur eta Maite Muñoz García de Iturrospe, 2026ko Martxoak 8ko ekitaldi instituzionalean omendutako EHUko irakasleak.
Ezkerretik eskuinera: Begoña García Ramiro, Cristina Penas Lago, Jone Miren Hernández García, Leire Imaz Zubiaur eta Maite Muñoz García de Iturrospe, 2026ko Martxoak 8ko ekitaldi instituzionalean omendutako EHUko irakasleak. | Argazkia: Egoi Markaida, Fernando Gómez eta Nuria González.EHU.

2020tik EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak urtero omentzen ditu berdintasunaren edo feminismoaren alde edo indarkerien aurka egindako lanagatik nabarmendu diren unibertsitateko komunitateko emakume batzuk. Aurten, Maite Muñoz García de Iturrospe; Leire Imaz Zubiaur; Cristina Penas Lago; Jone Miren Hernández García, eta Begoña García Ramiro irakasleak aukeratu dituzte. Beren omenaldia izango da bihar EHUk M8aren harira egingo duen ekitaldiaren muina. Aurrerapen gisa, bost irakasle horiek aurkezteaz gain, adituak diren esparruari buruzko galdera bat egin diegu.

 

Maite Muñoz García de Iturrospe

EHUko Filologia Klasikoan lizentziatua eta doktorea, 1997tik Letren Fakultatean irakasle izan da, baita ikastegiko Berdintasun Batzordeko kidea. Erretorika Klasikoan, Epigrafia Kristauan eta Tradizio Literarioan aditua, gaur egungo egileek nola antzematen duten aztertu du bereziki.

Erdi Aroko Erretorikari, Latindar Bibliari eta Berant Antzinateko eta Erdi Aroko inskripzioei buruzko ikerketa‑taldeetan aritu da, besteak beste. Gaur egun Rethinking –Antzinate Erromatarra Birpentsatuz (Sevillako Unibertsitatea)- proiektuan ari da eta Greziako eta Erromako harreman politikoak eta kategoria sozialak taldea ikerketa‑taldean (EHU).

Irakasle izan da Filologiako gradu eta masterretan, Mundu Klasikoko eta Literatura Konparatuko masterretan, baita Esperientziaren Gelak programan ere. Sei doktore‑tesi zuzendu ditu, haietatik bost nazioarteko aipamenarekin.

Maite Muñoz: «Antzinateari buruzko ikerketek begirada kritikoa garatzen laguntzen dute, boterea eta identitateak nola eraiki diren ulertzeko»

Kudeaketa akademikoari dagokiola, Plangintza Akademikoko dekanordea, idazkari akademikoa eta Gradu, Master eta Doktoretza batzordeetako kide izan da. 2021etik, Arte eta Giza Zientzien ordezkaria da Berdintasunerako Batzordean; aurretik, bost urte baino gehiagoz izan zen Letren Fakultateko Berdintasun Batzordeko kide. Bere ibilbidean azpimarratu ohi duen alorretako bat da.

Zer irakasten digu antzinateak berdintasunari buruz?

Antzinateari buruzko ikerketek begirada kritikoa garatzen laguntzen dute, boterea eta identitateak nola eraiki diren ulertzeko. Corpus literarioaren analisiak erakusten du nolako  diskurtsoak sortu zituzten autoreek botere eta genero‑harremanei buruz. Antzinateak agerian uzten duen aniztasunak gogorarazten du harremanak eta elkartrukeak etengabeak zirela, eta pribilegioak zituzten emakume gutxi batzuk esparru pribatuaren mugak gainditzen saiatu zirela. Irakaspen horiek, askotariko ereduen bidez, gizarte irekiago baten oinarriak sendotu eta ikuspegi mugatuak gainditzen laguntzen dute.

 

Leire Imaz Zubiaur

Leire Imaz Zubiaur Zuzenbidean doktorea eta Zuzenbide Zibileko eta Enpresako Zuzenbideko Departamentuko irakasle titularra da, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. EHUko Berdintasuneko zuzendaria izan zen 2017-2021 bitartean. Aldi horretan, unibertsitate-komunitateari kontsulta egiteko eta modu aktiboan entzuteko prozesu baten bidez, genero-indarkerien aurkako indarreko protokoloa egin zuen, gaur egun ere indarrean dagoena.  Protokolo hori 2018ko uztailaren 7an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta egindako lan horregatik, 2021ean Meninas saria jaso zuen. Halaber, unibertsitateko kolektibo guztientzako onlineko prestakuntza jarri zuen martxan, bai eta indarkeria matxisten kontrako Indartu eta Eraldatzen prestakuntza-programa espezifikoak ere. Bestalde, Euskal Administrazio Publikoko langileentzako bi prestakuntza-planen diseinuan eta ezarpenean parte hartu zuen ikertzaile nagusi gisa, indarkeria matxistei nahiz haurren eta nerabeen aurkako sexu-erasoei dagokienez; plan horiei esker, 3.000 pertsona baino gehiago akreditatzea ahalbidetu zen.

Indarkeria Matxistak: Sareko Esku-hartzea Berezko Masterraren zuzendaria da (aurten egingo da lehenengo edizioa). Horrez gain, indarkeria matxistei buruzko beste hainbat prestakuntza-saio eman eta antolatu ditu.

Leire Imaz: «Bortxatutako emakumeak sare bat behar du ahalduntzerako bidea erresilientziaz ibili ahal izateko»

Eusko Legebiltzarrak izendatuta, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko Zuzenbide Zibilaren arloko Aholku Batzordeko kidea da 2017tik. Gainera, EHUko Giza Eskubideen Katedran, Irakaskuntza Ebaluatzeko Unibertsitate Batzordean, Euskara Batzordean eta Zuzenbide Fakultateko Kalitate Batzordean parte hartzen du.

Azkenik, bi doktore-tesi zuzendu ditu eta 2023an EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako emakumeen aurkako indarkeriari buruzko monografiaren egilekidea da (Violencia contra las mujeres: marco normativo, derechos de las mujeres víctimas, servicios y recursos).

Zergatik egin behar da sarea indarkeria matxistaren kontrako esku hartzean?

Lagun izateak bizitzak salbatzen ditu. Emakumeak, indarkeria matxista jasaten duenean, edozein harreman testuingurutan, jasaten duen eraginetako bat isolamendua da. Horren ondorioz, zailtasun handiak ditu egoera horretatik ateratzeko, ez du bere burua gai ikusten. Egoera horretatik ateratzeko eta bizi-kalitate handiagoa lortzeko, beste pertsona batzuen laguntza behar du. Beharrezkoa da sarea. Bere bizi-baldintzak aldatu ahal izateko, zaurgarritasun une hori partekatu behar du, egoera iraul dadin, baliozkotzean eta duintasunean oinarrituta afektiboa behar da, komunitarioa, baita arlo profesionaletik ere. Sareak egiten duen lehenengo gauza segurtasun-sostengu bat ehuntzea da, bortxatutako emakumea amildegira eror ez dadin, ahalduntzerantz erresilientziaz ibiltzeko aukera izan dezan.

 

Cristina Penas Lago

Cristina Penas Lago Ikerketa Biomedikoan doktorea eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea da. Bere lanean bi zaletasun handi uztartzen ditu: ikerketa onkologikoa eta irakaskuntza. Cristinaren ustez, zientziak gizarteari laguntzeko balio behar du. Hori dela eta, bere ibilbidearen hasieratik saiatu da genero-ikuspegia txertatzen osasun-arloko irakaskuntzan eta ikerketan. Bere helburua da unibertsitate bidezkoagoa, kritikoagoa eta inklusiboagoa eraikitzea.

Hamabost urte baino gehiago daramatza berdintasunarekin konprometituta. Denbora horretan, unibertsitateko kulturan parekidetasuna sustatzeko hainbat proiektu eta gunetan parte hartu du. Zortzi urtez, EDE Fundazioko Hezkidetza Saila koordinatu zuen. 2018tik, berriz, Emakumeak Medikuntzan foroan eta bere fakultateko Berdintasun Batzordean dihardu lanean. Gune horien bidez, osasun-irakaskuntzan eta ikerketan genero-ikuspegia txertatzeko prestakuntza-saioak bultzatu ditu. Horrela, alborapenei aurre egiten eta hizkuntza inklusiboa sustatzen lagundu du.

Cristina Penas: «Genero-ikuspegia txertatzeak ikerketa eta ebaluazio prozesuetan egon daitezkeen alborapenak identifikatzen eta zuzentzen laguntzen du»

Era berean, #SheMentoring eta #NosotrasCuramos #NosotrasInvestigamos bezalako ekimenen sustatzaile gisa, zientzian eta medikuntzan emakumezko erreferenteak ikusarazten lagundu du. Bere lana lankidetzan eta koherentzian oinarritu du beti, belaunaldi berrientzako aukerak eta erreferenteak sortzea erantzukizun partekatua dela sinetsita

Zergatik da garrantzitsua ikusaraztea emakumeek ikerketa zientifikoaren esparruan egindako ekarpenak?

Funtsezkoa da emakumeek jakintzaren hainbat arlotako ikerkuntzan egindako ekarpenak ezagutaraztea. Justizia kontua da, baina baita zientzia bera hobetzeko bidea ere. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da egungo emakumezko erreferente hurbilak egotea. Horri esker, emakumezko gazteek zientzian aritzeko aukera berenganatuko dute eta, bide batez, oraindik iruditeria kolektiboan dirauten estereotipoak gaindituko dira.

Emakumeek Antzinarotik parte hartu dute ikerketan. Historikoki, ordea, beren lorpenak sistematikoki baztertu dira, eta horrek indartu egin du beren ekarpenak urriak edo berriak direlako uste faltsua. Munduan, I+G arloan dihardutenen % 30 baino ez dira emakumeak. Egiturazko arrakala hori gainditzeko, funtsezkoa da erreferente motibatzaileak ikusaraztea. Gainera, genero-ikuspegia txertatzeak zientziaren kalitatea eta zorroztasuna hobetzen ditu; izan ere, ikerketa eta ebaluazio prozesuetan egon daitezkeen alborapenak identifikatzen eta zuzentzen laguntzen du.

Azken batean, emakume zientzialarien lana aitortzea ez da keinu sinboliko hutsa; ekitatean, koherentzia pedagogikoan eta erantzukizun sozialean oinarritutako ekintza bat da, zientzia bidezkoago eta inklusiboago egiten laguntzen duena.

 

Jone Miren Hernández García

Antropologiaren alorrean doktore, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle agregatua da, eta Gizarte Antropologiako graduan zein Ikasketa Feministak eta Generokoak unibertsitate masterrean eskolak ematen ditu. 2016-2023 bitartean Mikel Laboa Katedraren zuzendaria izan da. Bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta.

Jone Miren Hernándezek egindako ibilbideak modu eredugarrian uztartzen ditu konpromiso akademikoa, erantzukizun soziala eta jardun feminista. Bere ekoizpen akademikoak ekarpen sendo eta jarraitua egin dio pentsamendu feministaren garapenari, bereziki hizkuntzaren antropologiaren eta antropologia feministaren esparruetan. Ikerketa-lanetan, genero-berdintasunerako funtsezkoak diren gaiak landu ditu: kulturaren transmisioa, emakumeen parte-hartzea, gorputzak, emozioak, gazteria eta sorkuntza sinbolikoko espazioak, arreta berezia jarriz bertsolaritzan eta egungo euskal kulturan.

Konpromiso akademiko hori lan sozial eta instituzional bizi batek osatu du. Tokiko administrazioan berdintasun-teknikari gisa izan zuen esperientziak aukera eman zion ikuspegi feminista politika publikoen diseinura eta ezarpenera eramateko, tokikotik egiturazko aldaketak sustatuz.

Jone Miren Hernández: «Berdintasun, genero identitate, sexualitatearekin... lotutako hainbat auzien aurrean deserosotasuna ez da zerbaiten ondorioa, sintoma baizik»

Era berean, gogoeta kolektiborako espazioak sortzeko, ikuspegi feministatik belaunaldi berriak hezteko eta lankidetza-sareak ehuntzeko duen gaitasuna funtsezkoa izan da berdintasunarekin konprometitutako komunitate akademiko bat sendotzeko. Bere lanak galdera deserosoak plazaratzen lagundu du, gabezia historikoak ikusarazi ditu, eta tradizionalki bazterrean utzitako jakintzak eta esperientziak indartzen lagundu du.

Zure lanak galdera deserosoak plazaratzen lagundu du. Zein da zure ustez nork bere buruari egin behar dion galdera deseroso horietako bat, berdintasunari dagokiola?

Deserosotasuna abiapuntu egokia izan daiteke ikerkuntzan zein bizitzan. Horrelako sentsazio batek galdegiten digu: zer gertatzen da?  nondik dator egonezin hau? Zerk eragin du? Lurrikara txiki (edo handi) bat bezala izan daiteke eta askotan horrek agerian uzten ditu oso barneratuta ditugun usteak, arauak edo irudikapenak.  Berdintasunarekin, genero identitatearekin, sexualitatearekin... lotutako hainbat auzien aurrean deserosotasuna ez da zerbaiten ondorioa, sintoma bat baizik, adibidez gizarte mailan gertatzen ari diren aldaketak edota aldarrikapenena. Horiei so egin, aztertu eta hausnartzea, antropologian dagokigun lana izateaz gain, pertsona bezala hazteko modu ezin hobea dela uste dut.

 

Begoña García Ramiro

María Begoña García Ramiro matematikaria da, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta ikastegi horretako Berdintasun Batzordeko kidea. Bertan modu aktibo eta jarraituan parte hartu izan du, aurreko batzordeek egindako lana zabalduz eta eskolaren barruan berdintasunaren aldeko sentsibilizazio- eta sustapen-ekintzak indartuz. Bere lana diskretua, etengabea eta iraunkorra izan da bost urtez, eta berdintasunaren aurrerapenean lagundu du ikuspegi zorrotz, parte-hartzaile eta konprometitu batetik.

Besteak beste, ikastetxeko Berdintasun Plana berrikusten eta haren jarraipena egiten lagundu du, Ingeniaritzako titulazioetan dauden desberdintasun espezifikoak aztertzen, eskolak emandako dokumentuetan hizkuntza inklusiboa txertatzen eta sustatzen, eta martxoaren 8ko eta ekainaren 23ko (Emakumeen Nazioarteko Eguna Ingeniaritzan) jarduerak antolatzen eta laguntzen. Ekarpen horiek, denboran zehar jarraituak, berdintasunarekiko konpromiso argia islatzen dute, emakumeak gutxiengoa diren eta sentsibilizazio-lana bereziki beharrezkoa eta baliotsua den ingurune akademiko eta profesional horretan.

Begoña García: «Zenbait emakumek STEM ikasketak edo lanbideak uzten dituzte, inklusiboak ez diren inguruneengatik edo lana eta familia uztartzeko zailtasunengatik»

Halaber, Bizkaian 2003ko ekainetik 2004ko irailera bitartean garatutako EMATEK proiektuan parte hartu zuen. Proiektu hori Europako ekimen bat da, emakume zientzialari eta teknologoen presentzia eta lidergoa indartzera, desberdintasunak diagnostikatzera eta neurri berritzaileak sustatzera bideratua, zientzian eta teknologian ingurune berdinzaleagoetara aurrera egiteko. Proiektu horretan parte hartzeak berdintasunarekiko konpromisoa eta ingurune zientifiko teknologikoetan emakumeen baldintzak hobetu ahal dituzten ikuspegi zorrotzak aplikatzeko interesa indartu zituen.

Zeintzuk dira ingeniaritza bat aukeratzerakoan oraindik ere neskak geldiarazten dituzten oztopo kultural edo sozialak?

Alde batetik, sozializazio ezberdina haurtzarotik. Familia-, eskola- eta gizarte-inguruneak neskak zaintzarekin lotutako eremuetara gehiago bideratzen dituzten mezuak transmititzen ditu — batzuetan konturatu gabe —, eta mutilak teknologiara eta esperimentaziora bultzatzen ditu. Bestetik, genero-estereotipo iraunkorrak. Ingeniaritza eta teknologia gizonezkoen "sortzetiko" gaitasunekin lotzen dituzten sinesmenek indarrean jarraitzen dute, konfiantzari eta kidetasun-sentimenduari eraginez.

Beste oztopo bat ageriko erreferente femeninoen falta da. Emakumeek lanpostu teknikoetan duten presentzia mugatuak murriztu egiten ditu emakumeek beren burua islatzeko dituzten aukerak. Gainera, neskek emaitza berdinak edo handiagoak lortzen badituzte ere, aldea dago faktore sozial eta kulturalek eragindako ingeniaritza-ibilbideen aukeraketan.

Oso inklusiboak ez diren hezkuntza- eta curriculum-ikuspegiek ere zerikusia dute. Curriculum, material eta metodologia askok ez dute genero-ikuspegirik, eta estereotipoak indartzen dituzte. Eta, azkenik, kultura akademiko eta laboralen pertzepzioak ez dira oso abegikorrak. Zenbait emakumek STEM ikasketak edo lanbideak uzten dituzte, inklusiboak ez diren inguruneengatik edo lana eta familia uztartzeko zailtasunengatik.

 

GENERO IKUSPEGIA DUTEN SARITUTAKO LANAK

Halaber, M8ko ekitaldi instituzionalean Francisca de Aculodi, María Goyri eta Micaela Portilla sariak emango zaizkie genero ikuspegidun gradu amaierako lanei, master amaierako lanei eta tesiei, hurrenez hurren. Zehazki sarituak izan dira GrALen egile hauek: Arte eta Giza Zientzietan, Irati Martin García ‘Emakumezko apaizgoa mundo feniziar-punikoan’ lanagatik eta Ana Isabel Acosta Domínguez ‘Análisis de estrategias discursivas de la ultraderecha en contra del feminismo en redes sociales’ lanagatik; Gizarte eta Lege Zientzietan, Itsaso Atucha Moreno ‘Amatasun- eta aitatasun-bajen parekatzea: lan-berdintasunean duten eraginari buruzko azterketa’ lanagatik eta Irati Domínguez Oliván por ‘Las marcas que cambian las reglas: ¿revolución menstrual o estrategia de marketing?’ lanagatik; eta Osasun Zientzietan, Elena Castro Llano ‘COVI D-19 pandemiaren eragina antsiolitiko eta antidepresiboen kontsumoan: generoaren araberako azterketa Euskal Autonomia Erkidegoan’ lanagatik eta Ainara Bilbao Parada ‘Desigualdades de género en los cuidados: Una experiencia intergeneracional de sensibilización y empoderamiento comunitario en Uribarri a través de aprendizaje-servicio’ lanagatik; MALetann, saria Agustín Bolinches Monteagudo ‘Mensajeras de la memoria: el papel de las mujeres en la resistencia y transmisión de la memoria silenciada en Euskal herria durante la guerra civil y la posguerra’ lanagatik eta akzesita Marcia Núñez Catalán ‘Los Principios Cooperativos y la Alianza Cooperativa Internacional. Un análisis interseccional y decolonial a través de las categorías de clase, género, raza y estatus migratorio’ lanagatik; eta tesietan, saria Maialen Altuna Etxeberria ‘Emociones, represión y resistencias de género en el franquismo (País Vasco 1939-1968)’ lanagatik eta akzesita, Itxaro González Guridi por ‘El tratamiento de la violencia (Masculina) contra las mujeres en la literatura vasca y española (2003-2019)’ lanagatik.