euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Badator EHUP! Jaia

Apirilaren 24an Donostian izango da lehenengoz unibertsitate publikoaren aldeko festa handia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/10

Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordea (erdian), Leire Berasaluze, campuseko idazkaria akademikoa (eskuman) eta Olatz Ocerin campuseko Ikasleen, Euskara eta Kulturarako zuzendaria (ezkerraldean), zenbait ikaslerekin festaren aurkezpenean | Argazkia: Unai Susperregi. EHU

Iaz Bizkaiko Campusean ospatutako EHUP! Jaiaren arrakastaren ondoren, aurten Gipuzkoako Campusak hartuko du jai handiaren lekukoa apirilaren 24an. Bere helburua "EHUko kide izatearen harrotasuna aldarrikatzea eta kide izatearen sentimendua areagotzea" da. Aurkezpenean Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Leire Berasaluze campuseko idazkari akademikoa,  Olatz Ocerin. Gipuzkoako Campuseko Ikasleen, Euskara eta Kulturarako zuzendaria eta Eneko Ballesteros Gipuzkoako Ikasleen Kontseiluko presidentea izan dira, zenbat kidez laguntza.

Gipuzkoako Campuseko Unamuno plaza (landa) izango da aurten gizarteari zabalduko zaion jai handiaren epizentroa. "Unibertsitate-komunitate osoarentzako eta, oro har, gizartearentzako topagune izan dadin —azaldu du Juana Goizueta campuseko errektoreordeak—, formatu parte-hartzailea eta espazio ireki eta irisgarria aukeratu dugu”. Unibertsitatearen ‘eman eta zabal zazu’ leloari egin dio erreferentzia Goizuetak: “ezin hobeto definitzen du jaiaren izpiritua. Ziur gaude diseinatutako formatuak eta egitarauak ahalbidetuko dutela egun hau gure memoria kolektiboan geratzea".

Hiru txosna jarriko dira plazako hainbat puntutan. Stand bat ere egongo da, non zapiak, kamisetak eta edalontziak eskuratu ahal izango diren. Jaiaren izaera kolektiboa eta boluntarioen lana jarri dute balioan campuseko ordezkariek; izan ere, unibertsitate-komunitatearen zati handia inplikatuko da egunaren jarduera-programa zabala antolatzen. "Zerbait argi baldin badugu da hitzordu honen arrakasta talde antolatzailearen inplikazioan datzala, eta, bereziki, boluntarioen eta EHUP! posible egingo duten pertsona aktibo denen inplikazioan", nabarmendu du Leire Berasaluze campuseko idazkari akademikoak.

Festa handi bat gizarteari irekia

EHUko abesbatzaren irekierarekin, 12:00etan, txupinazoarekin hasiko da EHUP! jaia. Festa handiaren hasiera eguerdian izango da, beraz, eta 22:00etan amaituko da, etenik gabeko egitaraua bete ondoren. Txupinazoaren ondoren, Ondoezik Elektro Txarangaren doinuek zelaia zeharkatuko dute, eta bertan ping-pong eta herri kirolen txapelketak izango dira, mural kolektibo bat osatzen den bitartean. 13:30ean Unibazkarian jan-edanarekin indarrak hartzeko unea izango da. Bingo Musikala, Brillet musika taldearen kontzertua, Mus Txapelketa eta Iratzar Erromeria egongo dira arratsaldean; eta bitartean, Tuna Distrito Bizkaia landan zehar ibiliko da. Azkenik, Fresa Morangoren emanaldiak emango dio amaiera egun handiari.

“Guretzat, EHUko komunitatearentzat, oso garrantzitsua da espazioak izatea alor akademikotik harago, unibertsitatearekin lotzen gaituztenak, campusei bizia ematen dienak. Pertsonen arteko harremanak, komunitatearen zaintza eta ongizatea hau ere bada”, azpimarratu du Olatz Ocerin. Gipuzkoako Campuseko Ikasleen, Euskara eta Kulturarako zuzendariak.

EHUP! Jaiak Gipuzkoako Campusetik Arabako Campusera jauzi egingo du datorren urtean. Bitartean, apirilaren 24an, Donostian, festa handi bihurtuko da, EHUko kide izatearen sentimendua indartzeko ez ezik, gizarte osoari ateak irekitzeko eta euskal unibertsitate publikoa aldarrikatzeko helburuarekin.