600 ikasle eta graduatu berri bilduko dira EHUko Enplegu Foroan
- Ekitaldia
Noiz eta non
2026/03/11, 09:00 - 14:00
Kokapena
Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbo (Bizkaia)
Deskribapena
Enplegagarritasuna bultzatzeko eta talentua enpresen behar profesionaletara hurbiltzeko antolatutako foroan 600 ikasle eta egresatu inguruk eman dute izena. Jardunaldiaren helburu nagusia da parte-hartzaileei lan-merkatuaren egungo eskaintza eta joerak zuzenean ezagutzeko aukera ematea, eta, aldi berean, enpresei beren beharretara egokitzen diren profil profesionalak identifikatzeko eta erakartzeko gunea eskaintzea.
Foroan parte hartuko dute ingeniaritza eta aholkularitza enpresek, arlo sozio-sanitarioko erakundeek, kooperatibek, hirugarren sektoreko entitateek eta fundazioek, baita ikerketa-zentroek eta klusterrek ere. 94 erakundek 218 lan-eskaintza egingo dituzte aurtengo enplegu foroan; 89 enpresa pribatuk eta 5 erakunde publikok. Besteak beste, bertan izango dira Arteche, IDOM Consulting, Engineering, Architecture, Maier S. Coop., Grupo Urgatzi, AZTI eta ACLIMA.
Ekitaldira bertaratzen direnek beren prestakuntzara, esperientziara eta interesetara egokitzen diren lan-eskaintzak ezagutu eta eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, enpresetako Giza Baliabideetako arduradunekin zuzenean hitz egin eta elkarrizketak egiteko aukera izango dute, eta gaur egun industria, zerbitzuak, zientzia eta teknologia, eraikuntza, finantzak eta osasuna bezalako sektoreetan dauden lanpostuetarako hautagaitza aurkeztu ahal izango dute.
Jardunaldiak eduki osagarri zabala ere eskainiko du. Enpresen aurkezpenez gain, lau mahai-inguru sektorial antolatuko dira honako arlo hauetan: zientziak eta osasun-zientziak; ekonomia, zuzenbidea eta lan-harremanak; ingeniaritza; eta gizarte- eta komunikazio-zientziak. Saio horietan, talentu gaztea erakartzeaz arduratzen diren sailek gaur egun gehien eskatzen diren profil profesionalak azalduko dituzte, baita etorkizun hurbilean garrantzia hartuko dutenak ere. Era berean, lanpostuak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta gaitasunak zehaztuko dituzte.
Bestalde, lan-orientazioko saioak egingo dira, eta parte-hartzaileek CVrako argazki profesionala doan ateratzeko aukera izango dute. Ekimen horien helburua da erakundeek eskatzen dituzten eskumenak ezagutaraztea eta enplegu-eskatzaileekin harreman eta elkarrekintza zuzena sustatzea.
Parte-hartzea errazteko, doako autobus zerbitzua eskainiko da Leioatik Bizkaia Aretora. Foroan parte hartu eta enpresek karrera profesional arrakastatsua garatzeko talentuari eskaintzen dizkioten lan-aukerak ezagutzeko, beharrezkoa izango da martxoaren 10a baino lehen izena ematea.
Izen ematea: Enplegu Foroa - Praktikak eta Enplegua - EHU
Inaugurazio-ekitaldian honako hauek arituko dira:
- Joxerramon Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea
- Mikel Torres, Bigarren lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua
- Estitxu Garai, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea
- Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa Eta Berdintasuna Sustazeko Saileko Foru Diputatua
- Javier Garcinuño, Bilboko Udaleko Bilbao Ekintzako Zuzendari Orokorra