Leire Aperribairen ikerketak tresna eraginkor eta fidagarri bat probatu du adimen-gaitasun handiak dituzten pertsonak hobeto hautemateko. Azterlanak frogatu du ordenagailuz egiten den ordu erdiko adimen-proba batek nabarmen handitu dezakeela gaur egun dagoen detekzio-maila baxua. Gainera, beste metodo batzuek ez bezala, proba honek ez du generoen arteko desberdintasunik egiten, eta ondorioztatu dute egokia dela baheketa orokor baterako.
-
Gradu eta graduondo amaiera ekitaldi bateratua ospatuko du EHUk San Mamesen ekainaren 12an
-
EHUk atsekabea erakutsi du Garaikoetxearen heriotzagatik: "Euskal unibertsitate publikoa zorretan dago berarekin"
-
Sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan
-
‘Bullying’a ikasgelan jaio eta Interneten hedatzen da adingabeen artean
-
Gaizkia, Auschwitzetik Gazara
Adimen-gaitasun handiak antzemateko bide berri bat aurkitu dute
EHUko ikerketa batek erakutsi du badagoela adimen-gaitasun handiak genero-alborapenik gabe detektatzeko modu objektibo bat
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/20
Biztanleriaren % 10 inguruk ditu adimen-gaitasun handiak, baina batez beste % 1 baino gutxiago dago identifikatuta. Gainera, horietako gehienak, % 70, mutilak dira. Beraz, gutxi detektatzen da eta genero-alborapena esanguratsua da.
Egoera horren aurrean, EHUko ikertzaile Leire Aperribaik, La Laguna Unibertsitateko ikertzaileekin batera, tresna eraginkor bat probatu du detekzio-maila eta objektibotasuna handitzeko: "Detekzioa ondo egitea oso garrantzitsua da. Hori gabe ez zaie hezkuntza-erantzun egokia ematen eta, ondorioz, gerta daiteke adimen-gaitasun handiko pertsonek motibazioa galtzea, autoestimu baxua izatea edo eskola-porrota gertatzea, besteak beste. Hori ekiditeko, ezinbestekoa da hezkuntza-eremuan erraz erabiltzeko detekzio-tresna eraginkor bat izatea, eta frogatu dugu badela adimen-test bat bermatzen duena lehen baheketa zorrotz bat egitea”, dio Aperribaik.
Ondorio hori Bigarren Hezkuntzako 1.261 ikaslerekin egindako ikerketa batetik atera dute. Adimen-test estandarizatu bat betetzeko eskatu diete, eta parte-hartzaileen % 9,21i antzeman dizkiote adimen-gaitasun handiak; prebalentzia-tasa teorikora asko gerturatuz eta gaur egungo detekzio-maila biderkatuz. “Emaitzek berresten dute proba eraginkorra dela. Eta ondorioztatu dugu lehen baheketarako egokia izan daitekeela; eskaintzen duen detekzio-maila altuagatik eta erraz eta azkar egin daitekeelako. Egia da ondoren ebaluazio sakonago bat eta azterketa gehiago egin beharko liratekeela adimen-gaitasun handiak ebaluatzeko, baina abiapuntu ona eskaintzen du”, azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.
Baheketa-prozesu eraginkorragoak, azkarragoak eta objektiboagoak egiteko tresna
Aztertu duten adimen-proba Matrices-TAI deitzen da, eta adimen-kozientea kalkulatzen du. Horretarako, matrize grafikoen bitartez, arazo berri eta konplexuak ebazteko gaitasuna ebaluatzen du, adimen jariakorra, alegia. Hitzen ordez grafikoak erabiltzen dituenez, irisgarria da hizkuntza-zailtasunak dituztenentzat ere. Ordenagailuan egiteko test bat da eta batez beste 30 minutuko iraupena dauka. “Horrek guztiak ikasleei modu unibertsalean egiteko modukoa bihurtzen du. Detekzio-maila altua eskaintzeaz gain, identifikazio-prozesua asko laburtu dezake. Izan ere, unean bertan ematen ditu emaitzak, eta, hortaz, ikasleak biharamunean has daitezke hezkuntza-arreta egokitua jasotzen, ebaluazio-prozesu osoa egiten den bitartean. Bestelako identifikazio-sistemek urteak behar izaten dituzte, eta garesti ateratzen zaie adimen-gaitasun handiko ikasleei erantzunik ez jasotzea”, dio Aperribaik.
Bestalde, aztergai izan duten probak objektibotasuna bermatzen du. Hala erakutsi dute ikerketak azalarazi dituen genero-ikuspegiari lotutako datuek. Izan ere, adimen-testaren arabera adimen-gaitasun handikoak diren parte-hartzaileen artean, nesken eta mutilen portzentajeak antzekoak dira. Beraz, ez du alborapenik egiten. Ikertzaileek azpimarratu dute hau frogatu izana pauso garrantzitsua dela antzematean gertatzen den genero-arrakala murrizteko eta berdintasuna handitzeko.
Prozedura berriak martxan jartzeko alternatiba
Matrices-Tai detekzio-tresna fidagarria, azkarra, erraza eta genero-alborapenik gabekoa dela frogatuta, ikertzaileen esanetan, gaur egun erabili ohi diren baheketa-sistemen eragozpenak ekiditeko alternatiba izan daiteke.
“Autonomia-erkidego bakoitzak bere prozedura badu ere, gehienek lehenengo baheketa familien eta irakasleen gain uzten dute. Profesionalontzat ere konplexua den egiteko bat gaian adituak ez direnen ardurapean geratzen da. Horretaz gain, erabili behar izaten dituzten detekzio-tresnek ez dute laguntzen. Izan ere, lehenengo fasean ez dira adimen-test objektiboak erabiltzen, baizik eta haurren ezaugarrien inguruko galdetegiak. Gertatzen dena da, irakasleek ikasle asko dituztenez, ezin izaten dituztela umeak sakon ezagutu eta ezin izaten dietela galderei zehaztasunez erantzun. Ondorioz, lehen baheketetan adimen-gaitasun handiko haur asko ez dituzte detektatzen eta ez dizkiete identifikazio-fasean bakarrik egin ohi diren adimen-proba objektiboak egiten", dio Aperribaik.
Gainera, ikerketak azaltzen du halako prozeduretan irakasleen erantzunak eta erabakiak baldintzatuta egoten direla. Aurreiritziek, estereotipoek, generoa sozializatzeko moduek eta bestelako faktore subjektiboek eragina dutelako. Horrek sorrarazi dezakeen detekzio ez hain zorrotzaren aurrean, proposatzen dute prozeduretako baheketen lehen urrats modura EHUn aztertutakoaren gisako adimen-test objektiboak erabiltzea eta ikasle guztiei egitea.
Informazio gehigarria
Artikulu hau La Lagunako Unibertsitateko ikertzaileekin batera landu du Leire Aperribai ikertzaileak. Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia saileko kidea da, eta, gaur egun, nagusiki adimen-gaitasun handiko pertsonen nortasuna eta ongizatea aztertzen dihardu. Bestalde, Psikologia Graduko eta Osasun Psikologia Orokorra Masterreko irakaslea da.
Erreferentzia bibliografikoa
Leire Aperribai, Elena Rodríguez-Naveiras, Triana Aguirre, Teresa González-Pérez and África Borges
Detection of High Abilities: An Empirically Evidenced Alternative to Biased Detection
Erreferentzia bibliografikoa
- Detection of High Abilities: An Empirically Evidenced Alternative to Biased Detection
- Journal of Intelligence
- DOI: 10.3390/jintelligence14010009
