euskaraespañol

Redes sociales campusa

Amaia Arruabarrena: «Ikerkuntza ez da bide erraza, baina poz bakanek gaina hartzen diete zailtasun guztiei»

Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek emakume zientzialari nabarmenei ematen dizkieten sarietako Starting kategoriakoa jaso du EHUko Ikerbasque eta Ramón y Cajal ikerlariak

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/26

Amaia Arruabarrena, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea
Amaia Arruabarrena, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea | Argazkia: Laura López. EHU

Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek urtero saritzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan beren ikerketa-lanak egiten dituzten hiru emakume. Aurten Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque eta Ramon y Cajal ikerlari Amaia Arruabarrena-Aristorenak aintzatespenetako bat jaso du, hain zuzen, Starting kategoriakoa, ikertzaile gazte gisa egindako ekarpen nabarmenagatik.

Amaia Arruabarrena-Aristorena (Donostia, 1987) Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2016an. Doktoretza bukatu ondoren, New Yorkera joan zen minbiziaren aurkako ikerketan lan egiten duen punta-puntako zentro batera: Memorial Sloan Kettering Cancer Center-en (MSKCC). 2020an Euskal Herrira itzuli zen, Minbiziaren eta Metabolismoaren Seinaleztapen Zelularraren (CIC bioGUNE) laborategira, Juan de la Cierva Incorporación beka batek finantzatuta. 2021ean, Ikerbasque Research Fellow izendatu zuten, eta 2022an, Junior leader La Caixa Retaining eta Ramon y Cajal. 2023an, EHUn ikertzaile nagusi gisa hasi zen lanean, non bularreko minbiziaren metabolismoaren eta erregulazio epigenetikoaren arteko lotura aztertzen duen, eta urte horretan bertan L'Oreal-Unesco Saria jaso zuen.

Zergatik erabaki zenuen bularreko minbiziaren ikerketan lan egitea?

Emakume gisa, betidanik erakarri izan nau. Hala ere, nire doktoretza egin nuen prostatako minbizia (hormonen mendeko minbizi mota bat) ardatz zuen laborategi batean, baina taldea gustatu zitzaidanez, ez nion hainbesteko garrantzirik eman. Doktoretza osterako laborategi baten bila hasi nintzenean, eremuz aldatzea erabaki nuen, eta bularreko minbizia aztertzea, hau da, hormonen mendeko beste-minbizi mota bat, nire interesetatik hurbilago zegoena.

Zeintzuk  izan dira zure lanaren aurkikuntza edo ekarpen nagusiak?

Nire doktoregoan deskribatu genuen, prostatako minbizia garatzen ari denean, bide metaboliko bat (zelulen barruan gertatzen diren erreakzio kimiko batzuk, substantziak eraldatzeko eta osagai berriak sortzeko) aldatzen dela. Nire doktorego ondokoan, berriz, transkripzio-faktore zehatz batean, hau da, geneen jarduera kontrolatzen duen etengailu molekular batean eragina zuten mutazioak aztertu nituen. Azterketa horren arabera, zenbait mutazio zituzten pazienteek erresistentzia garatzen zuten gaur egun ematen zaien lehen tratamenduarekiko, hau da, aromatasa-inhibitzaileen terapiarekiko.

Gaur egun, gure laborategian lan egiten dugu hauxe ulertzeko: metabolismo nuklearraren (substantziak eraldatzeko zelulen nukleoan gertatzen diren erreakzio kimiko batzuk) eta erregulazio epigenetikoaren (geneen jarduera erregulatzen duena, haien sekuentzia, hau da, mezua, aldatu gabe) arteko lotura.

Nola eragin du nazioarteko esperientziak (adibidez, New Yorkeko Memorial Sloan Kettering Cancer Center-en izandakoa) zure ikertzeko moduan?

Eragin handia izan du, batetik, nire curriculumean; izan ere, Ikerbasque Research Fellow edo Ramón y Cajal bezalako laguntzak lortzen lagundu dit, eta, horiei esker, ikertzaile gisa independizatu naiz eta nire ikerketa-ildo propioa garatu.

Ikertzeko moduari dagokionez, doktoretza osteko etapak ikertzaile gisa heltzen laguntzen dizu. Neuk posdoka, MSKCC bezalako zentro batean, zientzialari eta kliniko bikainez inguratuta egiteak, proiektuei buruz modu globalagoan pentsatzen irakatsi zidan, nire galderen garrantzia zalantzan jartzen eta azken helburua begien bistatik ez galtzen, alegia, minbizia duten pazienteak.

Zer erronkari aurre egin diozu zeure laborategia sortu eta ikerketa-talde bat eratu ahal izateko?

Inolako prestakuntzarik gabe halabeharrez egin behar dugun eginkizun bat da zailena: aurrekontu-partidak, langileen kudeaketa eta burokrazia handia. Horri guztiari ekin behar diozu, gure benetako lanean, ikerkuntzan, jarraitzen dugun bitartean.

Bestalde, zailtasun handienetako bat espero ez nuena da: langileak aurkitzea. Gero eta jende gazte gutxiago dago ikerkuntzan interesatuta. Ikerkuntza bokaziozko lanbide bat da, eta oso gaizki baloratua. Eta horrek eta zientziaren lehiakortasunak asko zailtzen dute laborategirako jendea aurkitzea.

Zer esango zenieke zientzian aritzea pentsatzen ari diren neska gazteei?

Zientziak benetan motibatzen baditu eta jakin-mina badute, saia daitezela, gai direlako. Ez da bide erraza, frustrazio asko eta esker on gutxi dakartzalako, baina poz bakan horiek gaina hartzen diete zailtasun guztiei. Eta kontuan izan behar dute ikerketak alderdi positiboak ere dituela, bidaiatzeko aukera asko edo ordutegi-malgutasuna, esaterako.