euskaraespañol

Redes sociales campusa

Guadalupe Rivero Calera eta Oihane Martínez Peula

Amek bakarrik ez dute beren burua zaindu behar: horrela eragiten du gizonezkoen osasun txarrak beren ondorengoengan

Neuropsikosfarmakologia taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/19

Drazen Zigic-en irudia Freepiken

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Edonork daki amaren adinak eta osasunak eragina duela haren ugalkortasunean eta ondorengoen osasunean. Lehen faktore horren garrantzia dela eta, “erloju biologikoaren” kontzeptua aipatu ohi da, emakume batzuei nolabaiteko presioa eragiten diena. Horrela, betetzen ari diren urteen arabera amatasunari buruzko erabaki bat hartzera bultzatuta, nork bere nahiak eta horretan eragina izan dezaketen faktore psikosozialak, ekonomikoak eta lanekoak kontuan hartzeari uko egiten diote.

Baina, ondoren ikusiko dugunez, aitaren adinak, ohiturek eta esperientziek ere baldintzatu dezakete seme-alaben osasuna.

Ugalkortasunetik haratago

Lehenik, esan behar da gizonen ugalkortasuna gutxitu egiten dela 40 urte bete ondoren eta gaixotasun kardiobaskularren eta metabolikoen ondorioz. Baina, gainera, ikusi da aitaren adinak areagotu egiten duela gaixotasun mentalen intzidentzia seme-alabengan.

Nahasmendu psikiatrikoen kasu zehatzean, haien azpiko mekanismoen azterketa oso konplexua da: adinaren faktore biologiko posibleari belaunaldien arteko talkak hazkuntza estiloan duen eragina gehitu behar diogu, eta aita edadetua duen haur batek bere aita galtzeko arriskua ere bai, oraindik oso gaztea denean.

Bestalde, gosete edo gerra garaien inguruko azterketa epidemiologikoek erakutsi dute gaixotasun kardiobaskularren eta metabolikoen intzidentzia eta estresarekiko sentikortasuna areagotu egiten direla halako gaixoen ondorengoengan.

Herentzia pozoitua

Ezin da alde batera utzi gertaera horiek tasun biologiko hutsetik haragoko ondorioak izan ditzaketela, baina ez da baztertu behar, halaber, esperientzia traumatikoek, ohitura osasungaitzek, aitaren adinak eta haren gaixotasunek seme-alabek heredatzeko moduko arrastoa uztea. Gaur egun aintzat hartzen den Jean-Baptiste Lamarck naturalista frantsesak proposatutako ideien ildoan legoke hori.

Aitaren adinaren eta osasunaren eragina mekanismo biologikoren baten bidez heredatu ote daitekeen aztertzeko, animaliekin esperimentatzeko aukera erabili da. Ikerketa horiek baieztatu dute dietak eta jarduketa fisikoak ondorengoengan duten eragina. Gainera, drogak kontsumitzeak eta bestelako ohitura osasungaitzek ere eragin negatiboa dute zentzu horretan.

Horrela, hainbat ikerketak frogatu dute alkoholak eragina duela kumeen pisuan, eta haiek antsietateari lotutako sintomak garatzen dituztela; gainera, aitaren nikotinarekiko edo kalamuarekiko esposizioak autismoarekin lotutako geneetan alterazioak eragin ditzake.

Era berean, estresa jasaten duten sagu arren kumeek ere alterazio metabolikoak eta estresarekiko sentikortasun handiagoa izan ditzakete.

Honela gertatzen dira aldaketa epigenetikoak

Eta nola transmititu dezake aitak faktore horien eragina? Ikerketa horien arabera, espermaren bidez transferitzen dira ondorio kaltegarriak. Zehazki, “informazioak” mikroRNA moduan, RNA mota txikiago batean, bidaiatuko luke. Horrek mekanismo epigenetikoak eragin ditzake.

Labur esanda, mekanismo epigenetikoek gure geneen adierazpenari eragiten diote, baina ez dute gure kode genetikoa aldatzen. Hau da, DNA aldatu gabe, gure aitak (baita gure aitonak ere) gure eta gure ondorengoen osasunari eragingo liokeen funtsezko informazioa helarazi ahal izango liguke.

Ikerketek dieta, estresa eta konposatu toxikoekiko esposizioa eta espermako mikroRNA mailen alterazioak erlazionatu dituzte. Horren adibide argia dira alkohola eta nikotina: biek ala biek aldarazten dituzte zazpi mikroARN mota desberdinetako kopuruak.

Seguruenera, hurrengo ikerketek molekula horien zeregin zehatza eta haiek abian jartzen dituzten mekanismoak hobeto ulertzen lagunduko digute.

Etorkizuneko aiten eta amen zainketak

Laburbilduz, gurasoen adinak eta osasunak eragina dute amatasunaren eta aitatasunaren eremu guztietan, zalantzarik gabe. Azken ikerketek adinaren, ohituren, gaixotasunen eta esperientzia traumatikoen eragina transmititzeko eta oinordetzan hartzeko mekanismo epigenetikoek agerian jartzen dizkigute.

Haurdun geratu nahi duten emakumeen kasuan, plangintza on batek haurdunaldi osasuntsua eta haurtxoaren osasun ona lortzen laguntzen du. Plangintza horrek haurdunaldia baino lehen hasten diren zainketa batzuk barne hartu behar ditu: elikadura osasungarria edukitzea, tabakoa eta alkohola saihestea eta azido folikoaren gehigarriak hartzea.

Baina artikulu honetan azaldutakoa aintzat hartuz, guraso izan nahi duten gizonen bizimodu osasuntsua ere azpimarratu egin beharko litzateke. Era berean, seme-alabak izan nahi dituzten pertsonak babestu egin behar dituzte jaiotza-tasaren beherakadari aurre egiteko neurri publikoek. Horrek, haien ongizatean ez ezik, etorkizuneko herritarren ongizatean ere eragina izango baitu.