Egunerokotasunean besterik gabe zapaltzen dugun harearen azpian badago mundu berri bat, hots, biodibertsitate oparo bat. Eta, nola ez, baita hura kutsatzen duten zenbait eragile ere; horien artean, plastikoa. Begi hutsez hauteman ezineko paraje hori ezagutzeko eta bertako bizitza babestearen garrantziaz jabetzeko sortu zuten, beren-beregi, «Kontuz! Ez nazazu zapaldu!» proiektua.
Aniztasun olatuak euskal hondartzetan
«Kontuz! Ez nazazu zapaldu!» proiektuaren laugarren edizioan, hondartzetako biodibertsitatea aztertuko dute, gizarte-inklusioa lehen lerrora ekarrita
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/16
Ekimen hori EHUko Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile talde batek jarri zuen martxan, itsas ikerketa herritarrei hurbiltzea xedetzat hartuta. “Kultura zientifikoa zabaltzea eta pentsamendu kritikoa sustatzea da helburua. Zientzia gizarte osoari irekitzen laguntzen du, eta, aldi berean, parte hartzen duten herritarrak ikerketa-prozesuan ahalduntzen ditu”, adierazi du Miren Bego Urrutia Barandika proiektuko ikertzaile nagusiak.
Halarik ere, egitasmoaren helburuak zientziaz harago doaz; hain zuzen, gizarte-inklusioa da muina. “Hasieratik argi izan dugu benetan inklusiboa den zientzia bultzatzeko ahalegin berezia egin behar genuela, normalean halako jardueretan parte hartzen ez duten edo baztertuta geratzen diren kolektiboak erakartzeko”, nabarmendu du Urrutiak.
Aurten, laugarren aldiz egingo dituzte hondartza-azterketak, eta 1.400 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dutela aurreikusten dute; herritar zientzialari horien gehiengoa Bigarren Hezkuntzako ikasleak badira ere, aurten partaideen herenak talde inklusiboetakoak izango dira. Hala nola, Aniztasun kurrikularreko gelak, zeregin-ikasketako gelak, hezkuntza-laguntzako zentroak, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen elkarteak, desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukera egokituak sustatzen dituzten erakundeak, gizarteratze- eta laneratze-programak garatzen dituzten entitateak, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei arreta ematen dieten zerbitzuak, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonen fundazioak eta gazte-justiziako zentroak.
55 laginketa 16 hondartzetan
Lehenengo laginketa martxoaren 3an egin zuten Plentzian eta bere horretan jarraituko dute maiatzaren 14era arte. Guztira, 55 laginketa egingo dituzte Gipuzkoa eta Bizkaiko 16 hondartzetan: La Arena, Arrigunaga, Ereaga, Barinatxe, Arrietara, Muriola, Plentzia, Gorliz, Arrigorri, Saturraran, Deba, Ondarreta, La Kontxa, Zurriola, Alabortza eta Hondarribian. Laginketak egin ondoren, bigarren pausoa mikroskopioarekin lagin horiek aztertzean datza.
Azkenik, partehartzaileek proiektuaren fruituak Ozeanoen Nazioarteko Egunean partekatuko dituzte, hau da, ekainaren 8an, Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldi horretan «Kontuz! Ez nazazu zapaldu!» proiektuko herritar zientzialari oro bilduko dira eta bide batez, lan onenak sarituko dituzte.
Horrez gain, efemeride horretatik ekainaren 18ra bitarte, talde parte hartzaileek eginiko poster zientifikoak ikusgai egongo dira, Bizkaia Aretoko Axular eta Chillida geletan. Erakusketa inklusibo horretan mikrobiodibertsitateari eta kutsadurari buruzko aurkikuntzak erakutsiko dituzte.
Proiektu hau Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren lankidetzari esker gauzatu da. Halaber, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzaren babesa du (G9EU4RESEARCH proiektuaren baitan kokatzen da ekimen hau, 101305392 dirulaguntza-hitzarmenaren arabera, Horizonte Europa programak finantzatuta).
