-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Emakumeak eta Zientzia: lau ikertzaile-belaunaldi XXI. mendeko erronkei aurre egiteko
-
Seguridad, miedo y ciudadanía: el joven magrebí como chivo expiatorio
-
Abortos financiados con dinero público, pero realizados en clínicas privadas
-
Oles, oles lurra esna zaitez!
Ariketa fisikoa, emakumea eta postmenopausia
EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailak etapa horretan ariketa fisikoak duen garrantziari buruzko monografia argitaratu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/16
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailak ‘Ejercicio físico, mujer y postmenopausia: de la evidencia a la práctica’ izeneko monografia akademikoa argitaratu du Octaedro editorialean. Lana Ilargi Gorostegi Anduagak eta Mikel Tous Espelosinek koordinatu dute. Zazpi kapitulu ditu lanak eta ariketa fisikoaren eta osasunaren arloko hainbat egile espezialistak hartu dute parte horietan.
Postmenopausiak etapa berria ekarri ohi du emakumearen bizitzan, eta aldaketa fisiologiko eta hormonalak izaten dira, baina baita osasuna eta ongizatea zaintzeko aukera berriak ere. Testuinguru horretan, ariketa fisikoa funtsezko tresna da, ez bakarrik gaixotasunak prebenitzeko, baita autonomia, bizitasuna eta bizi kalitatea indartzeko ere.
Lan kolektibo honek zientzia eta lanketa uztartzen ditu, ariketa fisikoa postmenopausian funtsezko aliatu nola bihurtzen den erakusteko. Izan ere, jarduera fisikoa hezurren osasuna, osasun kardiobaskularra eta metabolikoa hobetzeko eta ongizate emozionala eta orokorra bultzatzeko gai da, argitaratu berri diren ebidentzia zientifikoen arabera. “Kapitulu bakoitza gaian adituak direnek idatzi dute, eta etorkizun hurbilean aurre egin beharko zaien erronkei buruzko ikuspegia azaltzen dute, ikerkuntza eta praktika profesionala abiapuntutzat hartuta, ikuspegi osagarriak emanez”, adierazi dute obraren koordinatzaileek.
Diziplina arteko ikuspegitik, liburuak ariketa fisikoa eguneroko bizitzan nola barneratu, hasierako balorazio zuzenaren garrantzia eta programa seguru eta eraginkorren diseinua lantzen ditu. Horrez gain, gutxiago esploratu izan diren dimentsioak sakontzen ditu, hala nola funtzio sexuala, zoru pelbikoaren osasuna eta ongizatea, modu integralean ulertuta.
Liburuak zorroztasun zientifikoa eta ikuspegi irisgarria uztartzen ditu, eta ikerketaren aurkikuntzak orientazio argi eta aplikagarri bihurtzen ditu, bai praktika profesionalari dagokionez, bai eguneroko bizitzari dagokionez. Hala, lanak zientziaren eta esperientziaren, eta teoriaren eta ekintzaren arteko etengabeko elkarrizketa eraikitzen du.
Informazio osagarria
Ilargi Gorostegi Anduaga nazioarteko cum laude doktorea da eta Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Elikadura eta Osasuna Masterra (EHU) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntzako Unibertsitate Masterra (Valentziako Nazioarteko Unibertsitatea-VIU) ditu. EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle ondokoa da.
Mikel Tous Espelosin Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan graduatua, masterduna eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Estatistika Aplikatuan masterra du (UNED). EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ematen ditu eskolak.