Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Stream Ecology taldeak ibaien kalitatea neurtzeko zenbait modu probatu ditu Gasteizko Eraztun Berdeko hiru errekatan. Saiakuntza horietatik abiatuta, taldeak alerta goiztiarreko adierazleak dituen protokolo bat diseinatu du, ingurumen-kudeatzaileei eta -agentziei ibai-inguruneen osasuna zehaztasun handiagoz baloratzeko aukera ematen diena.
Baldosak, hostoak eta kotoia ibaien osasuna neurtzeko
EHUko zenbait ikertzailek ibai-ekosistemen egoera ebaluatzeko metodo praktiko eta egingarri bat aurkeztu dute
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/03
Ibaiek funtsezko zeregina dute ingurumen-orekan. Ibaiak egoera onean egotea ez da soilik uraren kalitatearen mendekoa. Aitzitik, bada haietan dagoen biziaren eta haietan gertatzen diren prozesuen araberakoa ere: landaretzaren arnasketa, materia organikoaren deskonposaketa eta mantenugaien eraldaketa, besteak beste. “Ibai bat egoera onean egon dadin, kontuan hartu behar dira bertan bizi diren organismoak eta haien funtzionamendua”, azaldu du Luz Boyero EHUko Ikerbasque irakasleak. Giza jarduerak dinamika natural hori aldatu dezake, eta, beraz, beharrezkoa da tresna egokiak izatea jarduera horren ondorioak garaiz detektatzeko.
Ibaien osasuna ebaluatzeko metodoak bateratzeko eta ingurumena kudeatzen duten erakundeei gida erraz eta egingarri bat eskaintzeko asmoz, Diana Rojo EHUko Stream Ecology taldeko ikertzaileak zenbait materialen errendimendua aztertu du, Gasteizko Eraztun Berdeko nekazaritza-eremuetako hiru errekatan. Hain zuzen, material horiek baliagarriak dira deskonposaketako eta materia organikoa ekoizteko prozesuak neurtzeko.
Rojok azaldu duenez, lantaldeak alderaketa egin zuen ondo kontserbatutako zatien eta nekazaritzako jardueren eragin handiagoa duten beste batzuen artean. Horretarako, zenbait substratu-mota erabili zituen. “Gure asmoa zen gizakiak eragindako aldaketen ondorioz ibaian gertatzen diren eraldaketak hobekien islatzen dituzten ibai-zatiak identifikatzea”, adierazi du ikertzaileak.
Saiakuntzetan, askotariko elementuak probatu ziren, hala nola marmolezko baldosak, haltz- eta haritz-hostoak, medikuntzan erabilitako mihi-depresoreak, kotoizko zerrendak, te berde eta gorriz egindako poltsatxoak, bai eta platano-hostoak ere, adierazle ekologiko gisa eraginkorrenak zein diren zehazteko.
Ornogabeen, onddoen eta algen komunitateak eta deskonposizioa
Gasteizko kanpoaldeko zenbait errekastotan eraldatutako eta eraldatu gabeko zatiak aukeratu ondoren, substratu horietaz hornitutako zenbait unitate esperimental utzi zituzten uretan, eta lau astez inkubatzen eduki, helburu honekin: “geroago elkarren artean konparatzeko eta zehazteko zein substratuk adierazten dituzten erarik efizienteenean eta eperik laburrenean errekasto horietan gertatutako egoera-aldaketak”. Material guztia bildu ondoren, “ornogabeen, onddoen eta algen komunitateak aztertu genituen, baita deskonposizioaren zenbait aldagai ere —eraginpeko zatiak eraldatu gabekoekin alderatuta zer egoeratan dauden adierazten dutenak—”, gaineratu dute.
Oro har, ikertzaileek ondorioztatu dutenez, “baliabide mugatuekin —denboran zein dirutan— azterlan eraginkorrak egiteko, haltza da substraturik onena erabateko deskonposizioa eta makroornogabeen komunitateak aztertzeko; platano-hostoak eta kotoi-zerrendak oso efizienteak dira mikrobioen deskonposizioa aztertzeko; eta, azkenik, marmolezko baldosek algen arloa eta ekoizpen primarioa aztertzeko balio dute. Hiru material horiek informazio asko eta nahiko berehalakoa eman dezakete ekosistemaren egoerari buruz”. Azken batean, gomendio batzuk dira, bai ikerketa-komunitatearentzat, bai administrazioarentzat eta erakunde kudeatzaileentzat. Proposatutako materialak, gainera, nahiko unibertsalak dira, eta horrek erraztu egiten du azterlan hori maila globalean leku gehiagotan egin ahal izatea.
EHUko ikertzaileen iritziz, “ura funtsezko baliabidea da gizakiarentzat. Beharrezkoa zaigu ibai-komunitateek osasungarri jarraitzea eta ekosistema-prozesuek funtzionatu behar duten moduan funtzionatzea”. Funtsezkoa da ekosistemen osasuna ebaluatzen jakitea, kutsadurari konponbidea jarri ahal izateko. “Hau da beti lehenengo urratsa: baldintza onak non dauden ikustea, txarrak non dauden ere bai, eta, ondoren, zer jorratu ikustea, batez ere ibai-zatirik kritikoenak zein diren jakiteko”, gaineratu du Rojok. “Ibai-ekosistemak funtsezkoak dira karbono-zikloetan, mantenugaien zikloetan, planetan. Eta askotan guztiz ahaztuta egoten dira”, amaitu du Boyero irakasleak.
Informazio osagarria
Ikerketa Diana Rojo egiten ari den doktoretza-tesiaren parte da, zeina Luz Boyero doktorearen zuzendaritzapean egiten ari baita; hain zuzen, EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ikerbasque irakasle eta GLoBE nazioarteko sarearen buru denaren zuzendaritzapean. Sare horren helburu nagusia da mundu mailako ibai-ekosistemen funtzionamendua bultzatzen duten patroiak eta faktoreak aztertzea.
Azterlanean, lankidetzan aritu dira Gasteizko Eraztun Berdeko teknikariak (Gasteizko Udala).
Erreferentzia bibliografikoa
- Decomposition of different organic matter substrates and algal biomass accrual as early warning indicators of human impacts on stream ecosystems
- Ecological Indicators
- DOI: 10.1016/j.ecolind.2025.113998
