euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iñaki Milton Laskibar, Alfredo Martínez Hernández eta Laura Isabel Arellano García eta Maria Puy Portillo

Balio al dute probiotikoek sindrome metabolikoa tratatzeko?

IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/01

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurkitu daiteke.

Ohituta gaude, idorreria edo beherakoa dugunean, probiotikoak agindu diezazkiguten hesteetako mikrobiotaren osaera osasuntsua lehengoratzeko. Ia inork ez daki, ordea, probiotikoak lagungarriak ere badirela obesitateari, diabetesari eta “sindrome metabolikoa” delakoarekin lotutako beste nahasmendu batzuei aurre egiteko.

Hesteetako mikrobiota osasuntsua atxikitzea eta birpopulatzea

Probiotikoak, definizioz, mikroorganismo biziak/bideragarriak dira, eta kopuru egokietan irentsiz gero (normalean elikagaietan/gehigarrietan) ondorio onuragarriak sortzen dituzte ostatu-emailearengan (irensten dituen pertsonarengan). Hala bada, Lactobacillus edo Bifidobacterium bezalako probiotikoak erabiltzea ohiko praktika da erasan gastrointestinalak tratatzeko.

Ildo horretatik, ebidentzia zientifiko sendoek babesten dute bakterio andui horiek erabiltzea beherakoa edo idorreria tratatzeko, baita tratamendu antibiotikoen osagarri gisa ere. Horrela bada, probiotikoek hesteetako mikrobiota osasuntsuaren (eubiosia) osaera atxikitzen eta lehengoratzen lagunduko lukete, aipatutako egoeretan kaltetua gertatzen baita.

“Organo ahaztua”

Hesteetako mikrobiotaz mintzatzean gure hesteetan bizi diren mikroorganismoen –batez ere bakterioen– komunitate konplexuaz ari gara. Izan ere, “organo ahaztu”tzat ere jo izan da, zenbat mikroorganismok osatzen duten kontuan hartuta (2 kg izatera irits daitekeela uste da).

Hesteetako mikrobiota arras garrantzitsua da, izan ere, egoera fisiologikoetan, parte hartze nabarmena izaten du elikagaien digestioan eta aprobetxamenduan, bitamina jakin batzuen sintesian, immunitate sistemaren/erantzunaren erregulazioan edo metabolito bioaktiboen sorreran. Horretarako, osaera (mikroorganismoen aberastasuna eta barietatea) egokia eduki behar du.

Izan ere, zenbait faktorek, hala nola eredu dietetiko desegokiek –koipe eta/edo azukre ugarikoek–, bizimodu sedentarioak edo estresak, eragin negatiboa dute oreka horretan, eta disbiosia eragiten dute. Egoera jakin batzuetan, urritu egiten da mikrobiotaren aberastasun eta barietatea, eta ugaritu, berriz, beste mikroorganismo zehatz batzuen kopurua (kaltegarriak izan daitezkeen mikrorganismoak handitzen dira batez ere).

Hesteetako mikrobiota eta sindrome metabolikoa

Disbiosiak sindrome metabolikoa osatzen duten nahasmenduetan parte hartzen duela (bai eragile gisa, bai ondorio gisa) egiaztatu dute zenbait azterlanek. Esate baterako, gizabanako obesoen mikrobiotak dibertsitate txikiagoa izan ohi du gizabanako meheenak baino. Halaber, obesoen mikrobiotak energia gehiago lortzen du digeritu ezin diren elikagaien osagaietatik, eta, horrez gain, inflamazioa eragiten duten bitartekariak sortzen ditu zenbait organo eta ehunetan (gibela eta gantz-ehuna, besteak beste), zeinak nahasmendu metabolikoak eragiten dituen.

Era berean, egiaztatu dutenez, gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pazienteen mikrobiotak Firmikute/Bakteroideteen ratio handiagoa izaten du, bai eta butiratoa sortzen duten bakterio gutxiago ere (efektu antiinflamatorioa duen kate laburreko gantz-azidoa).

Diabetesari dagokionez, disbiosiaren berezko heste osotasunaren inflamazioa eta nahasmendua lotuta daude 1. motako diabetesaren garapenarekin (hartutako immunitatea eta hesteetako iragazkortasuna hondatzen dituzte eta pankreako β zelulen aurkako autoimmunitatea laguntzen dute), bai eta 2. motako diabetesaren garapenarekin ere (inflamazioa eragiten duten bitartekari gehiago egoteak glukosaren metabolismoa aldatzen du, eta intsulinarekiko erresistentzia sortzen du).

Mikrobiotaren osaeraren aldaketak antzeman dira, orobat, gibel koipetsuaren gaixotasuna duten pertsonetan; sindrome metabolikoak gibelean eragiten duen berezko agerpentzat hartzen da hori. Kasu horretan, mikrobiotak ezaugarri hauek izaten ditu: mikrobio-dibertsitate txikiagoa eta Bakteroidete ugari, bai eta etanola sortzen duten bakterio gehiago ere.

Probiotikoen erabilgarritasuna sindrome metabolikoaren nahasmenduetan

Disbisosiaren eta sindrome metabolikoaren berezko nahasmenduen artean zer erlazio dagoen kontuan hartuta, hesteetako mikrobiotaren osaera probiotikoak erabiliz modulatzea kontuan hartu beharreko estrategia terapeutikoa izan liteke.

Adibidez, egiaztatu dutenez, probiotikoen nahasketa bat (Lactobacillus acidophilus La5 eta Bifidobacterium lactis Bb12) emateak gorputzaren pisua murriztea dakar, bai eta transaminasaren eta kolesterol totalaren eta LDLaren mailak ere gutxitzea ere, gibel koipetsu ez alkoholikoaren gaixotasuna duten pazienteetan.

Era berean, gainpisua duten pazienteetan andui bakarreko probiotikoak (Bifidobacterium laburra B-3) emateak ehun adiposo zuria eta hemoglobina glikosilatuaren maila plasmatikoak (diabetesa/aurrediabetesa diagnostikatzeko erabiltzen den markatzailea) murrizteko balio duela erakutsi du.

Antzeko ondorioak azaldu dituzte beste azterketa batean; paziente obesoei dieta hipokaloriko bat jarri zieten horretan, probiotiko batez (Lactobacillus plantarum TENSIA) aberastutako gazta gehituta. Kasu horretan, dieta hipokalorikoaren ondorioz gorputz masaren indizean izandako murrizketa are handiagoa izan zen probiotikoa jaso zuten pertsonetan. Emaitza horiek aintzat hartuta, bada, baliteke probiotikoak baliagarriak izatea sindrome metabolikoarekin lotutako nahasmenduak prebenitzeko eta tratatzeko (esku hartze osagarri gisa).

Aurretik aipatutako efektuetan esku hartzen duten ekintza mekanismoei dagokienez, honako hau deskribatu dute: probiotikoek mikrobioen aberastasun/barietate osasungarria handitzen dute; bakterio patogenoen hazkundea murrizten dute; jangalearen kontrola erregulatzen dute (heste-garun ardatzaren bidez); heste-hesiaren osotasuna/funtzioa hobetzen dute (inflamazioa murriztuz), eta glukosaren eta lipidoen metabolismoa erregulatzen dute.

Laburbilduz, eskura dagoen ebidentziaren arabera, idorreria edo beherakoa tratatzeko ez ezik, bestela ere izan daiteke egokia probiotikoak erabiltzea. Ildo horretan, bakterio probiotikoen konbinazio posibleak ikertuz gero, baliteke tratamendu eraginkorragoak lortzea. Horretarako, bioinformatika eta metagenomika baliteke tresna erabilgarriak izatea.

Era berean, interesgarria izan liteke, halaber, ikertzea ea parabiotikoek (probiotiko ez-bideragarriak) eta postbiotikoek (bakterio probiotikoek sortutako metabolitoak) zer onurak dituzten aurretik aipatutako nahasmenduak prebenitzeko eta/edo tratatzeko. Izan ere, tratamendu horiek erabiltzeak probiotikoen erabileraren mugetako bat konponduko luke, mikroorganismo biziak administratzea, alegia.

Azkenik, azpimarratzekoa da aurretik aipatutako azterlan/emaitzek iradokitzen dutela probiotikoak (hala nola jogurta, choucroute, kimchi edo konbutxa) dituzten elikagaiak eskuarki kontsumitzea gomendagarria izan litekeela sindrome metabolikoarekin lotutako nahasmenduak prebenitzeko.