UPV/EHUk Munduko Unibertsitate Xake Txapelketan parte hartu du
Estatuko bost unibertsitatek bakarrik parte hartu dute edizio birtual honetan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/10/30
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu berri du 2020ko Munduko Unibertsitate Xake Txapelketan. UVP/EHU izan da lehiaketan parte hartu duen Estatuko bost unibertsitateetako bat. Oraingoan, Poloniako Bydgoszcz hiriak antolatu du lehiaketa. Oraingoan modu birtualean egin den txapelketa honi “2020 FISU WUC Mind Sports” ere esaten zaio, eta mind sports edo ‘kirol mentalen’ kategoriakoa da.
Hauek dira gure unibertsitatea ordezkatu duten xakelariak: Estibaliz Apellaniz, Rodrigo De Las Heras Figueroa, Imanol Toledo eta Patxi Moreno, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleak, eta Aritz Morante, Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatekoa.
Txapelketan parte hartu duen taldea zenbait irizpideren arabera aukeratu zen: batetik, 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako ikasleak izan behar ziren; bestetik, rankingean zuten postua, taldeko jokalari bakoitzaren ELO FIDE baliotzat hartuta. Sailkapen orokorrean, UPV/EHUko taldeak 46. postua lortu zuen, eta, guztira, 78 taldek esku hartu zuten.