Mugimendua nagusitu da berriro Bizkaiko Campusean. Urtarrilaren 7az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako kiroldegiak etapa berria hasi du, NEO enpresaren kudeaketapean. unibertsitate-komunitateari zuzendutako kirol-eredu berritu baten abiapuntua da, eguneroko bizimodu akademikora egokitua.
Campusaren erritmoan mugitzen den Leioako kiroldegia
EHUko ikasle ohi talde batek sortutako proiektuak, Neo enpresak, jarduera fisikorako espazio hori berrasmatu du, ikasleen egunerokora egokituz
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/01/21
NEOrentzat, proiektu honek esanahi berezia du. Izan ere, enpresa ez da kanpotik sortutako ekimena: bere sustatzaileetako batzuk EHUko Kirolaren Kudeaketako Etengabeko Prestakuntzako Masterrean ezagutu ziren, eta unibertsitate-testuinguru horretan hasi zen gaur egun errealitate bihurtu den proiektua.
Ikasgelan sortutako ideiak praktikara eramateko borondatearekin jaio zen NEO. “Zerbitzu publikoa, kalitatea, kudeaketa profesionala eta komunitatearekiko konpromisoa ardatz dituen ikuspegia dugu. Gainera, erabiltzaileen iritziak eta proposamenak jasotzeko prest gaude, zerbitzua etengabe egokituz”, azaldu du Aitor Nieto kiroldegiko zuzendariak.
14 langile ditu gaur egun jarduera fisikorako espazio honek eta otsailerako beste bi monitore berri kontratatzea espero dute eskariari erantzuteko. Nietoren esanetan, proiektu honen kudeaketa “etxera itzultzea” bezala bizi izan dute, “ardura bereziz eta ilusioz” hartutako erronka gisa.
3.000 metro koadro baino gehiagoko azalera
Eneritz Gómez, Sara Alicante eta Sergio Proy Campuseko ikasleentzat, Leioako kiroldegia eguneroko errutinan txertatutako espazioa da jada. Klaseen aurretik edo ondoren, entrenatzeko eta eguneroko erritmo akademikotik deskonektatzeko erabiltzen dute.
Sara Alicante Biologia Molekularra eta Biomedikuntzaren arloan doktoretza ikasketak egiten ari da, eta goizetan jotzen du kiroldegira. Bere ustez, NEOk egindako berrikuntzek jauzi nabarmena ekarri dute: «Asko gustatu zaizkit egin dituzten aldaketak. Klase gehiago daude, Crossfit, GAP eta antzeko jarduerak egiteko», adierazi du.
Antzeko iritzia du Eneritz Gómez Micoltak, Historia Garaikideko doktoregoko ikasleak. Leioan ematen du egunaren zatirik handiena, eta eguerdi buelta baliatzen du kirola egiteko. «Egunero erabiltzen dut muskulazio-gela, eta oso ondo dago; makina berriak jarri dituzte», azaldu du.
Kiroldegiaren egitura eta antolaketa ez dira kasualitatea. 3.000 metro koadro baino gehiagoko azaleran, fitness gela integrala, Hyrox eta Cross entrenamendurako gelak, jarduera gidatuak eta ziklo indoor saioak egiteko espazioak, kirol-kantxa bikoitza eta aldageletako saunak biltzen ditu. Kirol-material guztia berria da, eta erabiltzaile bakoitzaren helburuei egokitutako entrenamendu-planak eskaintzen dira.
«Asko erabiliko dut kiroldegia»
Fisioterapiako bigarren mailako ikaslea den Sergio Proyk eguneroko erabilera aurreikusten du. «Kiroldegia maiz erabiliko dut; astean lau egunez etortzeko asmoa dut. Goizeko 7:45ean sartu eta ordu eta erdi inguruko entrenamenduak egiteko asmoa dut», azaldu du, bere entrenamendu-erritmoa zehaztuz.
Gaur egun kiroldegiak eskaintzen duen aukera sorta zabalak ere badu pisua ikasleen balorazioan: Sara Alicanteren kasuan, aurrez aurreko eskaintza eta digitala uztartzeko aukera da gakoetako bat: «Spinning eta mindfulness egiteko klase birtualak ere asko gustatzen zaizkit». Horrez gain, langileen lana nabarmendu du: «Monitoreak oso hurbilak dira; motibatzen laguntzen dizute eta akatsak zuzentzen dizkizute. Hori ez dute egiten beste kiroldegi batzuetan».
Sergio Proyk, berriz, espazioen antolaketari erreparatu dio: «Makinen gunea eta dispositzio berriak asko gustatu zaizkit, baita crossfit gela ere». Aldaketak, oro har, oso positibotzat jo ditu, baina axaleko ñabardurak ere aipatzen ditu: «Aparaturen bat faltan bota dut, baina laster ekarriko dituztela esan didate». Balorazio orokorra ere egin du Proyk: «9 bat jarriko nioke», aipatu du.
Eneritz Gómez Micoltak jarduera gidatuei jarri die arreta: «‘Gluteo 30’ klaseak egiten ditut, eta aurrerago Pilatesera ere apuntatzeko asmoa dut». Erabilera errazari ere garrantzia eman dio: «Aplikazioaren bidez klaseetara izena ematea oso erraza da, azken unera arte erreserbak egiteko aukera ematen duelako».
Ikasleen adierazpenek erakusten dute kiroldegia pixkanaka ikasleen errutinan txertatzen ari dela. Campusaren barruan egoteak eta eskaintza zabalak egunerokoan kirola egiteko aukera erosoa eskaintzen dute. Urte berriarekin ohitura osasungarriak hartzea helburu dutenentzat, Leioan ez dago aitzakiarik.
Kuotak
| Erabiltzaile mota | Prezioa | Oharrak |
| EHUko komunitatea (ikasleak, irakasleak eta TEKAZELak) | 24,50 €/Hileko | Matrikularik gabe |
| Kanpoko erabiltzaileak | 44,10 €/Hileko | Matrikularik gabe |
Izen-emate mota
| Online izen-ematea | Xehetasunak |
| Aurrez aurre | https://reapertura-leioa.equiponeo.com/eu |
Irekiera-ordutegia
| Eguna | Ordutegia |
| Astelehenetik ostiralera | 7:00 - 22:00 |
| Larunbatak | 8:00 - 14:00 |
Kiroldegiko berrikuntzak, jarduerak eta albiste guztiak jarraitzeko
| https://www.instagram.com/neoehuleioa | |
| https://www.facebook.com/neoEHUleioa | |
| TikTok | https://www.tiktok.com/@neoleioaehu |
