euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Etorkizuna diseinatzen

UPV/EHUko ikasleek gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko harremanak sustatzen ikasi dute CERNen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/19

Bigarren urtez jarraian, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko graduko azken mailako edo master eta doktoregoko ikasleek aukera izan dute astebetez CERNen (Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundea) egin den tailer batean parte hartzeko. Funtsezko ikerketak pertsonen bizitzan duen eragina erakusteko proiektu baten barruan dago esperientzia hori. «Design The Future @Basque Country University Araba Campus» programa IdeaSquare-n barruan dago, hau da, gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko sinergiak sustatzeko CERNek duen instalazio espezifikoan.

Lidia Melnikovak, Maddi Kintanak, Ainhoa Urzelai Vicentek, Kebir Colmenerok, Suna Seyma Ucar-ek, Naia Espinosa Beltrán de Guevarak, Mikel Zubietak, Mohyeddine Zannouti Haddouchek, Irati Prol Godoyk, Irene Santander-ek, Javier González Martínezek, Inés Moralek, Andrés Díezek eta Paula Villadangos Domínguezek CERNeneko tailer batean parte hartu dute aurten. Tailer horren bidez, ikasleei irakatsi nahi zaie, CERNeko jendearekin zuzeneko hartu-emanean, zer den ikerketa zentro hori eta zer gertatzen den han, nola pentsatu disruptiboki eta suposizioak baztertuta, eta nola eraiki alderdi sozialak eta teknologia interkonektatzen diren etorkizuneko eszenatokiak.

Baina zeregin horri ekin aurretik, turismoa egiteko tartea ere izan zuten, bidaia honetan Campusa-en «berriemaile» izan den Ainhoa Urzelaik azaldu digun bezala. «Genevara iritsi ginen, eta asteburua libre utzi ziguten hiria gure kontura ezagutu genezan. Igandea izan zen euria egin zigun egun bakarra, baina, hala ere, ez genuen aukera galdu hiriko lekurik nabarmenenak ezagutzeko. Lehenik eta behin, Genevako erdigunea bisitatu genuen; han daude, besteak beste, San Pedro Katedrala, La Maison Tavel eta Bastioien Parkea. Nazio Batuen egoitzatik ere pasatu ginen, eta ondoan dagoen «Ahulki Hautsi» erraldoia ikusi genuen. 140 metroko garaiera duen Jet d'Eau iturria bisitatu nahi genuela aprobetxatuz (Genevako postal ugaritan agertzen den iturri ospetsua), buelta txiki bat eman genuen itsasontziz, eta «Hondartza Txikia» eta «Lorategi Ingelesa» ikusi ahal izan genituen. Lorategi horretan dago «Lorezko Erloju» ospetsua. Rodano ibaiaren ertzetik paseo bat eman ondoren, Jonction ospetsura iritsi ginen, hau da, Arve ibaiak eta Rodano ibaiak bat egiten duten tokira. Guk ezin izan genuen egin, baina La Jonctionen aurrean dagoen biaduktura igoz gero, bi ibaien kolore eta korronte ezberdineko urak nola nahasten diren ikus daiteke».

Edizio honetan, UPV/EHUko ikasleek Finlandiako eta Israelgo ikasleekin partekatu zuten beren lana «Design the Future» programan. «Lehen egunean taldetan banatu gintuzten eta, aurkezpenak egin ondoren, ginkana moduko bat egin genuen CERN gure kabuz ezagutzeko —azaldu du Ainhoak—. Galdera batzuk eman zizkiguten eta, erantzuteko, CERNen gora eta behera ibili ginen, hango langileei galderak eginez. Egia esateko, ez nuen espero topatu genituen langileen prestutasuna eta gertutasuna! Denak gure zalantzei erantzuteko prest agertu ziren, eta pazientziaz eta argi eta garbi erantzun ziguten (gutako asko ez geunden oso ohituak CERNen egiten den jarduerarekin). Ginkanaz gain, eta Pablo García Tello fisikariaren eskutik, aukera izan genuen CERNen ibiltzeko eta gure kontura ikusi ez genuena ikusteko. Ibilbide bat egin zigun campusean barrena, eta leku bakoitzean zer lan egiten duten azaldu zigun».

 

Ekin lanari

Bigarren jardunaldian ikasleak IdeaSquaren bildu ziren, gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko sinergiak sustatzeko CERNen prestatutako gunean. «Sormena sustatzeko leku paregabea iruditu zitzaidala azpimarratu behar dut. Lan gela guztiek kristal gardenak dituzte; ez dute zerikusirik bulego itxiekin; horiek ez diote sormenari laguntzen. Espazio irekiagoak ere badaude, sofekin eta mahaiekin, giro lasaiagoan lan egiteko. Jangela txiki bat dago, baita bi pisuko autobus bat ere, lanerako mahaia, entxufeak eta arbela dituena. Azkenik, hitzaldiak emateko eta tailerrak egiteko egokitutako gune ireki bat zegoen. Nahi genuen lekuetatik mugitzen eta espazioa gure beharretara egokitzen utzi ziguten».

Programaren hurrengo egunetan espezialistek hitzaldiak eman zituzten, eta ikasleei aholkuak eman zizkieten: nola pentsatu out of the box, nola pentsatu modu disruptiboan eta nola diseinatu etorkizuna (gaur egun ezagutzen dugunetik haratago pentsatuz). «Hitzaldiak eta tailerrak askotarikoak izan ziren; izan ere, teoria, praktika, entzute pasiboa eta parte hartze aktiboa uztartu genituen. Fisikari buruz hitz egiteaz gain, aditu batek gure inguruan dugun espazioa (fisikoa) nola berritu erakutsi zigun. Tailer horretan, gure gorputzarekin eta kideen gorputzekin lan egin genuen: okupatzen dugun espazioan eta inguratzen gaituen espazio hori okupatzeko dugun moduan zentratu ginen», adierazi du gure berriemaileak.

«Disruptiboki pentsatuta, proiektu berritzaile bat sortu genuen»

Adituen hitzaldien ondoren —ideia berrien sorkuntza hizpide zela—, ikasleek aukera izan zuten prototipoei buruz hitz egiteko eta teknologia berrietan oinarritutako berrikuntzei buruzko bideo batzuk ikusteko. Ondoren, taldeek sortu behar izan zituzten proiektuen txanda iritsi zen. «Lehenik eta behin, hitzaldi bat izan genuen etorkizuneko gizartean disruptiboki pentsatzeko moduari buruz, eta, bigarrenik, zazpi lagun inguruko taldeetan, amaierako proiektuari ekin genion. Nahiz eta ikasle bakoitza kultura eta ikasketa esparru ezberdin batetik etorri (hizkuntzalaritza, farmazia, ingeniaritza informatikoa, energia berriztagarrien ingeniaritza, ingurumen zientziak, EAZ, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak eta diseinu industriala, besteak beste), ez zitzaigun zaila egin ados jartzea eta besoz beso lan egitea berezko dugun aniztasun horrekin. Bakoitzak zekiena eman zuen, eta, konpetentzia aniztasun horri esker, proiektu berritzaile bat sortu genuen denon artean».

CERNeko egonaldiaren azken egunean, gainerako kideei aurkeztu zizkieten proiektuak, eta han zeuden aditu batzuen iritzia entzun ahal izan zuten. «Denbora eta baliabide muga kontutan hartuta, harrigarria da zer sortzeko gai izan ginen elkarrekin», ondorioztatzen du Ainhoak.

 

Esperientzia ikaragarria

Astebetean,  ikasleek proiektuak gauzatu zituzten eta, horretarako, teknologia etorkizuneko prototipoetan nola aplikatu bilatu zuten, oinarritzat hartuta NBEk markatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH); tartean, pobrezia, osasuna, hezkuntza, klima aldaketa eta saneamendua. Lan handia, baina ikasteko balio handikoa, Paula Villadangosek adierazten duen bezala: «Bizitza osorako gure oroimenean geratuko den prestakuntza aste bizia izan da».

Maddi Kintanak, berriz, zera azpimarratu du: «egonaldiak beste ezagutza batzuk esploratzeko aukera eman dit. Konturatu naiz sistema hegemonikoaren barruan pentsatzeko modu bat baino gehiago dagoela. Oso aberasgarria izan da nire ezagutzak esparru eta herrialde ezberdinetako jendearekin alderatzea. Ziur nago ikasitakoa oroimenean geratuko zaidala». Iritzi horri honako hau gehitzen dio Mohyeddine Zannoutik: «Talde lana sustatzeko eta ideiak garatzeko aukera ezin hobea izan da».

Ainhoa Urzelaik, gure taldeko erreportariak, beldur pixka bat zuen erronka horretara joan aurretik, baina, emaitzak ikusita, esperientzia sinestezintzat jotzen du. «Nire ikasketa esparruak filologia eta hizkuntzalaritza dira, eta beldur pixka bat ematen zidan fisikari buruz hain gutxi jakinda partikulen fisikako munduko laborategi handienera joateak. Baina, ezagutza hain zehatzez harago, beste modu batean pentsatzen ikasi dut, galderak beste era batera planteatzen; eta ziur naiz ikasitakoa nire etorkizuneko ikerketetan aplikatu ahal izango dudala. Ez hori bakarrik, diziplina eta kultura anitzeko giroan lan egiteak pertsonalki asko aberastu nau».