euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Konputazio Ebolutiboaren Nazioarteko Biltzarra

Noiz eta non

Noiztik: 2017/06/05 Noiz arte: 2017/06/08

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Ekainaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, astelehenetik ostegunera, Konputazio Ebolutiboaren Nazioarteko Biltzarra (2017 IEEE Congress on Evolutionary Computation) egingo da Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian, UPV/EHUko Informatika Fakultateko sistema adimendunen taldeak antolatuta, eta 500 aditu inguru elkartuko dira.

Biltzarra, hain zuzen ere, konputazio ebolutiboaren alorreko mundu osoko ekitaldi nagusietako bat da, eta esparru horretako gai guztiak jorratuko ditu. IEEE Computational Intelligence Societyk babesten du biltzarra; urtero egiten da, eta etenik gabe antolatu da 1999az geroztik. Urte hartan egin zen lehendabizikoz, eta askotariko herrialdeetan antolatu izan da ordutik: Txinan, Mexikon, Japonian, AEBetan eta Kanadan, besteak beste.

Biltzarrean adimen artifiziala izango dute aztergai; zehazki, prozesu naturalak imitatu nahi dituzten metodo konputazionalen sorkuntza, hots, konputazio naturala. "Naturako hainbat eta hainbat prozesu optimizazio lanak egiteko gai dira; esate baterako, espezieen eboluzioak, Darwinen oinarriei jarraituz, euren ingurunera egokitzen ditu izakiak, eta hortik dator biltzarraren izenburua: konputazio ebolutiboa. Inurriak, gaitasun kognitibo oso mugatuak izanik, gai dira inurritegiaren eta janariaren arteko bide laburrena aurkitzeko. Helburua da prozesu horiek gidatzen dituzten oinarrizko printzipioak ordenagailuetan aplikatzea, eguneroko arazo errealak konpon ditzaten. Teknika horiekin ezin konta ahala arazo erreal konpondu dira denetariko esparruetan, hala nola biologian, logistikan, medikuntzan, finantzetan, industrian eta komunikazioetan. Horren adibide deigarri asko daude: esaterako, semaforoen zikloak ezarri izana Santa Cruz Tenerifekoan; proteinen egitura sekundarioa aurreikustea; sistema igarleak sortzea; urak banatzeko sistemen diseinua; autoen xasisaren diseinua (BMW); eta subjektuak sare sozialetan lokalizatzea, eragina maximizatzeko", azaldu du José Antonio Lozanok, UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak eta biltzarraren antolakuntza batzordeko buruak.

Mundu osoko lehen mailako biltzar honen helburua da konputazio ebolutiboaren eta adimen konputazionalaren arloan diharduten ikertzaileak eta profesionalak elkartzea. Bertaratuek –gehien-gehienak txostengileak dira– esku artean dituzten ikerketen aurrerapenak azalduko dituzte, ikertzaileen arteko truke zientifiko eta teknikorako antolaturiko espazioak baliatuz: hitzaldi magistralak, saio arruntak eta bereziak, tutorialak, lehiaketak eta posterren aurkezpenak. Halaber, bertaratuek aukera izango dute zenbait jarduera sozial eta saretan parte hartzeko eta harreman berriak egiteko; horrela, gainera, homologoen arteko harreman iraunkorrak sustatuko dira.

Konputazio ebolutiboaren arloko adituek 600 lanetik gora aurkeztu zituzten mundu osoko ekitaldi zientifiko honetarako; lan horietatik 300 onartu ziren biltzarrerako, 41 posterrekin batera. Aditu horiek guztiak, 500 inguru, 50 herrialdetatik baino gehiagotatik datoz: Txina, Espainia, Britainia Handia, Brasil, AEB, Alemania, India, Italia, Japonia, Australia, Kanada, Frantzia, Mexiko eta Txekiar Errepublika, besteak beste.