euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk Asian dituen aliantzak indartu ditu Hong Kongeko nazioarteko azokan

Euskadiko ordezkaritzak Asiako unibertsitate azoka handienean, APAIEn, parte hartu du bigarren aldiz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/11

Ezkerretik eskuinera: Noé Cornago, Nazioartekotze zuzendaria; Maider Gómez, Erasmus+ proiektuak Europatik kanpo; Miguel Aguirre de Cárcer Garcia del Arenal, kontsul espainiarra Hong Kongen; Gotzone Barandika, Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea; Francisco Javier Serra Guevara, Espainiako Gobernuaren ekonomia eta merkataritza aholkularia Hong Kongen; eta Alberto Salcines, SEPIEko nazioartekotze zuzendaria | Argazkia: EHU

Unibertsitateetarako nazioarteko hitzordu nagusietako batean, Hong Kongeko Biltzar eta Erakusketa Zentroan egindako APAIE 2026 azokan, Asia-Pacific Association for International Education izenekoan, izan da Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

EHUko ordezkaritzak Hong Kongera egin duen bidaia baliagarria izan da hainbat unibertsitaterekin harremanak estutzeko eta, hartara, eskualdean hitzarmen berriak ezartzeko (aurretik beste 22 hitzarmen ditu bertan). Izan ere, APAIE azoka Asia-Pazifikoko eskualdeko goi mailako hezkuntza nazioartekotzeko plataforma eraginkorrena da eta, Estatu Batuetako NAFSArekin eta Europako EAIE azokekin batera, mundu mailako unibertsitate arloko kudeatzaileentzat ezinbestekoak diren hitzorduen triangelua osatzen du. Hain zuzen ere, munduko eskualde horretan loturak eta lankidetzak zabaltzeko asmoz, “helburua da Seul edo Jakartako ikasleek Gasteiz, Donostia edo Bilbo haientzako helmugatzat hartzea, horrek talentua erakartzeaz gain, ikasgelak kulturarekin aberasten baititu, eta hori guztia funtsezkoa da EHUko ikasleen prestakuntza integralean”, nabarmendu du Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak.  

EHUk urteak daramatza Asian harreman sare sendoa eratzen eta, Euskadiko unibertsitate publikoaren bazkide pribilegiatuen artean, Myongji Unibertsitatearekin duen harremana nabarmentzen da. Unibertsitate horrek Seulen du egoitza, eta ingeniaritzako programak eta hizkuntzen ikasketak direla eta ezaguna da inguruan. 

Azokari esker, EHUko ordezkariek bilerak egin dituzte 25 unibertsitate baino gehiagorekin, eta horietatik gutxienez bost dira bereziki estrategikoak: Indonesiako Unibertsitatea (UI) da Indonesiako artxipelagora (proiekzio handiena duen eta goranzko joeran dagoen ekonomietako bat) sartzeko atea; Pekingo Unibertsitatea (Txina), Txinako unibertsitaterik onena, titulazio bikoitzeko eta irakasleen mugikortasuneko arloetan lankidetzan aritzeko helburua zehaztu dena; Sejong Unibertsitatea (Hego Korea), lehendik Myongjirekin indarrean dagoen eskaintza osatu eta Euskadiko ikasleentzako diziplina berriak irekiko lituzkeena; Chiang Maiko Unibertsitatea (Thailandia), bazkide ezin hobea Asiako hego-ekialdearekiko, nekazaritza jasangarriarekiko eta garapenari buruzko azterlanei buruzko interesa duten ikasleentzat; eta Hong Kongeko Unibertsitate Politeknikoa (PolyU) eta Lingnan Unibertsitatea. Hong Kongeko Unibertsitate Politeknikoa maila gorenean dago diseinuari, modari eta hotelei dagokienez, eta Lingnan Unibertsitatea, berriz, arte liberaletan, eta filosofiatik gertuago dagoen profil humanistikoagoa eskaintzen du. 

Barandikaren hitzetan, hitzarmen berrien negoziazioak outgoing mugikortasuneko eskaintza handituko du. “Orain arte, Asiarekiko interesa zuten EHUko ikasleek bazkide historikoetara mugatutako aukerak baino ez zituzten. Pekingo edo Chiang Maiko (besteak beste) unibertsitateak sartu izanari esker, Filologiako edozein ikasle mandarinean espezializatu ahal izango da in situ, edo Ingurumen Zientziak ikasten ari denak Thailandiako oihaneko biodibertsitatea aztertzeko aukera izango du. Kontua ez da soilik ikasleak kanpora ateratzea, baizik eta haien profil akademiko eta profesionalera ondoen egokitzen den unibertsitatera ateratzea", azpimarratu du errektoreordeak. 

Aliantza estrategikoak 

Euskadiko unibertsitate publikoak, gaur egun, Asian 22 hitzarmen ditu indarrean. Horien artean, Japoniako unibertsitate garrantzitsuenetako birekin dituenak nabarmendu behar dira. Alde batetik, Science Tokyorekin (Tokioko Institutu Teknologikoa). Japoniako handiena da eta zientzia eta teknologia ditu ardatz. Bestalde, bakeari buruzko ikerketekiko konpromiso sendoa eta zientzietako bikaintasuna direla eta ezaguna den Hiroshimako Unibertsitatearekin ere hitzarmena du. Hain zuzen ere, azken unibertsitate horrekin graduondoko ikasleentzako mugikortasun programak bultzatu dira eta, iazko udan, Joxerramon Bengoetxea errektoreak Estatu Batuek Hiroshimaren aurka jaurtitako bonba atomikoaren biktimen omenezko ekitaldian parte hartu zuen. Era berean, EHU Indiako bi instituturekin elkarlanean ari da: IIT Madras eta IIT Bombay. Indiako elite teknologikoaren harrobia dira zentro horiek, eta “haiekin elkarlanean aritzeak punta-puntako berrikuntzaren mapan kokatzen du Euskadiko unibertsitatea”, azaldu du errektoreordeak.