euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

EHUk bere premiak zehaztu eta Legebiltzarrari eskatu dio 2026ko aurrekontuetan finantzaketa indartzea

“Ataka honetatik ateratzeko” abiapuntu bat proposatu du 2026an epe motzean erantzuteko, jakinda ere datorren urteko premia guztiak (192 milioi euro) ez direla horrekin erantzungo.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/20

Errektorea atzoko agerraldian, legebiltzarkideekin batera. | Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

Eusko Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza batzordeari EHUren premien diagnosia aurkeztu die Joxerramon Begoetxea EHUko errektoreak, Javier Varona gerentearekin eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazio errektoreordearekin batera egindako agerraldian.

Euskal Herriko Unibertsitatearen 2026ko Premien Txostenaren kopia bana banatu die EHUko errektoreak batzordekideei eta beren-beregi eskatu die baliatu dezatela Jaurlaritzaren 2026ko proiektua unibertsitatearen finantzazioa hobetzeko. Errektoreak azaldu duenez, “bi motatako beharrak jasotzen dira txostenean: lanketa areagotua eskatzen dutenak eta berehalako konponketa eskatzen dutenak, premia guztiak ere beharrezkoak diren arren”. Hala, epe motzean konpontzeko gehiago itxaron ezin duen premien sortatik hiru aipatu ditu: digitalizazioa garatzeko eta GAUR plataforma akademikoa berritzeko 4,7 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke eta 1,5 milioi, besteak beste, ordenagailurik gabe dauden ia 600 irakasle-ikertzaileen gabeziari erantzuteko. Bestalde, hiru campusetako mantenurako egungo partida bikoiztea ezinbestekoa dela gogoratu du (gaur egun 1,8 milioiko da). TEKAZELen beharrei erantzuteko, gutxienez 28 teknikari/administrari behar ditu unibertsitateak (1,8 milioi €), tartean, zaintza integralerako eta kontratazioaren mantenurako pertsonala. Beharren aletze horretan ere Katedrara edo Osoko irakasle kategorietara heltzeko akreditatutako irakasleen promozioari bide emateko beharra dagoela gogoratu du Bengoetxeak, itxaronaldia zazpitik bi urtera murrizteko (2,6M€). Gaur egun 200 irakasle daude promozionatzeko zain.

Bestalde, eta epe ertainera, “Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailarekin landu eta adostu beharko liratekeen” premiak daudela adierazi du Bengoetxeak; hala nola, azpiegiturak eta horretarako proposatu du 2026an hastea aztertzen eraikinak, azpiegiturak eta mantenurako behar guztiei erantzuteko modua eta PPEMIz harago,  “paradigma aldatzen joateko”. Irakasleen soldata baldintzak hobetzea ere bada epe ertainera konpondu beharrekoa. Horretarako “beste unibertsitate batzuek jada baduten osagarri autonomikoaren bidez” egin daitekeela adierazi du errektoreak.

Bengoetxea prest agertu da bai legebiltzarkideekin bai Jaurlaritzarekin kolaboratzeko, “gure asmoa elkarlana” baita eta “egiten dugun proposamena kontentziotik eta autoexijentziatik egiten baitugu anbiziotik baino; gure beharrak, txostenak argi jasotzen dituenak, askoz handiagoak baitira”. Ildo horretan, interpelatu ditu legebiltzarreko taldeak baliatzea zuzenketak egiteko epea eta iragarri du “2026an landu beharko dela 2027ko aurrekontuetan jasotzen hasteko konpromisoarekin, Unibertsitatearen prestigioa bermatzeko”.

Errektoreak bere azken hitzartzean bere esker ona adierazi die hitza hartu duten legebiltzarkide guztiei egindako ekarpenengatik.