euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk Espainiako gerra kazetaritzako segurtasunari buruz orain arte egindako txostenik osoena aurkeztu du

Azterlanaren arabera, estaldurak egin bitartean kazetarien % 100ek erasoak jasan ditu eta % 54k trauma osteko estresaren sintomak ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/12

De izquierda a derecha: La investigadora principal Maria José Cantalapiedra, la decana de la Facultad de Ciencias Sociales y de la Comunicación Ana Irene del Valle, la vicerrectora del Campus de Bizkaia y de Comunicación Estitxu Garai, el director del Departamento de periodismo Koldo Meso y la investigadora principal Leire Iturregui | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) martxoaren 12an, ostegunean, “Caracterización y condiciones de seguridad de periodistas españoles que cubren conflictos internacionales” (Nazioarteko gatazken berri ematen duten Espainiako kazetarien karakterizazioa eta segurtasun baldintzak) txostena aurkeztuko du. Txosten horretan gatazka belikoak gertatzen diren eremuetan lan egiten duten kazetarien errealitate profesionalari eta segurtasun baldintzei buruzko diagnostiko sakona jaso da. Azterlanean gerra eremuetan lan egiten duten 85 kazetari espainiarrek parte hartu dute –batez beste 48 urte dituzte eta 14 urteko esperientzia nazioarteko gatazken berri ematen–, eta gaiari buruz orain arte Espainian egindako azterlan osoena da.

Txostenak estalduraren fase guztietan kazetarien segurtasuna bere osotasunean aztertzen du, gerraren aurretik, bitartean eta ondoren, laneko eremuan eta arlo fisio, psikologiko eta digitalean. Nazioarteko mailan bi alderdi horiek aldi berean jorratu dituen lehenengo azterlana da. Azterlanak maiz isilean gelditzen den gerra kazetarien errealitatea ikusgai jartzen du, eta JOSAFCON -Journalist Safety Research Project- proiektuaren parte da. Proiektua Bitartez (EHU) ikertaldeak lideratu du eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatu du.

Galdetegi handi bat diseinatu da azterlan horretarako, 85 gerra kazetariren esperientzia biltzeko. Laginaren genero ordezkaritza orekatua da (% 50,5 emakumeak dira), eta lan lotura desberdinak eta 26 eta 70 urte bitarteko adin tartea kontuan hartu da. Azken 35 urteetako gerra desberdinetan egondako kazetariak dira, hala nola Irak, Jugoslavia zaharra, Afganistan edo Siria, eta gehienek Ukraina eta Gazako gatazken berri eman dute. Profesional horiek prentsan, agentzietan, komunikabide digitaletan, aldizkarietan, eta irrati eta telebista publikoetan lan egiten dute.

Indarkeriarekiko esposizioa eta trauma osteko estresa

Azterlanak erakutsi duenez, indarkeriarekiko esposizioa orokortuta eta inpaktu psikologikoa handia da, gerren berri ematen duten kazetarien kategoria profesionala, komunikabideekiko lotura eta banakako ezaugarriak edozein direla ere. Galdetutako pertsonen % 10ek gutxienez lanean eraso bat jasan du, eta batez beste 8 indarkeria mota pairatu ditu karreran zehar. Testuinguru horrek eragin psikologiko nabarmena dakar: kazetarien erdiak baino gehiagok trauma osteko estresaren sintomatologiaren atalase klinikoa gainditzen du, baina gutxi batzuk bakarrik diagnostikatuta daude edo laguntza espezializatua jaso dute.

Halaber, azterlanak agerian utzi du gerren berri eman ostean laguntza psikologikoaren falta dagoela. Kazetarien % 97k ez dauka harrera protokoloen berri, eta lana ematen dieten komunikabideek oso gutxitan kezkatzen dira haien ongizate psikologikoarekin; izan ere, gai horrek oraindik tabu izaten jarraitzen du lanbidean. Hutsune hori ikusita, laguntza nagusia sare informaletatik jasotzen dute, hala nola landako lankideak, bikotea eta lagunak.

“Helburua da eztabaida profesionala eta akademikoa sustatzea eta ebidentzia enpirikoa ematea, Espainiako gerra kazetaritzan segurtasunaren kultura irmoagorantz urratsak egitea ahalbidetuko diguten politika publikoak diseinatzen laguntzeko” azaldu du Leire Iturreguik, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kazetaritza Saileko irakasleak eta proiektuaren ikertzaile nagusiak, María José Cantalapiedra katedradunarekin batera. Ildo horretatik, martxoaren 13an, ostiralean, topaketa profesional bat egingo da gerra kazetariekin, euskal irrati telebistan (EITB), kazetarien segurtasunari eta ongizate emozionala indartzeko har daitezkeen neurriei buruz hausnartzeko.

Oro har, txostenak agerian jartzen du laneko prekarietateak zuzeneko eragina duela kazetariaren segurtasunean informazio estalduraren etapa guztietan. Azterlanak agerian utzi du kazetari autonomoek eta kolaboratzaileek plantillakoek baino baldintza okerragoak dituztela sistematikoki: aseguru eta segurtasun ekipo oso gutxien dituzte, lana ematen dieten komunikabideengandik laguntza gutxiago jasotzen dute, arrisku ekonomiko eta laneko arrisku gehiago hartzen dituzte beren gain, eta trauma osteko estres maila handiagoak dituzte.

Azterlanak azpimarratzen du profesionalen segurtasuna ez dela mugatzen balen aurkako txalekoa janztera, ekosistema zabalago baten beharra baitago, eta horren baitan daude laneko egonkortasuna, prestakuntza, baliabide egokiak eta gerraren berri eman aurreko, bitarteko eta ondorengo laguntza psikosoziala. Kazetariek azpimarratu dutenez, baldintza horiek hobetzea komunikabideen ardura da, eta nazioko zein nazioarteko erakundeen baterako erantzuna beharrezkoa da.

Txostenaren aurkezpenean proiektuko ikertzaile nagusiek parte hartu dute: Leire Iturregui eta María José Cantalapiedra (EHU), Silvia Ubillos (Burgosko Unibertsitatea) eta Pablo Castro (EHU) ikertzaileek, eta Thomas Hanitzch (Municheko Lugwig Maximilian University) eta Nina Springer (Munsterko Unibertsitatea) irakasleek. Mahai inguruan hainbat komunikabidetako nazioarteko ataleko arduradunak egongo dira, eta honako hauek hartuko dute hitza: Alfonso Bauluz, EFE Agentziako kazetaria eta Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundeko presidentea; Rosa Meneses, EL MUNDO egunkariko kazetaria eta Arabiar Ikasketa Garaikideen Zentroko zuzendariordea; José Miguel Seguela, Lurreko Armadaren Komunikazio saila; Miguel Ángel de la Fuente, TVEko kameraria; eta Mikel Reparaz, EITBko Nazioarteko burua.