euskaraespañol

Redes sociales campusa

Kongresua

EHUk etorkizuneko zirujauak batuko ditu Bilbon

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2026/02/05 Noiz arte: 2026/02/07

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbo (Bizkaia)

Deskribapena

Ikasleentzako VIII. Kirurgiako Kongresu Nazionalaren (COCIE) Antolaketa Batzordeak bere zortzigarren edizioa iragarri du. 2026ko otsailaren 5etik 7ra egingo da Bilbon “Ikasleek, ikasleentzat” lemapean. Edizio honetan autonomia-erkidego guztietatik etorritako 350 ikasle baino gehiago, Erasmus programetako nazioarteko ikasleak, 45 ikasle antolatzaileak, tailerretako instruktoreak eta parte hartuko duten hizlariak izango dira. “Kopuru horrek COCIE sendotzen du estatuko ikasleen artean ospatzen diren kirurgiako kongresurik esanguratsuenetako bat bezala”, adierazi dute antolatzaileek.

VIII. COCIEk berriz ere ikasleen mailara egokitutako prestakuntza progresiboaren alde egin du. Maila aurreratuetarako, mikrokirurgiako teknika modernoetan sakontzen duten simulagailu aurreratuekin lan egingo da; tarteko mailetarako, laparoskopia-teknikak eta kirurgiako prozedura aurreratuak eskainiko dira; eta maila baxuagoko ikasleentzat, oinarrizko trebetasunak eskuratzera bideratutako saioak antolatuko dira, ikasleek urtez urte aurrera egin dezaten, askotan curriculum akademikoan lantzen ez diren konpetentzietan.

Hitzaldiei dagokienez, edizio honek berezitasuna du: EHUkoak ez diren irakasleen parte-hartze handiena izango du, tartean nazioarteko bi hizlari. Horrek ikasleei ikuspegi zabalagoa eskainiko die kirurgia globalari eta munduko osasun-sistemen joera berriei buruz.

Antolaketa Batzordea, gainera, parte-hartzaileen esperientzia hobetzeko ekimen berriak garatzen ari da. Aztertzen ari diren proposamenen artean daude adimen artifiziala prestakuntzan txertatzeko aukerak, saio nagusietan “Party Time” moduko une interaktiboak eta fakultate eta unibertsitate desberdinetako ikasleen arteko harremana indartzeko gala-afari baten antolaketa. Ideia horiek diseinu- eta ebaluazio-fasean daude oraindik, haien bideragarritasuna zehazteko.

VIII. edizioa inaugurazio-ekitaldi instituzional batekin irekiko da; bertan izango dira Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Alberto Martinez Osasun Sailburua, Almudena Ramos EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa eta Teresa Laespada Gazteriako foru diputatua, baita unibertsitate-esparruko beste hainbat agintari ere. “Ekitaldi honek hiru egunetako prestakuntza, berrikuntza eta elkarbizitzaren hasiera ofiziala markatuko du, eta proiektuaren garrantzia, ikasleen konpromisoa eta Medikuntza graduko prestakuntza-aukerak zabaltzen jarraitzeko apustu bateratua azpimarratzeko balioko du”, nabarmendu dute.

COCIE

COCIE urtero Espainiako Medikuntza fakultate guztietako ikasleak biltzen dituen prestakuntza-ekitaldia da, eta hauek dira bere helburuak: jarduera kirurgikoa unibertsitate-komunitatera hurbiltzea, tailer espezializatuen, prestakuntza teknikoaren eta erreferentziazko profesionalek emandako hitzaldien bidez, eta COCIE estatuko Medikuntza ikasleen erreferentziazko ekitaldi gisa sendotzea.

Kongresuak hainbat erakunderen babesa eta lankidetza du, besteak beste EHU bezalako erakunde akademikoena, osasun-sektoreko enpresena eta elkarte zientifikoena, garraio-erakundeena, teknologia-konpainiena eta elikadura-sektoreko erakundeena. Azken urteetan, Kongresuak bere egonkortasun ekonomikoa indartu du osasun- eta prestakuntza-sektoreko enpresekin egindako akordioen bidez; bere edukiak hobetu ditu; eta parte-hartzaile bakoitzari eskaintzen zaion esperientzia ere findu du.

 

Informazio guztia, hemen: Inicio | COCIE - VIII Congreso de Cirugía para Estudiantes