Helburua gainpisua edo loditasuna duten emakume perimenopausikoen eta menopausikoen ongizatea hobetzea da. Parte-hartzaileak biltzeko fasean dago eta bi urtez garatuko da EHUko Psikologia Fakultatean, Donostian.
EHUk ‘Jaki-Turia’ programa jarri du martxan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/10
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Jaki-Turia programa jarri du martxan, ikerketa-proiektu aitzindaria. Proiektu honek bi esku-hartze programen ondorioak ebaluatuko ditu gainpisua edo loditasuna duten emakume perimenopausikoen eta postmenopausikoen osasun fisiko zein psikologikoan. Programa bat Dieta Mediterraneoan eta ariketa fisikoan oinarritzen da; bestea, berriz, elikadura intuitiboan eta onarpenean. Ikerketa EHUko Donostiako Psikologia Fakultatean egingo da.
Proiektua nutrizionistek eta psikologoek osatutako diziplina anitzeko talde batek zuzentzen du. "Jaki-Turiarekin egiaztatu nahi dugu ea gorputzarekiko errespetuzkoagoak diren ikuspegiek —hala nola elikadura intuitiboak eta onarpen-estrategiek— hobekuntza errealak ekar ditzaketen dieta asko egin dituzten emakumeen osasunean eta bizi-kalitatean", azaldu dute Edurne Maizek eta Ane Miren Barbónek, proiektuaren arduradunek.
Proiektua irizpide hauek betetzen dituzten emakumeei zuzenduta dago:
- 45 urte edo gehiago izatea
- Perimenopausia edo postmenopausia goiztiarrean egotea
- Gainpisua edo loditasuna izatea (GMI ≥ 25)
- Aurretik argaltzeko dietak egin izana
Parte-hartzaileak ausaz esleituko dira bi programetako bati, biak hiru hilabeteko iraupenarekin:
1.Dieta Mediterraneoan eta ariketa fisikoan oinarritutako programa
Sei orduko aurrez aurreko tailer bat eta hamabostean behin egindako sei dei biltzen ditu, dietista-nutrizionista baten eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduatu baten eskutik.
2.Elikadura Intuitiboan eta onarpenean oinarritutako programa
Sei orduko tailer batek eta hamabostean behin egindako sei deik osatzen dute, kasu honetan elikadura intuitiboan eta Onarpen eta Konpromiso Terapian (ACT) espezializatutako bi psikologoren eskutik.
Emaitzak aztertzeko, neurri antropometrikoak, gorputz-osaeraren datuak eta hainbat galdesorta (elikadura-ohiturak, ariketa fisikoa, osasun orokorra, elikadura emozionala eta bizi-kalitatea) jasoko dira.
Parte-hartzea guztiz doakoa da.
Programa EHUko Psikologia Fakultatea (Tolosa Hiribidea 70, Donostia) egingo da.
Kontaktua:
Edurne Maiz (EHU)
E-posta: edurne.maiz@ehu.eus
Ane Miren Barbón (EHU)
E-posta: anemiren.barbon@ehu.eus
Tel.: 644 853 039