EHUko txoko ezkutuak: badugu lehen irabazlea!
- Photocampus
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/25
NON: Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko Errektoreordetza NOIZ: 2026ko otsailaren 23an NORK: Egoi Markaida. EHU
Joan den urtarrilaren 28an serie berri bat jarri genuen martxan gure Photocampus atalean: “EHUko txoko ezkutuak”
Galderari buruzko pista —“Nora eramaten dute eskailera horiek?”— argia zen: soilik esaten zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko Campusean zeudela. Baina… nork ausartuko zen zehaztasun handiagoz erantzutera?
Jasotako erantzunen hogeita hamar inguruk bete-betean asmatu zuten: irudiko eskailerek. Liburutegiko goiko bi solairuak lotzen dituzte eta Giza Zientzietako liburuen gordailu eta kontsulta-areto batera eramaten dute.
Zozketaren irabazlea Javier Rodríguez Aller, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geokronologia eta Geokimika Isotopikoko Zerbitzuko teknikaria(SGIker). Gainera, argazkiko txokoari memoria unibertsitarioa eransten dion mezu bat bidali digu:
“Duela urte batzuk erabili nituen Giza Zientzietako liburuen gordailu/kontsulta areto batera igotzeko. Zehazki, (herritar gisa) Irlandaren eraldaketa-prozesuari buruz dokumentatu nahi izan nuen: britainiar kolonia izatetik errepublika independente izatera igaro zenekoa. Asmatu ez badut, behintzat balio izan dit sare sozial hainbeste ez zegoen garai bat gogoratzeko; orduan, inprimatutako liburuak ziren informazio-iturri nagusia. Gaur egun informazioa ziztu bizian dabil gure mugikorretan, baina zailagoa da egia bereiztea.”
Javierren oroitzapenak ezin hobeto egiten du bat lehiaketa honen muinarekin. “Txoko ezkutuak” atalaren bidez, EHUk dituen espazioak ez ezik, hemen lan egiten dugun bakoitzak bizi izan dituen istorio pertsonalak ere gogora ekartzen ditugu.
Zorionak, Javier!!
Era berean, gainerako parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Eta gogoratu: hil bakoitzeko azken ostegunean txoko ezkutu berri bat eta zozketa berri bat argitaratuko ditugu. Hurrengoa ezagutuko al duzue?
Eguneko irudi guztiak Photocampus. atalean ikus ditzakezu.
Zuk egindako irudi bat atal honetan argitaratzea nahi duzu? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus