euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

EHUn garatutako gailu bati esker, plaketatan aberatsa den plasma erraz lor daiteke

Arabako Campuseko Mikrofluidics Clusterreko ikertzaileek sistema eramangarri eta merkea diseinatu dute kalitate handiko plaketetan aberatsa den plasma sortzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/23

Fernando Benito, Ikertzaile doktore iraunkorra, Pablo Guevara, doktoratu aurreko ikertzailea eta Lurdes Basabe, ikerbasque irakaslea
Fernando Benito, Ikertzaile doktore iraunkorra, Pablo Guevara, doktoratu aurreko ikertzailea eta Lurdes Basabe, ikerbasque irakaslea | Argazkia: Nuria González. EHU

Ikerkuntza taldea Ikerbasqueko irakasle Lourdes Basabek eta Kimika Analitikoa Saileko Fernando Benito irakasleak zuzendu dute, eta plaketetan aberatsa den plasma (PRP) gainerako odoletik zuzenean bereizteko aukera ematen duen gailu berria garatu du, ekipo konplexuen beharrik gabe. Aurrerapen hori ohiko metodoen alternatiba da, eta Lab on a Chip aldizkari ospetsuak azaleko albiste gisa argitaratu berri du.

Plaketatan aberatsa den plasma (PRP) odol plasmaren frakzioa da, eta medikuntza birsortzailean balio handia du bere plaketa kontzentrazioari esker. Hori funtsezkoa da orbaintzea bizkortzeko eta ehunak konpontzeko. Orain arte, plasma hori lortzeko, zentrifugazio teknikak erabiltzen ziren eta, garestiak izateaz gain, plaketak behar baino lehenago aktiba zitezkeen, eta, ondorioz, haien eraginkortasuna murriztu.

“Konturatu ginen gure gailuak plasma banatzeaz gain, oso kalitate handiko PRPa lortzen zuela, plaketa funtzionalekin eta minimoki aktibatuta zeudenekin”, azaldu du Lourdes Basabek, Ikerbasqueko irakasleak.

Berrikuntza jalkitzetik abiatuta

Metodo tradizionalekin ez bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) garatutako sistemak grabitatearen bidezko jalkitzea erabiltzen du (banantze prozesu fisikoa da eta, bertan, partikula solidoak, fluidoa baino dentsoagoak, ontzi baten hondoan jalkitzen dira grabitate indarraren ondorioz. Likidoetan esekita dauden solidoak kentzeko ohiko metodoa da). Laser bidez moztutako xafla akrilikoekin eta itsasgarriekin eginda dago eta, ondorioz, kostu baxuan fabrika daiteke. 40 minutu eskasetan, 300 mikrolitro PRP ateratzeko gai da, mililitro bat odoletik abiatuta. Gainera, manipulazioa minimizatu egiten da.

Sistema berri honi esker lortutako emaitzak oso interesgarriak dira. Esate baterako, plaketen aktibazioa nabarmen gutxitzea lortu zen: metodo tradizionaletan behatutako % 31ko aktibazioarekin alderatuta, sistema berriarekin behatutakoa % 8,2koa izan zen. Gainera, plaketen batez besteko bolumena (MPV) mantendu zen eta hori funtsezkoa da PRParen eraginkortasun terapeutikoa gordetzeko. Gainera, globulu gorrien % 98 eta globulu zurien % 96 ezabatzea ere lortu zen. Baina sistema berriak badu beste abantaila bat ere: izan ere, metodo hau odol kantitate gehiago edo gutxiago prozesatzeko doi daiteke, betiere eraginkortasuna mantenduta.

Ikertzen urteak eman ostean lortutako aurkikuntza

Taldearen etengabeko lanaren emaitza da garapen hori. Izan ere, hamar urte baino gehiago daramatza Lab-on-a-Chip teknologia deritzenak ikertzen; hau da, normalean ekipo handi eta konplexuak behar izaten dituzten hainbat funtzio neurri txikiko gailu bakar batean (zenbaitetan, baina txip baten tamainakoan ere) kontzentratu eta automatizatzen dituztenak. Beste nolabait esanda, laborategi oso bat esku ahurrean sartzen zaigun espazioan martxan edukitzeren parekoa da. Ikerkuntza horiek egiten ari zirela, zientzialariek ikusi zuten beren gailuetan bereizitako plasmaren osaera oso aktibatuta ez zeuden plaketatan bereziki aberatsa zela. Behaketa horretatik abiatuta, sistema helburu terapeutikoekin diseinatu zuten berriro ere. Horri esker, erabili eta botatzeko gailu eramangarria lortu dute, oso kostu baxukoa, eta erabiltzeko erraza, baliabide mugatuko testuinguru klinikoetan, tratamendu pertsonalizatuetan edo etxeko medikuntzan erabiltzeko modukoa.

Lanaren lehen egilea Pablo Enrique Guevara Pantoja doktorea da, Microfluidics Cluster EHU ikerkuntza taldeko doktoratu ondorengo ikertzailea, Marie Curie COFUND beka entzutetsuari esker Ikertzaileak nazioarteko ibilbide sendoa du mikrofluidikan eta ingeniaritza biomedikoan, eta oihartzun handia izan duten argitalpen askoren egile nagusia izan da. Gainera, diagnostikoaren eta bioingeniaritzaren arloko hainbat patenteren baterako asmatzaileetako bat da.

Jabetza intelektuala eta transferentzia

Teknologia Espainiako patente baten bidez babestu da, eta, gaur egun, taldea kolaborazio klinikoen, industrialen edo inbertsioen bila ari da, sistema eskalatzeko eta merkatura eta laguntza inguruneetara iristea errazteko.

Artikulu osoa sarbide irekiarekin kontsulta daiteke Lab on a Chip aldizkarian: https://pubs.rsc.org/en/content/articlehtml/2025/lc/d5lc00362h

Erreferentzia bibliografikoa