Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan masterrarekin lotuta, UCMko Elena Casado Aparicio irakasleak bi eskola eman zituen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (horietako bat kanpoko ikasleei irekia), honako izenburuko gizarte ikerketa kualitatiboari buruz: "El sentido de la investigación y la investigación del sentido". Elena Casado, gainera, UCMko Puntu Moreko kidea da eta unibertsitatean indarkeriak landu eta egoera hori jasaten dutenei laguntza ematen die.
Elena Casado, UCM-ko irakaslea
Elena Casado: «Unibertsitateko jazarpena eta genero arloko beste indarkeria batzuk denek ezagutzen duten baina inork ozenki esaten ez duen errealitatea da»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/11
Zerk bultzatu zintuen UCMko Puntu Moreko kide izatera?
Beti pentsatu izan dut funtsezkoa dela aktibismoa, izan feminista, arrazakeriaren aurkakoa, antikapitalista eta abar, unibertsitatean presente egotea, jakinduria sortzeko leku garrantzitsuetako bat baita. Aktibismo horiek ikuspegia zabaltzen dute, inertzia eta zentzu komunak apurtzera bultzatzen dute, haien ahalmen sortzaile, kritiko eta eraldatzaileari esker. Horixe da, ikasle nintzenetik, horietako partaide izatera bultzatu nauena.
Neurri handi batean, Puntu Morea uste horretatik sortu zen, baina, batez ere, unibertsitate esparruan sexu-genero mailako desberdinkeriek eragindako haserreei modu kolektiboan entzuteko, laguntzeko eta modu kolektiboan aurre egiteko beharretik sortu zen. Ordura arte, gutako batzuk saiatzen ginen unibertsitateko korridoreetan edo bulegoan guganaino iristen ziren haserre horiek jasotzen: ikasgelan gai batzuk jorratzean asaldatu egiten ziren ikasleak, geletan edo gelatik kanpo jarrera edo jokabide jakin batzuen aurrean nola jokatu ez zekitelako haien zalantzak edo haserrea azaltzen zizkiguten pertsonak, edo, krisi egoeran zeudelako, gure begien aurrean apurtu egiten ziren pertsonak, edo, are okerrago, gu apenas jabetzen ez ginenak eta unibertsitatetik alde egiten zutenak. 2018an, ikasleen, irakasle eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean irakaskuntza berrikuntzarako proiektua martxan jartzea erabaki genuen, elkarrekin pentsatu eta jarduteko, sarea sortzeko eta jakintzak trukatzeko. Helburua, azken finean, haserre horiek politizatzea zen, haien egiturazko izaera nabarmenduz, eta egoera zailetan laguntzeko talde kolektiboa osatzea eta aktibismo transfeministen ahalmen sortzaile eta eraldatzailea berreskuratzea, besteak beste.
Zertan datza zuen lana?
Oinarrizko hiru ardatz dituzte gure zereginek.
Lehenik eta behin, jazarpen sexuala, sexista edo lgtbifobikoa jasaten ari direlako edo horrelako egoerak ezagutzen dituztelako gurekin harremanetan jartzen direnei laguntzeko eta haiek babesteko sareak osatzen ditugu. Horretarako, bikoteka edo talde txikitan antolatzen gara, kasu bakoitzean, kaltetutakoekin batera, jarduteko bide posibleen inguruan pentsatzeko, anonimotasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz. Jasandako indarkeriaren ondorioak arinduko dituen lotura eraikitzea da helburua, beharren eta egoeren araberako estrategia bereziak pentsatuz eta garatuz, betiere haien premia eta nahiak errespetatuz, etorkizunean ere iraungo duten denbora, entzutea eta abarrak eskainiz, prozesu horiek, askotan, luzeak izaten baitira.
Bigarrenik, desberdinkeria eta indarkeria horiek ikusarazten eta salatzen saiatzen gara. Horretarako, jarduera, jardunaldi eta mintegiak antolatu eta haietan parte hartzen dugu, unibertsitate esparru barruan eta kanpoan. Horietan, gure esperientziak partekatzen ditugu, hainbat indarkeria mota lotzen ditugu, eta horiei aurre egiteko estrategia eta erantzun posibleak bateratzen ditugu. Horrekin lotuta, bereziki nabarmendu nahiko nuke Tenderete de trapos sucios izeneko ekintza. Ekintza horretan, gure fakultateetako leku ikuserraz batean (adibidez, atarian) arropa esekitzeko sokak jartzen ditugu, eta hortik pasatzen direnak haien testigantzak zintzilikatzera gonbidatzen ditugu. Oso jarduera bisuala da (ikusi amaieran argazkia), eta aukera ematen digu eguna informazio mahaian emateko, gure artean eta beren testigantza uztera edo jarritakoak irakurtzera hurbiltzen direnekin hitz eginez. Urte hauetan bildu ditugun testigantzak oso aberatsak dira eta era guztietako diskriminazioak eta indarkeriak identifikatzeko, modu kolektiboan aztertzeko eta gertatzen dena entzuten jarraitzeko ere baliagarriak dira.
Azkenik, eta aurrekoak bezain garrantzitsua da etengabe saiatzen garela unibertsitate barruko eta kanpoko sareak elikatzen. Unibertsitatearen barruan loturak sortzen saiatzen gara antzeko erakundeetako arduradunekin, beste talde eta elkarte batzuekin, gure unibertsitatean eta beste batzuetan. Baina barneko sare horiek bezain garrantzitsuak dira unibertsitatetik kanpokoak. Horretarako, beste kolektibo feminista batzuekin elkarlanean aritzen gara beste indarkeria matxista mota batzuekin lotuta edo jarduera eta mobilizazio orokorragoetan.
Zein dira unibertsitate inguruan maizen ikusten dituzuen genero indarkeriako formak?
Unibertsitatea ez dago testuinguru sozial orokorragotik kanpo, eta, horrenbestez, era guztietako indarkeria matxistak aurkitzen ditugu. Indarkeria matxista horiek, praktikan, aukera berdintasunean hezteko edo lanpostu duina izateko eskubideari eragiten diote. Edozein indarkeria mota jasateak (eta are gehiago erakundeetatik behar bezala erantzuten ez denean) eragina izango du emaitza akademikoetan, ikasleen kasuan, eta ibilbide profesionalean, bereziki hasierako etapetan, eta modu espezifikoan egoera zaurgarrienetan daudenen kasuan. Hala, unibertsitate ingurunean genero indarkeriaz hitz egiten denean, modu espezifikoan sexu jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta jazarpen eta diskriminazio forma lgtbifobikoak burura etortzen zaizkigun arren gehienetan, ezin ditugu ahaztu beste indarkeria batzuk, hala nola ikaskideek eragindako sexu indarkeria edo bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako tratu txarrak. Hain zuzen ere, horiek zaildu egiten dute eskoletara edo lanpostura lasai joan ahal izatea.
Bestalde, ezin dugu ahaztu unibertsitatea arlo desberdineko hainbat kolektibok osatzen dugula: ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak, zerbitzuen kudeaketako eta administrazioko teknikariak, azpikontratetako langileak (kafetegiak, garbiketa zerbitzua). Beraz, kasu zehatz bakoitzean talde bereko edo talde desberdineko pertsonak sar daitezke. Eta hori garrantzitsua da, posizio guztiek ez baitute estatus eta botere berbera. Hori dela eta, ikasleen arteko genero indarkeriaz gain, gehien iristen zaizkigun egoerak deseroso sentitu diren ikasleekin edo tesiaren irakasleen edo zuzendarien aldetik indarkeria motaren bat jasan dutenekin lotutakoak izan dira. Eta, horrez gain, gero eta maizago aurkitzen ditugu erakundeen baliabide eta zerbitzuetara jo duten pertsonak, babesik aurkitu ez izateaz gain, erakundeen sentsibilitate, konpromiso edo erantzun faltagatik berriro ere erasotuta sentitu direnak..
Zer zailtasun topatzen dituzue?
Genero indarkeriaren ikuspegi oso karikaturizatua dugu, eta, aldiz, unibertsitatearen eta bizi garenon inguruko gure ikuspegia oso idealizatua da. Hori dela eta, batzuetan, kosta egiten zaigu ikusaraztea eta onartzea hemen ez garela, ezta gutxiago ere, harekiko immuneak. Alde batetik, ikuskera klasista edo arrazistak bizirik jarraitzen dutelako indarkeria erabiltzen dutenen eta jasaten dutenei dagokienez eta, aldi berean, unibertsitatea, beste gauza batzuez gain, logika neoliberal, indibidualizatzaile eta meritokratikoek zeharkatzen duten instituzio hierarkikoa delako, eta horrek botere gehiegikeriak jasateko haztegi aproposa bihurtzen duelako. Horri guztiari gainera, unibertsitatea indarkeriarik gabeko gunea dela aldarrikatuz erakundeek abian jarritako kanpainak gehitu behar zaizkio, hori aldarrikatzea indarkeria desagerrarazteko nahikoa balitz bezala.
Unibertsitateko jazarpena eta genero arloko beste indarkeria batzuk denek ezagutzen duten baina inork ozenki esaten ez duen errealitatea da. Korridoreetan xuxurlatzen da, komunetako atean salatzen da, askok ezagutzen ditugu aspalditik datozen kasuak… Baina, askotan, horren aurrean, erantzun komunitario eta instituzional eraginkorra falta da. Abiapuntuko zailtasunetako bat da indarkeria matxisten ikuspegi karikaturizatuaren eta unibertsitatearen idealizazioaren artean egon ohi den eta lehen aipatu dugun nahasketa hori. Isiluneak eta isilarazteak sortzen dituen tranpa modukoa da. Eta ez naiz biktimen isiltasunaz bakarrik ari. Izan ere, ia erantzukizun osoa jartzen da haiengan salatzen ez badute ezin dela ezer egin esaten denean edo haien testigantzaren egiazkotasuna zalantzan jartzen denean. “Isiltasun” horren atzean, arrazoi ugari egon daitezke: erasotzaileak edo inguruak eragindako errepresaliekiko beldurra, epe labur eta luzean erakundean irautea arriskuan jar dezakeena, ekintza instituzionalarekiko mesfidantza, eta laguntza eta babesa emateko sare begirunetsurik eta eraginkorrik ez izatea. Eta, hala eta guztiz ere ere, Puntu Morera hurbiltzen direnen arrazoi nagusietako bat horixe da: gertatutakoa kontatzea, beste inori gerta ez dakion. Horrek agerian uzten du gaur egun, indarkeria hori sortzea errazten edo babesten duten egitura eta dinamikak erantzule egin beharrean, prebentzioaren zama handiena biktimengan jartzen dela, horrek dituen ondorio guztiekin.
Eta askoz ere kezkagarriagoak dira, gutxiago aipatzen diren arren, erakundeen eta, oro har, unibertsitateko komunitatearen isiluneak eta isilarazteak. Arazoak eta tentsioak saihesteko lankide baten jarrera eta portaerak problematizatu beharrean, beste alde batera begiratzen dutenenak, edo hitz egitera ausartzen direnen aurkako beldurtze ekintzak eta mehatxuak (disimuluan egindakoak zein nahita egindakoak) erabiltzen dituztenak daude hor. Halakoetan, adibidez, kontatzen dutenarekin kontuz ibiltzeko ohartarazten dituzte, esandako hori haien aurka itzul ez dadin. Ez dute ahalegin bera egiten antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen bideak bilatzen, ezta sor daitezkeen ondorioak arintzeko babes kolektiboa eskaintzen ere. Gainera, ondorio horiek arazoa seinalatzen dugunongan ere eragiten dute, erakundeari zein lankide batzuei sortzen dizkiegun deserosotasunak direla eta.
Zure ustez, zein elementu dira ezinbestekoak indarkeriarik gabeko unibertsitate kultura sortzeko?
Funtsezkoa da arazoaren izaera estrukturala onartzea. Eta estrukturala esaten dudanean, gizarte egituratik eratorritako desberdinkeriez ari naiz (ez dezagun ahaztu sexismoa, klasismoa, arrazakeria, kapazitismoa eta abarrak agerian dauden gizarteetan bizi garela), bai eta unibertsitate ingurunearen berezko ezaugarriez ere; hau da, erakunde hierarkikoa da, logika neoliberalaren zama jasaten duena eta, bere opakutasunean, botere abusua eta biktimen kontakizunaren deslegitimazioa bultzatzen dituen diskurtso meritokratikoan korapilatuta dagoena. Era berean, beharrezkoa da ausardiaz eta zintzotasunez identifikatzea (esku hartuta edo esku hartu gabe) prebentzioan, babesean eta erreparazioan huts egiten duten, egoera horiek jasaten dituztenen testigantzei zilegitasuna kentzen dieten eta indarkeria erabiltzen dutenen artean inpunitatea erreproduzitzen duten mekanika instituzionalak. Ez da nahikoa indarkeriarik gabeko kultura sortzea. Hori beharrean, ezinbestekoa da desberdinkeriak erreproduzituko ez dituzten eta gehiegikeria horiek bultzatuko ez dituzten baldintza materialak bermatzea, eta opakutasunarekin, isiltzearekin eta isolamenduarekin hautsiko duten berme instituzionalak ziurtatzea
Zure ustez, zer neurri edo baliabide indartu beharko lirateke unibertsitate barruan?
Lehenengo eta behin, baliabide gehiago behar dela esan ohi da. Eta egia da. Gaur egun, unibertsitateen berdintasunerako unitateak edo zuzendaritzak lanez lepo daude. Baina ezer gutxirako balioko luke baliabide gehiago izateak, batzuetan perspektibak huts egiten duenean. Izan ere, kasu askotan, zerbitzu horien arduradunek konpromiso feminista irmoa duten arren, borondate ona ez da nahikoa arazo estrukturalei eta instituzioen inertziei aurre egiteko. Geure buruari galdetu behar diogu nola eta nori eskatu behar diogun kontuak ematea gure ustez (ingelesez accountability terminoa erabiltzen da horretarako). Eta hor funtsezko tentsiogune bat aurkitzen dugu, kargu eta zerbitzu horiek une bakoitzeko errektorearen mende baitaude, eta, sarritan, erakundeen behar gisa aurkezten denaren ikuspegitik jarduten dutela baitirudi (adibidez, jazarpen kasuak daudela aitortuta irudi txarrik ez ematea), halakoak jasaten dituztenen zerbitzura (zehazki) eta unibertsitate komunitatearen (oro har) zerbitzura daudela iruditu beharrean.
Bestalde, lehen aipatu ditudan sormen eta irudimen kolektibo hori behar dugu. Askotan, hauxe izaten da erakundeek ematen duten erantzuna: “ezin daiteke ezer egin”, egoera hori jasan duen pertsonak salaketarik jarri ez duelako, dagoeneko unibertsitatean ez dagoelako, lekukorik ez dagoelako edo, lekukoak izanda ere, haiek ere galtzeko asko dutelako. Hezkuntza eta lan arloan zerbait onartezina iruditzen zaigunean, egoera hori ez errepikatzea bermatzeko eta hori erreparatzeko modua bilatu beharko dugu gutxienez. Eta itxura batean halakorik ez badago, asmatu egin beharko da. Horixe bera da Puntu Morean egiten duguna. Eta horretarako, berdintasun eta indarkeria politika espezifikoetatik harago joan beharko da, eta esparrua eta jarduteko bideak modu sortzailean zabaldu. Unibertsitatearen egungo ezaugarriak ikusita, adibidez, ekintza sindikalak zer antola dezake lan osasuna babesteko eta doktoratu aurreko emakumezko ikertzaileen kasu zehatzean laneko arriskuen prebentzioa bermatzeko? Edo zer egin dezakegu gure sailetan, doktorego eskoletan eta abarretan, jardunbide egokien esparru partekatuak eta konprometituak izateko, gutxienez, desberdinkeria, diskriminazio eta abusu mota guztiei aurre egiteko?
Nola lagundu dezakete irakasleek, ikasleek eta langileek prebentzioan modu aktiboagoan?
Lehen urratsa arazoa aitortzea da, ez beste alde batera begiratzea, eta bakoitzak egoera horien aurrean dugun erantzukizuna geure gain hartzea, guztia alfonbra azpian ezkutuan utzi gabe. Ezin dugu ahaztu egoera horiek jasan dituzten pertsona horietako askok ez dutela barkamenik jaso. Barkamenik ez prebenitzen ez jakin izanagatik; barkamenik ez esan nahi zutena entzuten eta behar horien aurrean laguntza ematen ez jakiteagatik, eta barkamenik ez halakorik ez errepikatzea ez bermatu izanagatik. Duela aste batzuk, unibertsitateko kide gisa barkamena eskatu nuen ekitaldi publiko baten ondoren, laguntzaile bat nirekin harremanetan jarri zen eskerrak emateko. Hitz hura bota nuen arte barkamen hura zenbateraino behar zuen ez zekiela esan zidan, nahiz eta ni beste unibertsitate batekoa izan eta kasuarekin inolako loturarik ez izan. Erreparaziorako formak oso urriak dira eta, hori dela eta, guztia da garrantzitsua. Onerako eta txarrerako.
Funtsezko beste urrats bat haserreak kolektibizatzeko, beste batzuei entzuteko eta mobilizatzeko espazioak irekitzeko, jarduteko aukerak eta moduak imajinatzeko eta sareak sortzen jarraitzeko antolatzea da. Hain zuzen ere, Puntu Morearen pizgarrietako bat, nire ustez, ikasleak, irakasleak eta teknikariak elkartzen garela da, eta hor, unibertsitate bidezkoagoa, konprometituagoa eta hobea eraikitzeko lan hori partekatzen dugula da garrantzitsuena.
Zer aldaketa sumatu duzue azken urteotan laguntza eskatzeko moduan edo indarkeria formetan?
Aldaketa horietako bat Sara Ahmedek performatibitaterik ezaren dinamikak deitzen dion horrekin lotuta dago; hau da, zerbait egiten ari direla erakusteko irudia emateko helburua duten arren, praktikan, behar bezala funtzionatzen ez duten erakundeen adierazpen eta konpromisoekin. Adibidez, protokoloak idatzi eta berdintasun unitateak sortzea, horiek publizitatu eta ikusaraztea, egoera horiek salatzera animatuz, eta gero, salaketak korapilo burokratikoetan galtzea, edo prozedura biktimentzat mingarri eta arriskutsu bihurtzea. Horrek guztiak etsipena eta desengainua sortzen du haserre horiek jasaten dituztenengan. Baina, horrez gain, indarkeria instituzionalak ere eragiten ditu, jazarpenaren biktima direnen zein haien eskaerak babesten eta laguntzen dituztenen aurka...
Nola deskribatuko zenuke Puntu Moreak sortu zenetik gaur egun arte izan duen bilakaera?
Puntu Morearen bilakaerarik baliotsuenetako bat da unibertsitatean jada denbora asko generaman pertsonek osatu dugun sarea. Izan ere, bertan urteak generamatzan arren, ez genuen elkar ezagutzen eta ez genuen elkarrekin lan egiten. Sail eta fakultate ezberdinetan egiten dugu lan, baina laguntza eskatzen diguten pertsonei babesa emateko eta gure artean laguntzeko ere baliagarria den sarea osatu dugu, unibertsitatean dugun esperientzia aldatzen joateko eta sortu nahi dugun unibertsitatean espazioak eta harremanak sortzeko. Hain zuzen ere, nahi ez dugun unibertsitate horren ezaugarri diren indarkeria formez, haserreez eta desengainuez arduratzen gara.
Eta noski, Puntu Morearen bilakaerak ere badu zerikusia erakundearen bilakaerarekin (unibertsitatea, fakultateak, eta abar) gai horiek jorratuz, indarkeria instituzionalek hartu duten bidearekin, ikasleen eta langileen eskariei ematen zaien erantzunarekin edo erantzunik ezarekin, erakundeen baitako erantzukizun postuetan daudenekin hitzartu daitezkeen aliantzekin, eta ekintzarik ezak sortzen duen etsipen, salaketa eta haserrearekin, eta, batzuetan, oztopo aktiboago eta instituzionalekin, jazarpen egoerei eta halakoak eragiten dituztenen inpunitateari dagokienez.
