euskaraespañol

Entzute eta Erantzute Sarea jardunbide egokitzat jo dute Unibertsitateko Informazio eta Argibide Zerbitzuek

Saritutako jarduera laguntza integraleko programa bat da, kalteberatasun-egoeran dauden ikasleei zuzendua, unibertsitate-komunitateak osatutako lankidetza-sareen bidez garatua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/15

Montserrat Pinent Armengol, Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko irakasle-proiektuen eta ikasleen errektoreordea; Arantza Martínez, EHUko Ikasleen Orientazio eta Behar Espezifikoen zuzendaria; Haizea Galarraga, EHUko Ikasleen Errektoreordetzako eta Partaidetzako Gizarte Ekintzako zuzendaria; eta Jon Torres, EHUko Ikasleen eta Parte-hartzearen Errektoreordetzako teknikaria. | Argazkia: Universitat Rovira i Virgili

Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegien Entzute eta Erantzute Sareak lehen saria lortu du Tarragonan egin berri den Estatuko Unibertsitateko Informazio eta Argibide Zerbitzuen XXV. Topaketan. Saritutako ekimena, Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordetzak sustatua, kalteberatasun-egoeran dauden ikasleei laguntzeko programa integral bat da, unibertsitate-komunitateak osatutako lankidetza-sareen bidez garatua (irakasleak, kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikariak, bai eta ikasleak ere). Gaur egun, 28 zentrok eta sekziok osatzen dute sarea, baita unibertsitate-komunitatearen 273 laguntzailek ere.

Sare honen helburu nagusia ikasleari eragiten dioten kalteberatasun-egoerak goiz detektatzea da, bai eta lehen laguntza ematea ere, behar izanez gero, zerbitzu espezializatuetara bideratu aurretik. Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordetzak prestakuntza eskaintzen die sareko laguntzaileei eta erreferenteei, kalteberatasun-egoerei aurre egiteko gaitasunak indartzeko. Prestakuntza horietan, zaurgarritasun-egoeran dauden ikasleentzat eskuragarri dauden baliabideei eta programei buruzko informazioa jasotzen da, bai eta haiek artatzeko funtsezko gaitasunak garatzeko prestakuntza ere, hala nola entzute aktiboa eta kudeaketa emozionala.

Hirugarren aldia da Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordetzak aurkeztutako proposamen bat jardunbide egokitzat hartzen dela. 2021. edizioan orientaTU ekimenak errekonozimendua lortu zuen eta 2019an egindako edizioan, Arrakasta programak ere lehen saria lortu zuen.

Arantza Martínez Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Orientaziorako eta Behar Espezifikoetarako zuzendariak aitorpen berri horren balioa azpimarratu du, eta honako hau adierazi du: "aitorpen honek UPV/EHUk Entzute eta Erantzute Sarearen programaren bidez egin duen lana nabarmentzen du, bai eta ikastegi bakoitzeko laguntzaileen eta erreferenteen dedikazioa ere, horien lana funtsezkoa baita arlo horretan. Era berean, gure unibertsitateak kalteberatasun-egoeran dauden ikasleen arretarekin duen konpromisoa balioesten du, ildo horretan aurrera egiten jarraitzera eta unibertsitate inklusiboago eta bidezkoago batekin dugun konpromisoa sendotzera bultzatuz ".