Adimen Artifizial Sortzailea (IAGen) gaur egun ez da etorkizuneko teknologia. Hori beharrean, Espainiako eta Europako nerabe eta haurrentzako eguneroko errealitate bihurtu da. 9 eta 16 urte bitarteko 25.592 adingaberi egindako inkestetan eta 244 elkarrizketa sakonetan oinarrituta egindako EU Kids Online (EUKO) ikerketa sarearen azken txostenaren arabera, AA modu azkarrean ari da integratzen adin txikikoek dagoeneko erabiltzen dituzten plataformetan (Snapchat edo ChatGPT, adibidez) eta horrek, askotan, hautatzeko gaitasun aktiboa mugatzen du.
-
Unibertsitate irakasle izateko deialdia ireki du gaur EHUk
-
EHUpodcast: Material naturalen iraultza
-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Gure Batxilergoko sari bereziak
-
Bengoetxea: «Lorpenez betetako urtea izan da eta negoziazioa ezinbestekoa izango da etorkizunean bide beretik jarraitzeko»
Espainiako hamar adingabetik seik erabiltzen du AA sortzailea
20 herrialdetako 25.000 adingabe baino gehiagoren datuekin EU Kids Online (EUKO) Europako sareak egindako “European children’s use and understanding of Generative AI” azterlanak AA haur eta nerabeen eguneroko bizitzan modu ikusizezinean nola txertatu den aztertu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/09
Txostenaren datuek adierazten dutenez, testuinguru kultural eta nazional desberdinak izan arren, Europako haurrek antzeko erabilera-ereduak eta esperientziak dituzte erabiltzen dituzten AA sortzaileko aplikazio eta zerbitzu motei dagokienez.
Espainia: etxeko lanek eragin handia duten erabilera
Espainiaren kasuan, AAren erabilera oso hedatuta dago: hamar neska-mutiletik seik dio azken hilabetean erabili dutela. Gainera, erabilera pixkanaka handitu egiten da adinarekin, eta doakoa eta irisgarria den baliabide gisa sendotzen da. Erabilera ohikoenak eskola eremuarekin lotuta daude:
- % 30ek testu luzeak laburtzeko edo azaltzeko erabiltzen du.
- % 23k eskolako jardueretarako idazlanak egiteko eskatzen dio AAri.
- % 15ek era askotako gomendioak bilatzen ditu.
Hala ere, laguntza akademiko horrek anbibalentzia sortzen du gazteen artean. “Lanak AA gabe egin ditzaket, baina ahalegin handia eskatzen dit horrek. Orain arreta gutxiago jartzen dut; izan ere, badakit edozein unetan azal diezadakeela” (17 urteko mutikoa). Horrek agerian uzten du ikaskuntza prozesuan tresna horren bizkortasunak ordezkatzeko joera dagoela.
AA, emozioetarako babesgune eta tresna sortzaile
Aurkikuntza aipagarri bat nabarmendu du azterlanak: eremu pribatuarekin lotutako tokia betetzen ari da AA. Adingabeen % 9,2k AA erabiltzen du bere kezkei buruz hitz egiteko, "Ez da pertsona bat, ez dago niri begira... gauzak konta diezazkioket, badakidalako ez direla hortik aterako" (14 urteko neska).
Sormenari dagokionez, zenbaitentzat AA teknologiaren demokratizatzailea dela esan daiteke. Izan ere, lehen lortu ezin zituzten proiektuak egiteko aukera ematen die gazteei, hala nola bideojokoak programatzea edo arte digital konplexua sortzea.
Arriskuak, desinformazioa eta partekatutako erantzukizuna
Erabilera hedatuta dagoen arren, Espainiako adingabeak ez dira akritikoak. Benetako kezka dago informazioaren fidagarritasun-faltagatik, datuen pribatutasunagatik eta deepfake delakoen arriskuagatik (nahiz eta % 2,5ek bakarrik onartzen duen halakoak sortu dituela -gainera, aipatu beharrekoa da estatus altuko mutilen kasuan ohikoagoa dela hori-). Arrisku horiek nork kontrolatu behar dituen galdetzean, nerabeek erantzukizun partekatua aipatzen dute, baina hierarkia argiarekin: enpresa teknologikoak, diseinuaren arduradun nagusi gisa; gobernuak, legezko mugak eta babesa ezartzeko; eta erabiltzaileak, erabilera kontziente eta etikoa egiteko.
Ebidentzian oinarritutako politiken aldeko deia
EU Kids Onlineren txostenak nabarmentzen duenez, eztabaida politikoan nagusi dira sentsazionalismoa, ikara moralak, edo teknologiari buruzko gehiegizko aurreikuspenak, protagonisten iritziak alde batera utzita. Txostenaren emaitzen helburua da haur eta nerabeen ongizatea eta eskubideak babestuko dituzten erregulazio eta hezkuntza politika berriak bideratzea, AA dagoeneko nonahi baitago ingurune horretan.
EU Kids Online
EU Kids Online ikerketarako sare multinazionala eta diziplina anitzekoa da, eta haurren aukerei, arriskuei eta segurtasunari buruzko ikerketak online egiten dituena. Sareak ikerketa metodo ugari erabiltzen ditu haurrek eta gurasoek Interneten erabileran izandako esperientziak aztertzeko eta Estatu mailako, Europako eta nazioarteko politiketarako eta jardunbideetarako garrantzitsua den ezagutza garatzen laguntzeko. EU Kids Online ekimenak haurren eskubideetan oinarritutako ikuspegia hartzen du, Haurren Eskubideen Nazio Batuen Hitzarmenarekin eta Haurren eskubideak ingurune digitalean nola bermatu behar diren jasotzen duen 25. Behatoki Orokorrarekin bat eginda. Horrek haurren bizitza digitalaren ikuspegi holistikoa eskatzen du, eta kontuan hartzen ditu haien parte hartzea, babesa, pribatutasuna, hornidura, duintasuna eta iritzia.
Ikerkuntza
Prentsa ohar honetan aurkeztutako datuak eta aipatutako azterlana EU Kids Online Europako ikerketa sarearen emaitzen parte dira. Europako 20 herrialdetako datu konparatiboetan oinarritzen da txostena: Austria, Belgika, Kroazia, Txekiar Errepublika, Estonia, Finlandia, Alemania, Irlanda, Italia, Letonia, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Polonia, Portugal, Serbia, Eslovakia, Espainia, Suitza eta Erresuma Batua. Txostenak barne hartzen ditu EU Kids Online inkestaren datuak. Bertan, 17 herrialdetako 9 eta 16 urte bitarteko 25.592 haurri egin zaie galdeketa, eta 15 herrialdetako 13 eta 17 urte bitarteko 244 haurrekin egindako elkarrizketa kualitatibo osagarriak ere jaso ditu. Txostenak eredu berriak, talde eta herrialdeen arteko ezberdintasunak eta aukeretarako eta kezka iturrietarako funtsezko arloak identifikatzen ditu. Horren bidez, ikuspegi goiztiarra eta garrantzitsua ematen du AA sortzaileak Europan haurtzaroa nola eraldatzen ari den azaltzen duten politiketarako.
Euskal Herriko Unibertsitateko EU Kids Online taldea Zibersegurtasun Institutu Nazionaleko SIC-SPAIN kontsortzioko kide da, eta UPV/EHUren ikerketa talde kontsolidatu gisa laguntza jasotzen du (GIU 22/28). SIC-SPAIN 4.0 “Safer Internet Centre Spain 4.0” proiektua DIGITAL-2023-DEPLOY-04-NETWORK-OF-SICs deialdian Digital Europe programaren bidez Europar Batasunarekin (EB) batera finantzatutako proiektua da. Datozen hilabeteetan, EU Kids Online sareko lantaldeak IAgenen erabilerarekin lotutako emaitza zehatzak aurkeztuko ditu Espainiako nerabeen erabileran oinarrituta.
Estekak: