euskaraespañol

Redes sociales campusa

Etxetik alde egitearen prezioa

Etxebizitzaren merkatua aldatu zuen 2008ko krisiak; hain zuzen ere, Andoni Calvoren GRALak aztertzen du belaunaldi oso batentzat independizatzea gaur egun zergatik den zailagoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/21

Andoni Calvo Acebedo, EHUko Ekonomia graduatua. | Argazkia: Mitxi

Gazteen emantzipazioa orain ez dago lana topatzearen mende bakarrik: batez ere, etxebizitza ordaindu ahal izatearen mende dago. Horixe da Andoni Calvo Acebedo EHUko Ekonomian graduatu berri denak Mercado de la vivienda y emancipación juvenil en España: transformaciones tras la crisis de 2008 (Etxebizitzaren merkatua eta gazteen emantzipazioa Espainian: 2008ko krisiaren ondorengo eraldaketak) egindako Gradu Amaierako Lanean jaso dituen ondorioak. Lan horri esker, ohorezko matrikula eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren aitortza jaso ditu. Bere ikerketak aztertzen du 2008ko krisiak higiezinen merkatua nola eraldatu zuen eta etxebizitzarako sarbidea independizatzeko oztopo nagusietako bat nola bihurtu zuen.

Sakelakoak dardara egin du. Pantailan higiezinen hiru plataformek bidalitako hiru jakinarazpen azaltzen dira. Lehenengoan, iragarki berri bat azaltzen da: igerilekua duen urbanizazioa. Berehala baztertu du; prezioa ez da arrazoizkoa. Bigarrenean, beste pisu bat azaltzen da: oraingoan, alokairu prezioak onargarria dirudi, baina, argazkiak irekitzean, arazoa ikusi du... ez du leihorik. Baina “hirugarrenean, bai”, pentsatu du. Azken iragarkiak beretzat egokia dirudi. Gehiegi pentsatu gabe, jabearekin harremanetan jarri da, baina berehala jaso du erantzuna: “sentitzen dut, baina beste norbaiti alokatu diogu”. 

Nork ez du ezagutzen gaur egun egoera horretan dagoen inor? Nahikoa da telebista piztea edo edozein egunkari zabaltzea emantzipatzeko zailtasuna gazteei eragiten dien arazo nagusietako bat dela egiaztatzeko.

Hain zuzen ere, arazo hori jorratzen du Andoni Calvo Acebedoren (Sestao, 2002) Ekonomiako Gradu Amaierako Lanak. Lan horretan, gazteek etxebizitza eskuratzeko duten krisiaren arrazoiak, ondorioak eta konponbide posibleak aztertzen dira. Datu ekonomikoen, higiezin merkatuaren azterketaren eta egungo errealitate sozialean oinarritutako begiradaren bidez, azterlanak belaunaldi bat deskribatzen du. Independizatzeak urrats natural izateari utzi eta, gero eta gehiago, pribilegio bihurtu dela ikusten duen belaunaldia da hori. Bere ikerlanaren izena Mercado de la vivienda y emancipación juvenil en España: transformaciones tras la crisis de 2008 da eta EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen ohorezko matrikula eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren aitortza jaso ditu.

Prezio altuak baino askoz ere gehiago

Patxi Zabalo Ekonomia Aplikatuko Saileko irakasleak zuzenduta, belaunaldi oso bat markatu duten bi fenomeno lotzen ditu lanak: 2008ko finantza krisiaren eragina eta etxebizitza eskuratzeko dauden gero eta zailtasun handiagoak. Ikerketak ondorioztatu duenez, gazteen emantzipazioa atzeratu izana higiezinen merkatuaren sakoneko aldaketekin lotuta dago, eta ez bakarrik prezioen garestitzearekin. Egoera hori baldintzatzen duten faktoreen artean, Andoni Calvok “emantzipazio ekosistema” delakoa identifikatzen du: arrazoizko prezioa duen alokairuaren urritasuna, kreditua gogortu izana, prezio onargarrietan etxebizitza eskuragarririk ez izatea eta etxebizitzaren benetako kostutik gero eta urrunago dauden soldatak.

Diru sarreren eta prezioen arteko desoreka agerian geratzen da ikerketaren datu adierazgarrienetako batean: 2024an, etxebizitza bat bakarka alokatzeak gazte baten hileko soldata garbiaren % 100 baino gehiago hartzen zuen. Datu horiek 2013koekin alderatzen baditugu, gainera, egoera okertu egin dela ikusiko dugu; izan ere, ordu hartan, ahalegin ekonomiko hori gazteen sarreren % 46 ingurukoa zen. “Hamaika urte eskasetan, nabarmen bikoiztu da”, ohartarazi du Calvo Acebedok.

Arrazoizko prezioa duen etxebizitzarik ez izatea

Espainian oro har etxebizitzak falta direla dioen ideiatik aldenduta, arazo nagusia beste bat dela azpimarratzen du Calvok: etxebizitza sozial eta irisgarriaren eskasia. “Jende gehienak ez ditu luxuzko etxebizitzak eskatzen; arrazoizko baldintzatan independizatzeko aukera ematen duten etxebizitzak eskatzen ditu”, dio ikerketaren egileak. Izan ere, erosteko ahalmen handiko higiezinen merkatuak normaltasunez funtzionatzen jarraitzen duen bitartean, gabezia arrazoizko aukeretan pilatuta dago. Azterlanaren arabera, Espainiak alokairu sozialeko 1,5 milioi etxebizitza inguru beharko lituzke Europako batezbestekora hurbiltzeko.

Eta eskaintza horrek ondorio zuzenak ditu gazteen emantzipazioan. Espainiako Estatuan, familiaren etxea uzteko batez besteko adina 30 urte eta erdikoa da gaur egun; hau da, Europako beste herrialde batzuetan baino lauzpabost urte gehiagokoa.

Finantza krisiaren ondoren etxebizitza erosteko aukera nola aldatu zen ere aztertu du ikerketak. Calvo Acebedok azaldu duenez, 2008 baino lehen, hipoteka eskuratzea “askoz ere errazagoa” zen eta etxebizitza erostea adin goiztiarragoetatik lor zitekeen helburua zen. Gur egun, ordea, baldintza ekonomiko eta finantzarioek asko zailtzen dute aukera hori, eta gazteen zati handi bat alokairuaren merkatu gero eta tentsionatuagora eramaten dute.

Ekonomialari gazteak azaldu duenez, banketxeek higiezinaren balioaren % 80 finantzatzen dute gehienez, eta, horren ondorioz, gazte askok nekez ordaindu dezaketen zenbatekoa izan behar dute aldez aurretik. Sarrera eta horri lotutako gastuak biltzeak 40.000 eta 60.000 euro artean aurreztea eskatzen du. “Sarrera hori, gutxi gorabehera, gazte baten soldata garbiaren lau urte eta erdiren baliokidea da”, azpimarratu du saritutako GRALaren egileak. Paradoxa dirudien arren, azterlanean ikus daitekeenez, askotan, hipoteka batek alokairuak baino hileko presio ekonomiko txikiagoa sor dezake. Calvo Acebedoren arabera, arazoa ez dago “kuota ordaintzeari lotuta”. Hori beharrean, “arazo nagusia beharrezko hasierako kapitala biltzearekin” lotuta dago.

Esku-hartze publiko handiagoa

Ikerketaren egileak alokairuaren merkatuan esku-hartze publiko handiagoa izatea defendatzen du, prezioen igoera geldiarazteko, batez ere tentsio handiko eremuetan. Higiezinen merkatua arautzea konplexua dela onartu arren, beharrezkotzat jotzen du gazte askok aurre egin beharreko gehiegizko ahalegin ekonomikoa murrizteko mekanismoak ezartzea. Horrez gain, alokairurako eta lehen etxebizitza erosteko diru laguntza handiagoak beharko liratekeela uste du. Bereziki, banketxeek eskatzen duten hasierako sarreraren edo abalaren zati bat estali ahal izateko neurri publikoak planteatzen ditu.

Dena den, ekonomialari bizkaitarrak azpimarratzen duenez, konponbidea ezin daiteke soilik administrazioen esku utzi. “Lankidetza publiko-pribatua behar da”, aldarrikatu du. Bere hitzetan, “gaur egun, askoz errentagarriagoa da erosteko ahalmen handiko profiletara bideratutako etxebizitza librea eraikitzea”. Hori dela eta, sustatzaileekin akordioak bultzatzea beharrezkoa dela uste du, “enpresen errentagarritasunari uko egin gabe” etxebizitza soziala garatzeko.

Bien bitartean, milaka gaztek etxebizitza bila jarraitzen dute sakelakoaren pantailatik, ezinezkoak diren iragarkiak bata bestearen jarraian ikusiz, ordu gutxiren buruan desagertzen diren etxebizitzetara bisitak eginez eta haien irismen ekonomikotik kanpo dauden alokairuak ikusiz. Emantzipazioa eta bizitza proiektuak atzeratu egiten dira, eta ziurgabetasuna nagusitzen da bizitza independentea izateko urratsa eman nahi dutenen artean. Izan ere, belaunaldi oso batentzat, independizatzea ez da orain haztea bakarrik; pribilegioaren itxura ere hartzen hasia da.