euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Gaizkia, Auschwitzetik Gazara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/07

Artur Heras artista erakusketaren aurkezpenean, Bizkaiko Esperientzia Geletan | Argazkia: Fernando Gómez

Zerk lotzen ditu 1945ean Auschwitzen hartutako irudi bat eta Gazako egungo errealitatea? ‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2024’ Artur Heras artista valentziarraren lanak Holokaustoaren memoria eta Gazako egungo indarkeria lotzen dituen ibilbide bisuala sortu du, Auschwitzen ateratako artxiboko irudi batean oinarritutako 42 lanez osatua dagoena.

Erakusketa maiatzaren 6an aurkeztu da Bizkaiko Esperientzia Geletan (EHU), Gasteizen egon ondoren. Inaugurazio ekitaldian Heras artista bera, Anacleto Ferrer komisarioa eta Marian Iriarte EHUko Harreman Instituzionaletako eta Kulturako errektoreordea izan dira.

Aurkezpenaren ondoren, Herasek bisita gidatua eskaini zuen eta xehetasun handiagoz azaldu ahal izan zituen bere obren sortze-prozesua eta elementu sinbolikoak, historian gaizkiak iraun izanaren inguruan hausnartzera gonbidatzen duen lan artistikoaren gakoetan sakonduz.

1945ean jaio zen artista, munduak Holokaustoaren izugarrikeriak eta Auschwitz bezalako tokiak ezagutu zituen urte berean. Herasek naziek beraiek hartutako artxiboko irudi batetik abiatu du obra: adineko emakume bat eta haur batzuk arantzadun alanbre baten ondoan, gas-ganbera batera bidean. Horrela, ezkutuko aurpegiak dituen eszena hori 42 lanez osatutako serie baten hasiera bihurtu zen.

Artur Heras: «Ni 1945. urtekoa naiz, adin bat badut jada, eta jaio nintzen urteko paisaiaren edukiaz hausnartzen hasi nintzen»

2020ko pandemian du jatorria proiektuak. “Ni 1945. urtekoa naiz, adin bat badut jada, eta, hortaz, arinkeria ariketa bat izango ez zela suposatuz, jaio nintzen urteko paisaiaren edukiaz hausnartzen hasi nintzen”, azaldu du Herasek.  Lehenengo, ‘HALT! Pentsatzen duten irudiak’ erakusketa egin zuen, pinturak, eskulturak, marrazkiak eta ikus-entzunezko piezak biltzen dituzten 200 lan baino gehiagoz osatua. “Halt” alemanez “geldi” esan nahi du, eta “erresistentzia” adierazi nahi du. Azkenik, obra hau sortu zuen 2024ean, 4-5 hilabeteko lana izan zena.

Gerra Zibila bukatua zegoen arren, gerraostea “oso gogorra” izan zela gogoratu du, eta adierazi du irudi batetik abiatuta hasi zela lanean, serie oso bat garatuko zuela aurreikusi gabe. “Argazki hura formatu handiko marrazki batera eraman nuen, tintaz eta arkatzez egina, eta irudi enigmatikoa iruditu zitzaidan. Gizakien aurpegia ezkutatzean, irudi atenporala bihurtzen da, garai askotarako baliagarria den irudia, ikuspuntu sinbolikotik begiratuta”, ondorioztatu du.

Artur Heras: «Gizakien aurpegia ezkutatzean, irudi atenporala bihurtzen da, garai askotarako baliagarria den irudia, ikuspuntu sinbolikotik begiratuta»

Pieza bakoitza jatorrizko irudi horren bariazio bat da. Ez dute hondo zehatzik, eta arantzadun alanbreak zeharkatzen du irudi guztien horizontea. Marrazkiek bilakaera bat dute, jatorrizkoari leialagoak direnak egiten hasi zen artista eta elementu grafikoz eta testuz betetako konposizio moldatuagoak egiten bukatu zuen. Ez dago kronologia zehatzik, baina bai bilakaera bat. Arantzadun alanbrea erakusketa osoaren hari gidaria da, eta artistak Mahmud Darwish edo Rafael Alberti bezalako poeten bertsoak txertatu ditu.

Walter Benjamin pentsalariak sortutako terminoa erabiliz, ‘Denkbilder’ obrak dira, “pentsatzen duten irudiak”, alegia. Horietan, artistak iragana berrikusteaz gain, orainarekin zubi bisuala ezartzen du, zehazki Gazako indarkeriarekin. Eta irudi diren aldetik beren buruaz pentsatzen dute. Heras ideien margolaria da. Ez du nahi ez hunkitu ez asaldatu, baizik eta ulertu, komunikatu eta interpelatu.

Duela 80 urteko biktimak gaur egungoak nola hauteman daitezkeen planteatzen du erakusketak. Baliokidetza sinplistetan erori gabe, errealitateari aurrez aurre begiratzeko beharra azpimarratzen du Herasek, egungo indarkeriari aipamena eginez: “Gazan egiten ari direna jasanezina da”.

Maiatzaren 22ra arte ikusi ahal izango da obra Bizkaiko Esperientzia Geletan, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Gainera, maiatzaren 21ean, ostegunean, 17:30etan, ‘Rifqa’ poema liburu euskaratuaren aurkezpen musikatua eskainiko da Bizkaia aretoko terrazan. Mohammed el-Kurd egile palestinarraren ‘Rifqa’ poema liburua (2021) Eider Beobidek euskaratu zuen 2024. urtean (Txalaparta).

Behin Bilboko egonaldia pasatuta, Donostiara, EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría zentroko Txillardegi aretora, lekualdatuko da erakusketa, maiatzaren 27tik ekainaren 30era.