Mobile World Capital fundazioaren “El ecosistema de spin-offs deep tech en España 2025” (Espainiako deep tech spin-offen ekosistema 2025) txostenak Euskadiri bosgarren postua esleitu dio unibertsitateetatik eta ikerketa zentroetatik sortutako enpresen inkubazioari dagokionez (estatuko guztizkoaren % 7,1). Eskualdeko spin-offen ekosistemak urtero 119 milioi eurotik gora fakturatu eta balio handiko 1.566 lanpostu sortzen ditu. Euskadiko unibertsitateetatik eta ikerketa zentroetatik sortutako spin-offak honako arlo hauetan espezializatzen dira: bioteknologia (% 20); IKT (% 18,7); energia eta baliabideak (% 17,3); eta industria (% 17,3).
Euskadi deep tech spin-offen inkubazioko bost eskualde liderren artean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/19
Mobile World Capital fundazioaren El ecosistema de spin-offs deep tech en España 2025 (“Espainiako deep tech spin-off delakoen ekosistema 2025”) txostenaren arabera, deep tech spin-offak sortzen dituzten eskualdeen bosgarren postuan dago Euskadi. Unibertsitateetatik eta ikerketa zentroetatik sortutako enpresen inkubazioan erkidegoak duen egitekoa agerian utzi du azterlanak; izan ere, 75 spin-off daude aktibo.
Spin-offen euskal ekosistemak balio handiko 1.566 lanpostu sortu eta urtean 119 milioi eurotik gora fakturatzen ditu. Enpresa horiek sektore estrategikoetan espezializatuta daude, hala nola bioteknologian, informazioaren eta komunikazioaren teknologian, energia eta baliabideetan eta 4.0 industrian, eta lurraldearen indar zientifiko eta industriala agerian uzten dute.
Maila nazionalean, berriz, azterlanaren arabera deep tech spin-offen kopuruak % 3,6 egin du gora azken urtean; 1.007 enpresa aktibo daude, baterako fakturazioa 1.400 milioi eurokoa dute eta balio handiko 13.456 lanpostu dituzte.
Datu horiek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), BIC Gipuzkoak eta Mobile World Capital Barcelona fundazioak lankidetzan antolatutako ekitaldi batean aurkeztu dira, The Collider programaren bitartez, Donostiako Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan. Ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Ane Miren de Ariño Ochoa, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotzearen zuzendaria; Aitzol Ezeiza, Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziako zuzendaria (EHU); eta Albert Mascarell, Mobile World Capital Barcelona fundazioaren Transferentzia Teknologikoa arloko zuzendaria.
Ekitaldian zehar, Albert Mascarellek Euskadiren garrantzia azpimarratu du berrikuntzaren mapa nazionalean: “Ikerketa zentroetan eta unibertsitatean dago gero eta gehiago oinarri zientifikoko soluzio berritzaileak eskaintzen dituzten enpresen sorburua, batez ere osasunaren, energiaren eta bioteknologiaren arloko sektore estrategikoentzat, besteak beste. Euskadi da ekosistema berritzailea aberasten duen ekintzailetza eredu berritzaile horren eragile nagusietako bat”.
Bestalde, Ane Miren de Ariño Ochoak “transferentzia teknologikoaren aldeko apustu instituzionala” azpimarratu du, "gure industria teknologikoki punta-puntako eredu dinamiko, lehiakorrago eta etorkizuneko belaunaldientzat kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handiagoa duen azeleragailu bihurtzeko. Hori guztia, aurten abiarazi dugun Euskadi 2030 Industria Planarekin lerrokatuta dago".
Halaber, EHUko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziako zuzendari Aitzol Ezeizak unibertsitateek ekosistemaren barruan duten garrantzia azpimarratu du. Euskal Herriko Unibertsitatea da eskualdeko unibertsitate nagusia spin-offak sortzen “EHU ezaguna da bere ekoizpen zientifiko teknologikoagatik eta inguruko eragileekin duen lankidetza estuagatik; eta jarduera horren adierazletariko bat da oinarri teknologikoko spin-offen sorrera. Sinergia horien emaitza da, hain zuzen ere, Multiverse Computing, aurten 25 urte bete dituen Entreprenari programan ibilbidea hasi zuena. Entreprenari programa BIC Gipuzkoa eta EHUk lankidetzan sustatutako ekimen bat da, eta ikertaldeei laguntzen die emaitza transferigarriak hautematen eta spin-off bihurtzeko potentziala duten teknologiak baliarazten eta balidatzen; horren bidez, indartu egiten da jarduera teknologikoaren eta enpresa berrien sorreraren arteko lotura”.
Euskadik irtenbide berritzaileak sortzeko duen gaitasunaren eredu diren spin-off desberdinen mahai inguru bat ere izan da: SURPHASE, HEVEA3D, SORBMETRICS eta NEMAHEALTH (Katalunia). Azken bi horiek Mobile World Capital Barcelona fundazioaren The Collider programan parte hartu dute; horren bidez, transferentzia teknologikoa sustatzen da, proiektu zientifikoei merkaturatzeko bidean lagunduz.
