Euskal Herriko Unibertsitateak hartu du Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eratzeko bilera
Egitura berriak erabat eraldatzen du organoa aurrekoaren aldean, zeinen eremua Estatuko Administrazio Orokorrarena baino ez zen
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/03
Euskal Herriko Unibertsitateak Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eratzeko bilera jaso du gaur arratsaldean Donostiako Miramar Jauregian.
Bilerak Hizkuntza Ofizialen Kontseilu berria eratzeko balio izan du. Kontseiluan autonomia-estatutuetan aitortutako hizkuntza propioak dituzten autonomia-erkidegoetako ordezkariak eta erakunde garrantzitsuak sartu dira. Osaera berria 2025eko irailaren 26ko BOEko 232. zenbakian argitaratu zuen Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak, eta erabat eraldatzen ditu organo horren forma eta funtsa aurrekoarekin alderatuta, zeinaren eremua Estatuko Administrazio Orokorrarena baitzen soil-soilik.
Deialdiak honako hauek bildu ditu: Kooperazio Autonomiko zuzendari nagusi eta Kontseiluko presidente Rafael Briet eta Estatuko administrazioko hainbat kide; Sonia Rodríguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako, akademietako eta hizkuntzen institutuetako ordezkari batzuk. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea ere izan da.
Hizkuntza Ofizialen Kontseilua
2008ko urtarrilaren 28an, Estatuak Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eta Hizkuntza Ofizialetarako Bulegoa sortu zituen, herritarren hizkuntza-eskubideei arreta hobea emateko. Denbora horretan, Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluak zortzi bilera egin ditu.
2018. urtetik aurrera, bultzada berezia izan du, hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoak gonbidatu baititu bileretara, bai eta, pixkanaka, arlo horretan garrantzitsuak diren eragile berriak ere, hala nola erakunde publikoak, akademiak edo hizkuntza-institutuak, hitzarekin baina botorik gabe. Horregatik onartu zen irailean organo berria sortzea.
ILENIA proiekturako txanda
Administrazioko ordezkariak Miramar Jauregian izango direla aprobetxatuz, bihar, asteartea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroak jardunaldi bat antolatu du teknologia digitalei eta hizkuntza-azpiegiturei buruzkoa. Jardunaldian, estatuko ekimen publikoak, adimen artifizialak eta hizkuntzaren teknologiak duten eraginari buruzko txostena eta ILENIA Proiektuaren barruan garatutako erakusle eta prototipo batzuk aurkeztuko dira.