Euskampus Bordeaux Eguna 2026
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2026/10/15 Noiz arte: 2026/10/16
Kokapena
Gipuzkoa
Deskribapena
Urriaren 15ean eta 16an, Irungo FICOBA erakustazokan Euskampus Bordeaux Egunaren aurtengo edizioa izango da, Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko komunitatearen urteroko topaketa. Aurten ‘Zubiak josten’ lelopean izango da, iazko etenaldiaren ondoren: aurreko edizioa 2024ko urrian izan zen Bordeleko Unibertsitatean, eta Mugaz Gaindiko Campusaren hamargarren urteurrena ospatu zen.
*Komunikabideetarako deialdia: irekiera-saioa, urriaren 15ean, osteguna, 11:30ean, FICOBAko (Irun) auditoriumean. Elkarrizketak egiteko eta irudiak hartzeko aukera (baieztatzeke).
Bi egunez, mugaren bi aldeetako unibertsitate, ikergune, enpresa, erakunde eta lurralde eragileetako ia 300 lagun bilduko dira proiektuak partekatzeko, konexio berriak sortzeko eta Euskadi, Akitania Berria eta europar espazioaren arteko loturak eratzen hamabost urte baino gehiago daramatzan mugaz gaindiko komunitatea indartzen jarraitzeko.
Topaketan, honako hauek izango dira partaide: Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburua; Françoise Jeanson, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko presidenteordea; Dean Lewis, Bordeleko Unibertsitateko (UB) presidentea; Joxerra Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea; Ricardo Díez, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendari nagusia; eta Jesús Valero, Tecnaliako CEOa.
“Urtebeteko etenaldiaren ondoren, Euskampus Bordeaux komunitatea mugan berean bilduko da berriro, hor ulertzen baita hobekien guk egiten duguna: muga topagune bihurtzea. Mugaz gaindiko campusa pertsonen, laborategien eta proiektuen sare bizia da, eta ekarpen handia egin diezaieke bai Makroeskualde Atlantikoari, bai Europari”, adierazi du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak.
Irun, loturak josteko lekua
Edizio honetako egoitza izateko Irun aukeratzea karga sinboliko handiko erabakia da. Muga betean, eta Bidasoa ibaiaren gaineko Santiago zubitik metro gutxi batzuetara, Irun lurraldeen arteko lotune, topagune eta pasagune da.
Ikuspegi horretatik begiratuta, 'Zubiak josten' leloak metaforatik haratagoko begirada proposatzen du: beste ezer baino gehiago, pertsonak, ezagutzak, diziplinak, elkarteak, erakundeak, kulturak eta hizkuntzak lotzen dituen komunitatea da mugaz gaindiko campusa.
Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011. urtean sortu zen EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak bultzatuta eta Tecnalia eta DIPC zentroekin batera; gaur egun, campusa ekosistema bat da, eta mugak lankidetzan aritzeko eta ezagutza nahiz inpaktua sortzeko aukera bihurtzen ditu.
Cristina Laborda Irungo alkateak harrera egin ostean, irekiera-saioan Mugaz Gaindiko Campusaren hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ezagutaraziko da. Une garrantzitsuenetako bat Mugaz Gaindiko Lankidetzako Laborategi (LTC) berriaren iragarpena izango da, Jean-René Cazalets Bordeleko Unibertsitateko Ikerketako presidenteordearen eta Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordearen eskutik. Laborategi berriaren xehetasunak topaketan zehar aurkeztuko dira eta, aurrerago, komunikazio berezi batean jakinaraziko dira.
Hurrengo saiorako 30 poster eta bideoak prestatu dira, ibilbide murgiltzaile gisa, hiru ataletan antolatuta: Care, Learn eta Transform; osasunaren, hezkuntzaren eta trantsizio energetikoaren arloetako proiektuak biltzen dira, hurrenez hurren, atal horietan.
Jarraian, edizio honetako zazpi proiektu enblematikoak aurkeztuko dira, lankidetza honek izan ditzakeen bideen aniztasunaren adierazgarri.
Besteak beste, ENLIGHT Thematic Network – ETN IMPULSE proiektua, ENLIGHT Europako aliantzak mugaz gaindiko lankidetza indartzeko duen potentziala aztertzeko; Double Master in Polymer Science proiektua, Erasmus Mundus master bat lortzera bideratuta; 1800. urtean Wilhelm von Humboldtek Euskal Herrian barrena egin zuen bidaia berreskuratzeko mugaz gaindiko esperientzia, artea, hezkuntza eta historia uztartuta; eta ECT+, Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and Toxicology masterra, Joint European Degree Label zigilua lortzeko bidean doana. Programazioaren barruan sartzen dira, halaber, Urpekari ekimena, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak robotikari buruzko euroeskualdeko erronka baten bidez lotzen dituena; LTC CoMorPD, kotutoretzan egindako doktorego tesi batetik sortua eta neurozientzian nazioarteko elkarlana sortzera bideratuta; eta LTC Incubator EkoSoziLab, ekonomia sozialari ikuspegi indibidual batetik, antolamenduzko eta euroeskualdeko ikuspegi batetik begiratzen diona.
Hizkuntzetatik eta lurraldetik ere eraikitzen den campusa
Topaketak, halaber, Euskampusen funtsezko ezaugarrietako bat agerian utziko du: askotarikoa eta eleaniztuna dela. Euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa lingua franca gisa erabiltzen diren testuinguru batean, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa eta horren gaineko sentsibilizazioa lankidetza honen nortasunaren parte dira. Hizkuntzak mugak zeharkatzeko, konfiantza sortzeko eta komunitatea eratzeko tresnak ere badira.
Urriaren 15eko arratsaldean, bisitaldi kulturalei esker, parte-hartzaileek lurraldeko hainbat espazio ezagutzeko aukera izango dute: Château Observatoire Abbadia, Hendaian, eta Albaola Itsas Kultur Faktoria eta MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, Pasaian. Mugaren bi aldeetako zientzia, kultur eta itsas ondarea ezagutzeko aukera ezin hobea.
MT173: zortzi proiektu, 173 segundo eta konexio berriak
Urriaren 16an, eguna hasteko, LTC komunitatearen topaketa bat eta aldebiko bilera tematikoak antolatu dira, eta mugaz gaindiko lankidetzak ekimen zehatzak sortzeko duen gaitasunari erreparatuko zaio. Amaierako osoko saioaren une garrantzitsuenetako bat MT173 izango da: mugaz gaindiko zortzi proiektuetako bakoitzak 173 segundo izango dituzte zer erronka lantzen duten, zer proposatzen duten eta lurraldeen arteko lankidetzaren balioa zein den hiru minutu eskasean laburbiltzeko.
Mahai-inguru bat ere izango da unibertsitateek Makroeskualde Atlantikoari egiten dioten ekarpenari buruz; moderatzailea Jordi Campàs Euskampus Fundazioaren zuzendari laguntzailea izango da, eta partaideak, berriz, Arola Urdangarin (Eusko Jaurlaritza), Mathieu Bergé (Akitania Berriko Eskualde Kontseilua), Marian Elorzak (eAtlantic Fundazioa), Gotzone Barandika (EHU) eta Dominique Rebière (Bordeleko Unibertsitatea).
Amaiera instituzionalaren ondoren, ginga VERDINI dantza-taldeak jarriko dio egitarauari; dibertsitate funtzionala duten pertsonek osatutako dantza garaikideko talde donostiarra da.
Euskampus Bordeaux Eguna 2026, beraz, unibertsitateen, lurraldeen eta gizartearen arteko zubiak mugaren alde banatan josten jarraitzeko ekimena da.