FEUSEk bere 30. urteurrena ospatuko du Farmazia Fakultatean
- Ekitaldia
Noiz eta non
2025/10/22, 12:00
Kokapena
Ekitaldi Aretoa - Farmazia Fakultatea
Paseo de la Universidad 7. -01006- Vitoria-Gasteiz (Araba)
Deskribapena
Farmazialari Euskaldunen Elkarteak (FEUSE) bere 30. urteurrena ospatuko du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia Fakultateak antolatutako ‘Asteazken Kulturala’ jardunaldian parte hartuz. Ekitaldira bertaratuko dira EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea, Igone Zabala Unzalu andrea, Farmazia Fakultateko dekano andrea, Mirari Ayerbe Díaz, Farmazia-antolamenduko zerbitzuburua, Isabel Elizondo López de Landache, FEUSEko lehendakariordea, Sonia Saez de Buruaga, diruzaina Estibaliz Goienetxea, idazkaria Xabier Astiz eta Gipuzkoako Farmazilarien elkarteko kide den Izaro Oyarbide eta Bizkaiko Farmazilarien elkargoko kidea den Laida Sarmiento.
Ekitaldi honek euskararen presentzia eta erabilera farmazia arloan balioan jartzea du helburu, eta ikasleei zein farmazialari profesionalei zuzendurik dago. Antolakuntzak programa erakargarri bat prestatu du, teknologia berrien dibulgazioa eta hausnarketa linguistikoa uztartuz.
Programa
Jardunaldia FEUSEren aurkezpenarekin hasiko da. Elkartearen ibilbidea errepasatuko da bertan, azken 30 urteetan izandako ekimenak eta euskararekiko konpromisoa azpimarratuz.
Ondoren, Maite Oronoz irakasleak —EHUko Hizkuntz eta Sistema Informatikoen Sailekoa— adimen artifizialari buruzko hitzaldia eskainiko du. Gai hau osasun- eta zientzia-arloetan duen aplikazioaren ikuspegitik landuko da.
Bukatzeko, mahai-inguru bat egingo da: ‘Euskara farmazia arloan: zergatik da garrantzitsua?’ gaia ardatz duela. Bertan lau farmazialari euskaldunek parte hartuko dute, beren esperientziak partekatuz eta lanbidean euskarak duen garrantziaz hausnartuz.
Jardunaldi honekin, FEUSEk sendotu egiten du farmazia arloan euskararen sustapenarekiko duen konpromisoa, kultura, ezagutza eta profesionalizazioa ikuspegi integratzaile eta gaurkotu batetik bultzatuz. Halaber, ikasleak elkartearekiko hurbiltzea ere bilatzen du, belaunaldien arteko harremanak indartuz eta farmazialari euskaldunen arteko loturak sendotuz.