euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Leire San-Jose

Futboleko dilemak: Espainiako Ligan, kirol sozietate anonimoen aurrean klubek lortutako arrakastak

Ekonomia finantzarioa II Saileko katedraduna eta ECRI (Ethics in Finance & Social Value) taldeko zuzendaria

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/18

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Espainiako kirolaren industria ez dute soilik pasioak, betetako estadioek eta milioika euro mugitzen dituzten emankizunek osatzen. Izan ere, BPG nazionalaren % 3,3 ere biltzen dute. Baina sektore hori etengabeko dilema batean sartuta dago: Zeri eman lehentasuna... errentagarritasun ekonomikoari edo kirol arloko arrakastei? Gaia ez da gaurkoa. 1990ean, Kirolaren 10/1990 Legea zela eta, klub gehienek kirol sozietate anonimo (SAD) bihurtu behar izan zuten txapelketak bideragarriak izatea zalantzan jartzen zuen zor handiari aurre egin ahal izateko. Lau erakundek bakarrik (FC BartzelonaReal MadrilAthletic Club eta Osasuna) lortu zuten haien klub mailako elkarte ereduari eustea, orduan zergarik gabeko kontuak zituztelako.

Argi zegoen lege haren asmoa: finantza arloko diziplina ezartzea eta gero eta zor gehiago zituen sektorearen iraunkortasuna bermatzea. SAD bihurtzearen helburua erantzukizun ekonomikoa lehentasun bihurtuko zen kudeaketa eredua lortzea zen.

Baina zer diote datuek?

Klubaren eredua benetan SADena bezain eraginkorra ez dela egiaztatzeko, Espainiaren kasua aztertu dugu. Horretarako, LaLigako talde guztiak aztertu ditugu 11 denboralditan zehar, hiru dimentsio neurtuz:

  1. Kirol eraginkortasuna, inbertitutako baliabideei dagokienez futbol zelaian lortutako errendimenduarekin lotuta.
  2. Eraginkortasun ekonomikoa, diru sarrerak sortzeko eta gastuak kontrolatzeko gaitasunarekin lotuta.
  3. Eraginkortasun soziala, interes talde desberdinentzat (besteak beste, gizartearentzat, langileentzat edo zaleentzat) sortutako balioa jasotzen duena.

Azterketaren emaitzek erakusten dutenez, arlo ekonomikoan, ez dago alde nabarmenik kluben eta SADen artean. Beste era batera esanda: kirol sozietate anonimo bilakatzeak ez du finantza eraginkortasun handiagorik bermatzen.

Ondorio hori bereziki garrantzitsua da, 1990eko legearen helburu nagusietako bat, hain zuzen ere, erakundeen hauskortasun ekonomikoa zuzentzea baitzen. Baina, hamarkada batzuk geroago, zorrak gero eta handiagoak dira eta SAD ereduak ez du lortu Espainiako futbol profesionalak jasaten dituen arazo estrukturalak konpontzea

Kirol eta gizarte arloko dimentsioa

Ekonomia hutsetik harago begiratzean, aldiz, aldeak argiak dira. Klubak nabarmen eraginkorragoak dira kirol arloari dagokionez. Hau da, erabilgarri dituzten baliabideekin, futbol zelaian errendimendu hobea lortzen dute eta, gainera, eraginkortasun sozialeko maila hobeak dituzte; hau da, lanpostu gehiago sortzen dituzte eta gizarteari finantza baliabide gehiago bideratzen dizkiete zerga moduan, besteak beste.

Beste era batera esanda, kirol arloan arrakasta izateaz gain, eredu iraunkor, lehiakor eta bere oinarri sozialean sustrai sakonak dituena mantentzea posible dela erakutsi dute klubek.

Hain zuzen ere, Kirolaren 39/2022 Lege berriak horri buruzko aurrerapausoak eman ditu. Alde batetik, SAD bihurtzera behartuta egon gabe, arlo profesionalean klub gehiagori lehiatzeko aukera zabaldu die berriro. Horrek esan nahi du kirol klub berriak sortu ahal izango direla, elkarte formari eutsiz goi mailako dibisioetan lehiatu ahal izateko. Bestalde, zaletuek SADen gobernu organoetan duten parte hartzea areagotzeko mekanismo txiki batzuk jaso ditu Legeak. Neurri horiek errealak baino sinbolikoagoak dira, eta, zalantzarik gabe, ez dira nahikoa.

Kirol gobernantzaren etorkizuna

Etorkizuna gobernantza eredu hibridoetarantz aurrera eginez bakarrik uler daiteke. Eraginkortasun ekonomikoa, kirol lorpenak eta konpromiso soziala uztartzeko gai diren ereduetarantz egin beharko litzateke aurrera. Horietan, interes-talde ugariek (baina, bereziki, zaleek) benetako rola bete beharko lukete, eta ez soilik lekukotasun hutsekoa. Horrela bakarrik egin ahal izango zaie aurre egungo kirol industriaren agendan jasota dauden erronkei: inbertsio funtsen eta multijabetzaren sarrera, klub historikoen nortasuna galtzeko arriskua eta nazioarte mailan kirol lehiakortasuna mugatzen duten finantza iraunkortasunarekin lotuta gero eta handiagoak diren eskakizunak.

Klubak SADak bezain eraginkorrak edo eraginkorragoak izan daitezke, eta ez soilik kirol mailan, baita dimentsio sozialean ere. Garrantzitsuena ez da haien etiketa juridikoa, finantza arloko iraunkortasuna, kirol arrakastak, legitimitatea eta konpromiso komunitarioa bateratzen dituen gobernantza egiturak eraikitzeko gaitasuna baizik. Horixe bera da erronka nagusia: kluben oinarri soziala bizirik mantentzea eta, aldi berean, gero eta eskakizun maila handiagokoa den merkatu globalean horien lehiakortasun maila bermatzea.