G-9 Taldeko unibertsitateetako kudeatzailetzek urte anitzeko finantzaketako ereduak izatearen garrantzia azpimarratu dute
G-9 Taldeko kudeatzailetzen arloko batzordea atzo eta gaur, irailak 23 eta 24, egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/24
Unibertsitateen G-9 Taldeko kudeatzailetzen arloko taldea, atzo eta gaur, irailak 23 eta 24, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) bilduta, gogoetan aritu da taldeko unibertsitateek datorren urterako duten aurrekontu-egoerari buruz, eta nabarmendu du urte anitzeko finantzaketako ereduak izatearen garrantzia erakunde horiek epe luzean proiektuak garatzeko gaitasuna izan dezaten. Eredu horiek, Ignacio Villaverde Menéndez Oviedoko Unibertsitateko errektore eta arloko batzordeko buruaren arabera, “ziurtasuna” ematen diete unibertsitateei.
Bestalde, arloko batzordean aztergai izan dute campus digital partekatuaren arrakasta. Campusak prestakuntza ematen die ikasle, irakasle eta TEKAZELei (teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak). Arloko batzordean egiaztatu denez, datu onak direla-eta beste erakunde batzuek interesa dute campusean.
Zehazki, TEKAZELentzako prestakuntza hazi egin zen bai postu kopuruan (2025eko 4.140 postu 2024ko 3.300 posturen aldean, % 25 gehiago) bai inskripzio kopuruan ere, 6.194 postu izatetik 2025eko 2.000 postutara (osotara 8.194 postu, % 32 gehiago). Bestalde, ikasle eta irakasle berrientzat eskaintzen diren ikastaroen kopurua % 11 hazi da, eta ikaspostu kopurua, berriz, % 21 (20 ikastaro eta 1.200 ikaspostu, hurrenez hurren). Bi talde horiei zuzendutako ikastaroetan izena emateko epea irekita dago urriaren 3ra arte, eta TEKAZELentzako eskaintza urtarrilean aurkeztuko da.
Bilerako parte-hartzaileak eta instalazioetarako bisita
Taldeko unibertsitate guztietako kudeatzailetzen ordezkariek parte hartu dute bileran: Consolación Hernández Guerra (Balear Uharteetako Unibertsitatea), Santiago Fuente Sánchez (Kantabriako Unibertsitatea), Tomás López Moraga (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), Juan Francisco Panduro López (Extremadurako Unibertsitatea), Carlos Mayoral Hernández (Errioxako Unibertsitatea), José Ignacio Grana Fernández (Oviedoko Unibertsitatea), María Dolores Almagro Sánchez (Murtziako Unibertsitatea), Javier Varona Guaras (Euskal Herriko Unibertsitatea), Alfonso Peña Ochoa (Zaragozako Unibertsitatea), Mar González Paredes eta Benigno Gómez López (NUPeko kudeatzailea eta Giza Kapitalaren Plangintzako kudeatzaileordea); eta Jorge Martín Castro Unibertsitateen G-9 Taldeko idazkari nagusia.
Arloko batzordearen bileraren esparruan, bileran parte hartu dutenek, besteak beste, Green Smart & Sustainable Campus proiektuaren barruan Nafarroako Unibertsitate Publikoak jarri dituen panel fotovoltaikoak bisitatu dituzte, baita ikasleentzako elkarlanerako guneak ere (Open Space edo Arrainontzia), eta NUPeko Aldi Baterako Administrazio Unitateen funtzionamendua ere ezagutu dute.
Mar González topaketaren erakunde anfitrioia den NUPeko kudeatzaileak nabarmendu du “praktika onak bateratzen dituzten gisako horretako bileren balioa, interes komun eta partekatuko proiektuak sortzen aurrera egiten da eta 28 urte baino gehiago dituen unibertsitate publikoen elkarte batean erakundeen arteko lankidetza indartzen da".
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, azken hirurak entitate laguntzaile gisa.